Motondo paduraren berreskurapen proiektua

2012/12/14

Aranzadik Orioko Motondo paduraren berreskuratzen proiektua aurkeztu du. Proiektu hau Orioko Udalaren ekimena da, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate zuzendaritzaren laguntzarekin, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kide diren biologo, geologo, ingeniari eta arkitekoek osaturiko jakintza-alor anitzeko taldeak idazten du. Berreskurapena 2013.urtean hasiko da eta Gipuzkoa mailan egin den padura berreskuratzen lanik garrantzitsuena izango da.

Lehenik eta behin, biodibertsitateari buruzko ikerketak egin ziren eta, ondoren, erakundeen arauak kontuan hartuta, proiektuaren muina idatzi zen. Orioko bizilagunei aurkezteaz gain, ekimen honen helburuetako bat Oriako itsasadarra Urdaibai edota Txingudi duten ospea lortzea da, haiek baitira euskal kostaldean dauden hezegunerik adierazgarrienak.

Padurak gure espazio atlantikoan gizakiak kolonizatutako azken eremu naturalak dira. Eta, ibaien alboan, Kantauri itsasoan dauden toki horietan bertan, hiri garrantzitsuenak aurki daitezke: Bilbo, Donostia, Irun edo Pasaia besteak beste.  Urteetan zehar itsasoaren aurka borrokatu eta bertan eraiki da, eta horregatik gure geografian padurak gauza exotikotzat ditugu.

Hasieran padurak nekazal lurralde bezala erabili ziren, itsasoko uraren sarrera eta ubide txikien bitartez itsas isuriarenak saihestuz. Honela, ur gazia ekiditzen zuen metro erdiko lur eremua lortzen zuten. Horrexegatik leku hauetan baratzeko produktuak eta fruta-arbolak bakarrik ekoizten ziren.

Motondon zundaketa geologikoak egin ziren litologia aztertzeko asmoarekin, eta honako eboluzioa egon dela ikus daiteke.

Orain dela 40 urte, Motondoren degradazioa hasi zen, bertan harri-lubaketa bat eraiki zen itsas isuriak saihesteko. Aurrerago, inguruko industriek botatzen zituzten hondakin eta zaborrak pilatzen joan ziren han.

Gaur egun Txingudi edo Urdaibairi buruz daukagun ikuspegia oso positiboa da eta gure ondare naturalarekin guztiz lotuta dago, baina Oria itsasadarra, Gipuzkoako ibairik handienetako arroan  aurkitzen dena,  ezin da ingurumen erreferentzia bezala eduki oraindik.

Motondo, bere 12,5 hektareekin, azken urteetan Gipuzkoan berreskuratuko den lehen padura izango da, eta Oria itsasadarra Euskadi mailan erreferentziako padura bilakatuko da. Honez gain, Motondo leku erakargarria izango da gure faunaren espezie ezberdinentzat. Azkenik, bere aisia denbora naturan pasatzea gustatzen zaien guztientzako eremu paregabea bilakatuko da.

2002ko otsailean, Aranzadiko biologo, botaniko, espeleologo, herpetologo eta ornitologoez osaturiko talde anitz batek Motondoko ondare naturala aztertu eta balorazioa egin zuten.

Motondon  existitzen diren habitaten inbentarioa egin da, eta horien artean aipagarria da haltzadia (Alnus glutinosa), Orian ikus daitekeen orbanik garrantzitsuena izanik. Honez gain, ihi, espartina, gune gazietako larre eta, orokorrean, paduretan agertu ohi den begetazioa murriztu dela frogatu da.

Ingurune hezea denez, uhandre palmatua (Lissotriton helveticus), apo arrunta (Bufo bufo) eta, batez ere, baso igel gorria (Rana temporaria) bizi dira bertan, azkeneko honen populazioa oso nabarmena izanik. Mendebaldeko musker berdea (Lacerta bilineata) eta 4 suge mota ere aurkitu daitezke.

Bestalde, babesturik dauden hegaztien migrazioan funtsezkoak diren eremuak dira padura hauek, Europa iparraldetik Afrikarako bidai luzeetan atseden guneak baitira hain zuzen ere. Aipagarriak dira antzara espezie batzuk, lertxunak, eta noizean behin mokozabalak eta kurriloak ere agertu izan dira.

Hori gutxi balitz, Motondo bezalako marearteko lokatz-gunean elikadura eta atsedena hartzen duten zangaluzeak bizi dira.  Haiek molusku txiki, txirri edota bernagorriak jaten dituzte. Azkenik, espezie desberdinetako txori txikiak (passeriformes) ikus daitezke: lezkariak, txinboak eta txioak.

Guzti hau kontuan hartuta, habitat desberdinak eta paduren biodibertsitatea berreskuratzeko, ikerketa ugari eta proiektu basiko bat aurkeztu zaizkie erakunde eta talde naturalistei. Helburua ekarpen berriak eskuratzea da.

Baso igel gorria bezalako anfibioentzat ezinbestekoak diren haltzadia guneak eta putzuak mantentzeaz gain, azken hamarkadetan gizakiak egindako isurketa artifizial guztiak ezabatuko dira.

2013ko erdialdean burutuko den proiektua jasangarritasunean oinarritzen da, naturaren elementuen aurka egin ordez, haien dinamiken alde jartzen baita hain zuzen ere.  Iraganean ipini ziren sedimentuak kendu eta haltzadiaren habitata babestuko du. Gainera, sarreraren ibilbidea aldatu eta itsasoaren nahiz ibaiaren fluxuak oztopatzen dituen dikea suntsituko da. Hori gutxi balitz, padurekin harreman estua duten landare eta fauna espezieen habitata berreskuratu nahi da. Horietako bat angula da, Motondon mehatxu larrian dagoena.

Proiektu honi esker azken hamarkadetan Oriako itsasadarrari buruz egon den ikuspegia aldatuko da. Paduren ildoa hormigoi bideratzearen ideia eraldatu eta Ramsar eta Natura 2000-ren zuzenbideak jarraituz, padurak merezi duen trataera lortuko du.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net