1968 Gipuzkoa salbuespen egoeran

2018/12/04

1956 eta 1975 artean hamaika salbuespen-egoera izan ziren Estatu Espainolean. Horietatik sei Euskal Herrira mugatutakoak eta bi Gipuzkoan (1968an eta 1970ean).

50 urte bete dira 1968ko abuztuaren 3ko salbuespen-egoera ezarri zutenetik. Salbuespen-egoera hori beste hiru hilabetez luzatu zuten urriaren 31n, eta jarraian, 1969ko urtarrilaren 24an, Estatu osoan ezarritakoa etorri zen. Horrela, gipuzkoarrek zortzi hilabete egin zituzten jarraian salbuespenezko egoera horretan; ezaugarri nagusia oposizio aktiboenaren aurkako errepresio orokorra izan zen, eta egunerokoak ziren etxebizitzen miaketak, atxiloketa masiboak, erbesteratzeak eta tortura-kasuak.

Eskura izan dugun dokumentazio historikoa erabilita, Aranzadi Zientzia Elkarteko, Kriminologiaren Euskal Institutoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikerlarik (besteak beste, Paco Etxeberriak, Jon Mirena Landak eta Javier Bucesek) lan monografiko bat egin dute, 1968ko salbuespen-egoera adierazi ostean, Gipuzkoan gertatutakoa ezagutarazi nahi duena. Ordutik aurrera, erregimen diktatorialaren errepresioa eta metodoen gogortasuna esponentzialki hazi ziren, batez ere, Gipuzkoako garai hartako mugimendu antifrankista aktiboenaren aurka: abertzaletasuna eta independentismoa, hain zuzen ere.

Nostalgia errepresibo eta jazarpen ideologiko moduko bat izan zen, eta haren bidez, diktadurako polizia eta epaile- indarrek orokortu egin zituzten berriz ere “gorri separatista” eta “euskaldun separatista” salaketak. Urte batzuk lehenago, milaka euskaldun salaketa berdinekin kondenatu zituzten heriotza-zigorrera, hamarkadatako espetxealdira, bortxazko lanetara eta erbestera.

Liburu honen ikerketa artxibotan, prentsan eta frankismoaren aurkako alderdi politikoen eta sindikatuen barne-buletinetan egindako lanaren bidez egin da,  eta baita testigantzei eginiko elkarrizketetan ateratako informazioarekin. Salbuespen-egoera indarrean jarri zenetik errepresaliatutako 279 pertsona identifikatu dira. Horietatik 56 erbesteratu egin zituzten, Ordena Publikoaren Tribunalak (gazteleraz TOP izenarekin ezagutzen zena) 107 prozesatu zituen, eta gutxienez 21 gerra-kontseiluetan kondenatu zituzten. 79 pertsonek salatu dute 1968an Gipuzkoan torturak edo tratu txarrak jasan izana; horietatik 47 salbuespen-egoera ezarri ondoren atxilotu zituzten.

Liburuaren autoreak:

  • Paco Etxeberria, Kriminologiaren Euskal Institutoa (EHU), Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologia fisikako zuzendaria.
  • Jon Mirena Landa, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendaria.
  • Javier Buces, Aranzadiko historialaria.
  • Juantxo Egaña, argazkilaria.

Datozen aurkezpenak:

  • Abenduak 7 – Durangoko Azoka 15:00
  • Abenduak 10-  Aieteko Jauregia 19:00

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net