Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak Zero Zabor Eskolak bisitatu ditu

2014/03/18

Bigarren urtez jarraian, Aranzadi Zientzia Elkarteak Lehen Hezkuntzako ikasleekin lanean dihardu eskoletan Zero Zabor filosofia indartzeko tailerrak dinamizatuz. Tailer hauek Foru Aldundiak diruz lagundutako Zero Zabor Eskolak hitzarmenaren baitan ari dira garatzen Gipuzkoako hainbat ikastetxetan. Ekimenaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du Martin Garitano Ahaldun Nagusiak Ibarrako Uzturpe Ikastolara egindako bisitan. Bertan, ikasleak Hor-Konpost! tailerra landu dute, ikastolan bertan duten konpostagailuaren funtzionamendua ulertu eta ikasiz.

Foru Aldunditik Garitano bera eta Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoen Zuzendari Nagusia gerturatu dira eta hezkuntza proiektu berritzaile hau gertutik ezagutu ondoren balorazio positiboa egin dute. Ekitaldian Garitanok azpimarratu duenez, “garrantzitsua da haurrek hondakinak kudeatzen ikastea eta helduoi ere irakatsiko digute”. Ikastolaren izenean Garbiñe Igarategi Eskola Agenda 21en arduradunak hitz egin du eta pozik azaldu da tailerren emaitzarekin: “Konposta gertutik aztertzeak ikasleek hasieran konpostarekiko duten erreakzio ezkorra baikortasun bihurtzen du”. Azkenik, Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko Idazkari Nagusiak Ingurumen Hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du, “hau baita bidea gure ondorengoei Gipuzkoa hobeago bat uzteko”.

Zero Zabor Eskolak ekimenari buruzko informazio gehigarria hemen.

Bisita egunaren bideoa.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net