Un libro sobre nuestra fauna, narrado por los ciudadanos del Urumea

30/09/2021

Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek, Dobera euskara elkarteko eta Aranzadi zientzia elkarteko kideek, aurkeztuko dute «Gura faunari eta florari begira» liburua aste honetan.

150 espezie deskribatzen dira bertan, ikuspegi berezi batetik: «liburu zientifikoetan ez dagoen hori» biltzen du liburuak, autoreen esanetan, eurek azken urteetan Hernani, Ereñotzu eta inguruetako herritarren ahotik jasotakoak, hain zuzen ere.

DOBERA euskara elkarteak eta Aranzadi zientzia elkarteak «Gure faunari eta florari begira» liburua aurkeztuko dute, aste honetan, ostegun eta larunbatean, Koldo Mitxelenan, Ereñotzun eta Hernanin. Gure mendietako faunaren berri ematen du liburuak, Hernani, Ereñotzu eta inguruetako herritarren ahotik kontatua. 150 espezie deskribatzen ditu liburuak, modu berezi batean, «zientzia liburuetan ez dagoen hori», edo «ondare inmateriala» esaten zaiona da liburu honen funtsa, Eñaut Agirre eta Iñaki Sanz-Azkue egileen esanetan.

Bi hernaniarrek 300 orrialdeko liburu mardula idatzi dute, eta bertan, 150 espezie deskribatzen dira, fitxaz fitxa, bost taldetan: arrainak, anfibioak, narrastiak, txoriak eta ugaztunak. Espezie bakoitzaren Hernaniko izenak eta aldaerak, beste euskalki batzuetako izenak eta euskara batukoak aipatzen dira: guztira, euskarazko 600 izenetik gora. Horrez gain, izen zientifikoa, gaztelerazkoa eta frantsesezkoa ere badakartza. Baina izenez oso harago doan liburua da hau. Herritarrek espezie horiez esandakoak biltzen ditu, naturarekin erabateko loturan bizi diren herritarrek euren begiz ikusirikoak edo etxean entzundakoak, usteak, kondairak, istorioak… Horregatik, 150 fitxaz gain, aparteko 20 fitxa ere badira era horretako kontu berezienekin.

Hizkuntzak eta naturak bat egiten dute liburu honetan. Euskaraz ulertu beharreko liburua da, euskaraz kontatua delako. Euskalkiek ere leku berezia dute liburuan, beste herri batzuetako aipamenak ere eginez, euskal literatura historikoan esan direnak ekarriz… ez soilik hernaniarrek, baizik eta euskaldunek natura nola ikusi duten, zertzelada bat dakar, neurri batean. Bizitza ulertzeko modu bat, inguruari begiratzeko modu bat eta bizitzeko modu bat bildu nahi izan dira bertan.

Liburuak ez du ikuspegi zientifiko bat, baina zientzialari eta biologo askoren begiek errepasatu dute, behin eta berriz, bertan esaten denaren eta gaur dakigunaren oreka bilatu nahian, nolabait. Eñaut Agirre filologoak eta Iñaki Sanz-Azkue biologoak tandemean egindako lana izan da, altxor izugarri bat biltzeko ahaleginean egindakoa, eta aste honetatik aurrera nahi duenaren eskuetan egongo dena, 20 euroan.

Aurkezpenak:

• Osteguna, irailak 30. 19:00etan, Ereñotzu

• Larunbata, urriak 2. 12:30etan, Hernani

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net