Otsailean zehar, Zero Zabor Eskolak programa Gipuzkoako bost ikastetxeetan jarriko da martxan

2014/02/06

Foru Aldundiak sustatutako Zero Zabor Eskolak programaren barruan, Aranzadi Zientzia Elkarteak DBHko ikasleekin lanean dihardu. Abenduan eta urtarrilean egindakoaren ildoa jarraituz eta hondakinen gaia ardatz hartuta, hainbat ikastetxek tailerrak martxan jarriko dituzte otsailean.

Aranzadik diseinatu eta ikastetxeko irakasleek gidatu dituzten jarduera hauetan bi tailer nabarmentzen dira: Zero Zabor Hamaiketakoa eta Hor-konpost!. Lehenengoan neska-mutikoak hondakinen kudeaketaz arituko dira, prebentziorako gako diren 3 B-ak landuz: Beheratu, Berrerabili eta Birziklatu. Horren ondoren, 4. B bat egingo dute: euren ohiturak Birpentsatu, eguneroko bizitzan hondakin gutxiago nola sor dezaketen proposatuz. Bigarren tailerra konpostari buruzko monografikoa da. Bertan, materia organikoa zer den, konpostagailura zer bota eta konpost egokia lortzeko berau nola zaindu ikasteaz gain, eskolan konposta egiteko aukera emango zaie.

Tailerretan metodologia aktiboak eta parte-hartzaileak erabiltzen dira, ikaslearengan fokatuak eta konpetentzietan oinarrituak, elkartasuna, lankidetza, pentsamendu kritikoa, ekintzailetasuna eta konpromisoa landuz.

Otsailean Zero Zabor Eskolak programa txertatuko duten ikastetxeak eta datak honakoak dira:

Talaia Eskola (Hondarribia). Otsailak 6, 12 eta13. ZZH tailerra.

Catalina de Erauso Ikastetxea (Donostia). Otsailak 7. ZZH tailerra.

Belaskoenea Ikastetxea (Irun). Otsailak 3, 10 eta 17. ZZH tailerra.

Txingudi Ikastola (Irun). Otsailak 19 eta 20. ZZH tailerra.

Jesuitinas Ikastetxea (Donostia). Otsailak 25 eta martxoak 4 eta 11. ZZH eta HK! tailerrak.

Zero Zabor Eskolak proiektuari buruzko informazio gehiago webgune honetan aurki daiteke.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net