Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeak eta Ibarrako Uzturpe ikastolak jaso dute Zero Zabor Saria

2013/11/20

Eskolan bertan konpostatzen dituzte biek sortutako hondakin organiko guztiak.

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen haritik, Zero Zabor Sariak banatu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurten, Oñatiko Elkar Hezi kristau eskolak eta Ibarrako Uzturpe ikastolak jaso dute saria. Aranzadi zientzia elkarteak, Ikastolen Federazioak eta Kristau Eskola elkarteak, Foru Aldundiaren laguntzaz, diseinatutako Zero Zabor programa garatzen ari dira Oñatiko eta Ibarrako ikastetxeak, eta ildo horretatik, lan ederra egiten ari dira -konpostajearen alorrean, besteak beste-. Ibarrako Uzturpe ikastolak hiru konpostagailu izan zituen martxan aurreko ikasturtean, bertako materia organiko guztia tratatzeko, eta Oñatiko  Elkar Hezi kristau eskolak organikoaren zati handi bat inguruko baserri batera eramaten du eta, gainera, konpostagailu bat ere badu ikastetxean. Bi ikastetxeetako haurrek Zero Zabor tailerretan parte hartu dute, eta aurten sekuentzia didaktioaren esperientzia pilotua inplementatzen ari dira. “Ikastetxe hauen lana eredugarria da, arduraz kudeatzen ari dira beren hondakinak, eta konpostatzeko ohitura zabaltzen ari dira. Zero Zabor Saria merezi dute”, azaldu du Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Zero Zabor norabidean, hezkuntza munduak konpromiso bikaina hartu duela adierazi du Errazkinek. Eta duela urtebete, Zero Zabor programa bat garatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi zientzia elkarteak, Ikastolen Federazioak eta Kristau Eskola elkarteak sinatutako hitzarmenaren adibidea jarri du; hitzarmen horren lehen urtebetean, Lehen Hezkuntzako 642 ikaslek parte hartu zuten Zero Zabor tailerretan, eta bigarren ikasturte honetan, Gipuzkoa osoan, 1.700 ikaslerengana iristea da helburua. Gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Zero Zabor sekuentzia didaktiko baten esperientzia pilotua ere jarri da abian. “ Elkar Hezi eta Uzturpe ikastetxeak zoriondu nahi ditut: ondo ari zarete. Eta espero dugu beste eragile batzuek ere zuen bideari jarraitzea. Zorionak eta mila esker”, gaineratu du Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Martin Garitano diputatu nagusiak eman die saria (oroigarria eta 3.000 euroko saria)  Elkar Heziko ordezkariei eta Uzturpekoei. Elkar Heziko ordezkariek eskerrak eman dizkiote Foru Aldundiari Zero Zabor norabidea bultzatzeagatik eta, adierazi dutenez, saria bertako eragile guztien konpromisoagatik jaso dute: “Mila esker zuzendaritzari, jangelako arduradunari, idazkariari, ikasleei, irakasleei, gurasoei eta Agenda 21eko kideei”. Uzturpe koek, bestalde, esan dute 2004ean hasi zirela gai hau lantzen, eta gaur egun guztia organiko guztia konpostatzen dutela: ”Energiarekin lanean ari gara beharrezkoa soilik erabiltzeko. Zero Zabor Saria jasota, akuilu lana egingo du honek lan honetan sakontzeko”

Martin Garitano diputatu nagusiak adierazi du Gipuzkoak Zero Zabor norabidea hartu duela, eta bide hori egokia, arrazionala eta solidarioa dela. Bide horretan emandako aurrerapausoak nabarmendu ditu: 40.000 gipuzkoarrek beren organikoa konpostatzen dute etxean edo auzo konpostagailuetan; 20 herrik %70etik gora birziklatzen dute; beste hamazazpik %70etik gora birziklatzeko konpromisoa hartu dute; 7 Zero Zabor herri daude, laster beste 8 izango dira eta beste zenbait ere bide bera lantzen ari dira; Gipuzkoako haur eta gaztetxoak nola konpostatu ikasten ari dira ikastetxeetan; enpresa batzuetan plastikozko edalontziak kendu eta Zero Zabor katiluak erabiltzen hasi dira kafe makinetan…

“Gipuzkoarrok ondo ari gara. Bide egokia hartu dugu. Eta emaitzak ere ikusten hasi gara: Sasieta mankomunitatea, adibidez, hondakinen %50 biltzen ari da gaika; Euskal Herriko eskualderik aurreratuena da. Ondo ari dira Goierrin eta Urola Garaian”, gaineratu du Garitanok.

Dena dela, bidea luzea dela adierazi du diputatu nagusiak: “Argi argi izan behar dugu askoz gehiago egin dezakegula. Urrun gaude-eta oraindik ere Europako herrialde askoren birziklapen tasetatik”. Horregatik, adostasunak bilatzeko eta erronkari heltzeko deia egin du Garitanok.

 

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net