105 urteko Isabel Etxeberria Gorriti irakasle errepresaliatua omendu dute Llançan

2020/09/14

Irakaslea zen ogibidez, eta frankismoaren bazterketa jasan zuen gerra ostean, euskararen aldeko jarrera izateagatik. Aranzadi elkarteak ikertu du haren jarduna.

 

Getariako eta Llançako udalek Arazandi Zientzia Elkarteak egindako ikerketaren ostean, Llançan omendu dute. Francesc Guisset Llançako alkatearen omenaldiaren irekierak, Haritz Alberdi Getariako alkatearen aurreskuarekin jarraitu du. Haren ostean, Getariako, Llançako eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariek lore sorta bana eskaini diote Isabel Etxeberria berari eta haren alaba Mayra Fa eta Maria Dolores Fa-ri. Gero, Haritz Alberdi Getariako alkateak hartu du hitza “zure ikasle batek, Segundo Basterretxeak, maite zenuela gogoratzen zuen, eta ni horrekin geratzen naiz”. Getariako oroigarri bat ere oparituz. Azkenik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Idazkari Nagusi Juantxo Agirre Mauleonek hartu du hitza eta Memoria Historikoa berreskuratzeari eman dio garrantzia. Aranzadi Zientzia Elkartearen oroigarria eta bere ikerketaren inguruko dokumentazio sorta ere jaso du.

Isabel Etxeberria Gorriti bigarren Errepublikako Marcelino Domingo ministroaren hezkuntza erreforman ikasitakoa zen. Erreforma haren bitartez, ordura arte irakasleek izandako hobekuntza handienak lortu zituzten. Handik aurrera, irakasle izateaz gain, ez zuten lan gehigarririk egin beharko sabela betetzeko. Eta gauza garrantzitsuagorik ere bazen, ordura arte ia alfabetatu gabeko sozietatea alfabetatzeko ardura hartu zen. Isabel Etxeberria Gorritik hezkuntzaren oinarri berriak ongi baino hobeto trasmititzen jakin zuen, nahiz eta diktadura garaiko errepresioa ere bere azalean jasan beharra izan. Gerra hastean, Quintanilla de la Riberan aurkitzen zen lanean eta handik, tropa frankistak sartzean bere lanpostutik kendu eta Getariara lekualdatu zuten, bertan gerra amaitu bitartean egon zelarik. Haren lekualdatzea ez zen berak aukeratutakoa izan, bere lanpostutik frankistek hartutako erabakien bidez lekualdatu zuten. 1939ko irailean Gabiriako eskolara lekualdatu zuten. Handik, 1943an gobernu frankistak irakasleak postuetan kokatzeko egindako konkurtsoaren ostean, Isabel Etxeberriak egindako aukeren artetik, 1943ko abenduaren 4an, gaur egun bizi den Gironako herritxo arrantzalean, Llançan lortu zuen bere irakasle postua. 1944ko urtarrilaren 1ean klasea ematen hasi zen.

Llançara iristean, herritarrek bizitako gosetea gogoan du. Herri oso errepublikazalea izan zen Llança, gehiengoa nekazari eta arrantzaleak ziren, Mediterraneoko Getaria izan zitekeen. Bertan 1980ko ekainaren 30ean jubilatu zenera arte eman zituen klaseak.

 

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net