Gipuzkoako hainbat ikastetxek Zero Zabor programa bat izango dute

2012/10/10

Aranzadik, Ikastolen Elkarteak, Kristau Eskola elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute gaur.

Aranzadi zientzia elkarteak, Ikastolen Elkarteak, Kristau Eskola elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute gaur goizean Foru Aldundiaren Jauregian, eskoletan Zero Zabor programa bat abian jartzeko. Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren aurkezpenaren ondoren, Francisco Etxeberria Aranzadiko lehendakariak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Mikel Ormazabal Kristau Eskola elkarteko zuzendariordeak eta Martin Garitano diputatu nagusiak sinatu dute hitzarmena.

Hitzarmenak dioenez, hondakinak arazo global bihurtu dira, eta arazo larri horri aurre egiteko, Zero Zabor filosofia planteatzen da; hau da, herri administrazioen, enpresen eta jendartearen inplikazioaz, hondakinen arazoari jatorritik aurre egitea. Hitzarmenaren sinatzaileak bat datoz ikuspegi honekin, eta ildo horretatik, eskoletan zero zabor programa bat gauzatzeko konpromisoa hartu dute.

Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Aranzadi zientzia elkarteak sekuentzia didaktiko bat prestatuko du, eskoletan lantzeko, eta hezkuntza materialak, jarduerak eta tailerrak ere diseinatuko ditu. Hitzarmenak urtebeteko iraupena du, esperientzia pilotuak egingo dira 2012-2013 ikasturte honetan bertan, eta gero, hitzarmena luzatuta, zabaldu egingo litzateke ekimena. Bai Ikastolen Elkarteak bai Kristau Eskolak txertatu egingo dute programa hau beren jardunean.

Gaur goizeko ekitaldian, Francisco Etxeberriak gazteak alor honetan hezi beharraren garrantzia nabarmendu du: “Hondakinak ez metatzea etorkizunean errealitate izatea nahi badugu, gazteek kontzientzia har dezaten lortu behar dugu”. Alde horretatik, Aranzadiko ingurumen arloko teknikarien laguntza ematea pozgarria dela adierazi du Etxeberriak.

Koldo Tellituren hitzetan, iraunkortasuna hezkuntza mundu osora hedatzen ari da eta horregatik, ideia horretan oinarritutako sekuentzia didaktiko bat egitea erabat egokia da. “Hondakinen kudeaketan aurrerapausoa ematen ari gara”, adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Azken ideia horri heldu dio Mikel Ormazabalek ere: “Ingurumen arloan, Agenda 21en haritik lan egin dugu udalekin, eta orain hondakinak ekarriko ditugu mahai gainera. Programa hau ona da”.

Martin Garitano diputatu nagusiak adierazi duenez, bestalde, “hitzarmenak agerian uzten du Gipuzkoako jendarteak gero eta kontzientzia handiagoa duela hondakinen arazoari zentzuzko irtenbidea eman eta ingurunearekin errespetu handiagoaz jokatu beharraz. Herritarrek gero eta garbiago dute ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta sortutakoa berrerabiltzea eta birziklatzea dela konponbidea”. Foru Aldundiak eta beste hiru erakundeek instituzioak eta gizarte eragileak ados jar daitezkeela eta jendarte osoarentzako ekimen onuragarriak gauza ditzaketela agerian utzi dutela gaineratu du Garitanok.

Azkenik, Iñaki Errazkinek adierazi duenez, “Foru Aldundiak Gipuzkoako eragileekin elkarlanean jarraitzen du -gastronomia munduarekin, kontsumitzaile elkarteekin, nekazari eta arrantzaleekin, sagardogileekin… – mota honetako ekimenak gauzatzeko, Gipuzkoa garbi, eder eta iraunkorra egitea eta zero zabor lurralde bihurtzea baita gure erronka.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net