Eskoletako Zero Zabor tailerrak hasi dira gaur Oñatin

2013/02/21

Aranzadiren, Ikastolen Elkartearen, Kristau Eskolaren eta Foru Aldundiaren ekimena da.

Gaur eskoletako zero zabor tailerrak hasi dira Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean (Kristau Eskola). Aranzadik, Ikastolen Elkarteak, Kristau Eskolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ikastetxeetan Zero Zabor programa bat garatzeko sinatutako hitzarmenaren haritik dator ekimen hau, eta datozen hilabeteetan segida izango du beste ikastetxe batzuetan.

Iazko urrian sinatutako hitzarmenean, aipatutako lau erakundeek Zero Zabor filosofia hezkuntza programetan jasotzeko konpromisoa hartu zuten. Izan ere, hondakinen arazoari jatorritik heldu behar zitzaiola ondorioztatu zuten sinatzaileek. Zehatz-mehatz, Aranzadi zientzia elkarteak sekuentzia didaktiko bat eta tailerrak egiteko, eta Ikastolen Elkarteak eta Kristatu Eskolak Zero Zabor programa hori beren jardunean txertatzeko konpromisoa hartu zuten. Foru Aldundia, bestalde, diruz laguntzen ari da ekimena.

Esan bezala, programa honen lehen urratsa Zero Zabor tailerrak dira. Ostegunean egingo da lehenengoa Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean, eta Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek parte hartuko dute bertan. Berez, hiru tailer izango dira, hiru egunetan egitekoak. Lehenengoa Zero Zabor Hamaiketakoa izango da, eta ikasleek 4B-ak landuko dituzte: Birziklapena, Berrerabilpena, Beheratzea (murriztea, alegia) eta gero, Birpentsatzea. Ondoren, beren hamaiketakoarekin sortzen diren hondakinen auditoria bat egingo dute, eta ingurumen konpromisoak hartuko dituzte. Bigarrena, konpost tailerra: konpostatzea zer den, prozesua nolakoa den… gogoeta egin eta konpost-ontzia muntatuko dute ikasleek. Hirugarren tailerrak ikasitakoak errepasatzeko eta ondorioak ateratzeko balioko du. Tailer hauek ondorengo helburua dute: hausnarketen eta iritzi kritikoen ondorioz, ikasleek ingurumenarekin konpromisoa hartzea, gizarte errealitatea hobetzeko eta natura defendatzeko. Aranzadiko teknikariek egingo dute gidari lana, ikastetxeko irakasleen laguntzaz.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net