“Kapen”: Hondarribiako flora eta fauna ezagutzeko karta jokoa

2018/12/14

Gaur goizez ARMA PLAZAko kultur eta turismo Informazio guneko lehenengo solairuan, ‘Kapen’ karta jokoa eta posterra aurkeztu dira. Hantxe izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkate eta ARMA PLAZA Fundazioko presidentea, Lore Erriondo eta Iñaki Sanz ekimenaren sustatzaileak, Eñaut Aiarzaguena marrazkilaria eta Gabri Alonso Otzarreta Grafikako ordezkaria.

Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez, “ARMA PLAZA Fundaziotik, gure ondarearen lanketan, hainbat modalitate ditugu. Ondarea hobeto ezagutzen ari gera eta herritarrekin partekatzen ere. Zentzu honetan, gure unitate didaktikoen barnean, Lehen Hezkuntzako haurrentzat zenbait ekimen abian jarriak daude. Lanketa horren barnean proposamen berri bat etorri zitzaigun eta atsegin handiz jaso dugu eta lagundu ere ARMA PLAZA Fundaziotik, babestu eta lagundu dugularik”.

Lore Erriondok gehiago zehaztu du ‘Kapen’ karta jokoa. “Hondarribiko ekosistema, flora eta fauna ezagutu dezagun eta, batez ere, Hondarribiko naturan modu atseginean murgil gaitezen helburuarekin sortu dira karta jokoa eta posterra. Iñaki Sanz biologo eta irakaslearekin kontaktuan jarri nintzen eta berehala murgildu ginen proiektu eder honetan, talde ona osatu dugula esango nuke. Oso aberasgarria izan da denentzat, animalia eta landare ugariren izenak Hondarribiko euskaraz, euskara batuan eta modu zientifikoan ikasteko aukera izango du eta”.

Iñaki Sanzek gehitu duenez, “izan ere, gure inguruko edonori animalien izenak aipa ditzala  esaten diogunean, segituan agertzen zaizkigu lehoia, elefantea, jirafa, krokodiloa … Baina, non daude egunerokotasunean gure bizilekuetan dauden eta ikusten ditugunak? Ez dute izenik?  Kezka honi erantzuna eman nahian, Kapen Karta-Jokoaren ideia sortu zen, herriko ekosistema eta espezien transmisioan ekarpentxoa egiteko asmotan; ezagutzen duguna bakarrik maita dezakegulako eta maitatzen duguna zaindu dezakegulako”.

Karta-Jokoa zein posterra ARMA PLAZA kultur eta turismo Informazio gunean, eta www.armaplaza.eus web gunean salgai daude, 10 eta 5 eurotan, hurrenez hurren. Baita herriko liburudendetan ere. Herriko ikastetxeetan doan banatuko da Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek landu dezaten.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net