Artikutzak bere mendeurrena ospatuko du Aranzadiren eskutik

2019/09/27

Aurten dira ehun urte Donostiako Udalak Artikutzako finka erosi zuela.

Mendeurrena ospatzeko ekitaldien artean, naturari eta historiari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak. Urriaren 3an eta 4an izango dira, San Telmo museoan. Gainera, hilaren 5ean, ibilaldi gidatu bat egingo da, Donostiaren jabetzakoa den Nafarroako enklabe horren natur aberastasuna ezagutzeko.

Ekologiako zinegotzi Enrique Ramosek enklabe natural horren balioa nabarmendu du: Artikutza naturaren altxor bat da. Gaur egun, Donostia haren titular dela mendea bete den honetan, balio naturalistiko handiko enklabea da, Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremutzat joa (2015). Gainera, kudeaketa plan bat ere badu, eta haren barruan zehaztuta daude finkaren kontserbazio egoera eta, batez ere, balio naturalistiko handikoak diren elementuak babesteko neurriak.

Herritarrek Artikutzako natura balioak ezagutzeko antolatu diren jardunaldiotan, Aranzadiko adituek eta unibertsitateko irakasleek hartuko dute parte. Izan ere, Aranzadiko Alberto Castro biologoak eta Suberri Matelo etnografoak koordinazio lanetan ibili dira azken hilabeteetan zehar. Castroren hitzetan, Artikutzak “aparteko balio ekologikoa du,  100 urte baitaramatza esplotatu gabe eta bioaniztasuna ikertzeko laborategi natural egokia bihurtu da.” Matelok erantsi du “Artikutzan giza presentzia etengabea izan dela, eta azken mendean, udalaren erosketaren ondorioz, gizakia eta naturaren oreka onuragarria mantendu da”.

Egitaraua


Urriaren 3an, ostegunarekin, Artikutzako errekei buruzko hitzaldi bat emango du EHUko irakasle batek, eta, haren atzetik, Aranzadiko adituek finkako landareei eta basoaren egoerari buruz hitz egingo dute. Eguna osatzeko, hainbat hitzaldi izango dira Artikutzan dauden onddo, ornogabe, anfibio, narrasti, hegazti eta ugaztunei buruz, eta mahai inguru bat ere egingo da enklabeko natura dibertsitatearen inguruan.

Urriaren 4an, ostiralean, gai hauek jorratuko dira: klima, lurzoruen kudeaketa, aztarna megalitikoak Artikutzan, iraganeko meatzaritza eta burdinolak, finkatik igarotzen zen trenaren historia eta Donostiako ur hornidurari buruzko historia.

Urriaren 5eko ibilaldia 8:15ean abiatuko da Donostiako Okendo kaletik, edo zuzenean Exkax atetik, 9:15ean. Elkargune horretatik herrixkara jaitsiko dira han bildutakoak, eta bidean kontserbazio bereziko eremu horren balio natural eta historikoak ezagutuko dituzte. Bisita 15:00etan amaituko da, eta ibilaldira joandakoak hirira itzuliko dira. Ibilaldi gidatua doakoa izango da, eta parte hartu nahi dutenek artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatzi, 620337875 telefono zenbakira deitu, edo esteka honen bitartez izena eman dezakete.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net