642 ikaslek parte hartu dute Zero Zabor tailerretan

2013/06/28

Aurten Lehen Hezkuntzako 642 ikaslek parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ikastolen Federazioak, Kristau Eskola elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak ikastetxeetan antolatutako Zero Zabor programan. Lehen ikasturte honetan hiru tailer mota eskaini dira.

Batetik, Zero Zabor Hamaiketakoan, haurrek sortzen duten hondakin motak eta kopurua aztertu eta hondakin horiek gure ingurumenean duten eraginaz gogoeta egin dute. Bestetik, Konpost Tailerrean, materia organikoa zer den eta nola konpostatzen den ikasteaz gain, ikastetxean konpostagailua jarri dute haurrek. Azkenik, Txekeo Tailerrean ordura arte ikasitakoaren eta egindakoaren balorazioa egin dute. Hiru tailer hauek Kristau Eskolaren lau ikastetxetan (Oñatiko Elkar Hezi, Azkoitiko San Jose Floreaga, Andoaingo La Salle Berrozpe eta Donostiako Jesuitinak) eta Ikastolen Federazioaren hirutan (Zarauzko Salbatore Mitxelena, Ibarrako Uzturpe eta Azpeitiko ikastola) egin dira aurten, Aranzadiko teknikarien gidaritzapean. Helburua garbia da: kontzientziazioa areagotzea, eta haurrek eta gazteek ohitura egokiak hartzea hondakinen alorrean, prebentzioaren eta birziklapenaren ildotik.

Programaren balorazioa egiteko gaur eskainitako prentsaurrean, Ainhoa Iraola Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak arrakastatsutzat jo du esperientzia: “Tailerrek oso harrera ona izan dute hezkuntza komunitatean, bai ikasleen artean, bai irakasleen artean, baita gurasoen artean ere; interesa sortu dute”. Iraolak esan duenez, Foru Aldundia harremanetan da sare publikoarekin Zero Zabor programa ikastetxe hauetara ere eramateko.

Programaren diseinua eta dinamizazioa Aranzadi Zientzia Elkartearen ardura da, eta haren izenean, Juantxo Agirre Mauleon idazkari nagusiak ere oso balorazio ona egin du: “Datorren urtean 15 edo 20 eskoletara iritsi nahi dugu; hau da, 1.500 edo 1.700 ikaslerengana. Ez hori bakarrik: 2013-1014 ikasturtean DBHrako sekuentzia didaktikoa abian jarriko dugu, esperientzia pilotu moduan, Oñatiko Elkar Hezi kristau eskolan eta Ibarrako Uzturpe ikastolan”,

Hain zuzen ere, Elkar Heziko zuzendari Juankar Olaetak adierazi duenez, “ekimen hau eredugarria da; lankidetza duelako oinarri, batzen gaituenetik abiatu garelako eta materiala ere elkarrekin sortu dugulako. Beste alderdi bat ere nabarmendu nahi nuke: materialak pentsatzeko balio du, espiritu kritikoa lantzeko, edozein dogmakeriatatik kanpo”.

Ainhoa Iraolak adierazi du Gipuzkoako jendartea, poliki-poliki, pausoak ematen ari dela Zero Zabor norabidean: “Kontzientziazioa zabaltzen ari da, praktikak eta ohiturak ere aldatzen ari gara, gero eta erakunde eta elkarte gehiago neurri zehatzak eta eraginkorrak hartzen ari dira zabor gutxiago sortzeko eta ahalik eta gehien birziklatzeko”.  Hurrengo erronka 2016an %60 birziklatzea dela gogorarazi du Iraolak: “Horregatik, Gipuzkoako jendarteari, eragile ekonomiko, politiko eta sozialei, komunikabideei, norbanakoei… dei egin nahi diegu berriro ere konpromisoa hartzeko, denon artean hiru urte barru sortutako hondakinen %60 birziklatzea lor dezagun”.

Gogoan izan Zero Zabor programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ikastolen Federazioak, Kristau Eskola elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sinatutako hitzarmenaren ondorioa dela, urtebeteko iraupena duela, baina beste bi urtez luzatzeko asmoa dutela lau erakundeek.

PRENTSAURREAREN BIDEOA

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net