Hamar urte Ekainberrik bere ateak ireki zituenetik

2018/09/12

2008ko irailaren 11etik 302.542 pertsonek ezagutu dute Gizateriaren Ondare diren Ekain kobazuloko margoak.

Zestoako kultur baliabidearen datuek gora egin dute, aurtengo eguraldiak, eskaintzaren aniztasunak eta berrikuntzek lagunduta.

“Ekain Abentura”: Ekainberriko arrakasta

Ekainberrik uda honetan bertara hurbildu diren bisitariei Historiaurrea bere osotasunean bizitzeko aukerak zabaldu egin dizkie. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako margoak ezagutu ahal izan dituzte. Udan zehar bisitariek “Ekain Abentura” esperientziaren bitartez orain dela 14.000 urteko gizakiek nola margotzen zuten, sua nola egiten zuten eta nola ehizatzen zuten ikasteko aukera izan dute, eta esperientzia hau zabaltzeko gune berria sortu zen aurtengo udan: Historiaurreko kanpalekua.

Gune berri honetan, bisitariek tailerrean ikusi eta ikasitakoa frogatzeko aukera izan dute: margoekin bere labar artea sortzeko gunea, Historiaurreko teknikekin sua egiteko txokoa eta beraien ehiza abilezia frogatzeko azagaia eta bultzagailuak erabiltzeko ehiza ibilbidearekin.

Udan martxan egon den eremu berri honetan, Ekainberritik pasa diren bisitariek Historiaurreko gizakien bizimoduaren alderdi ezezagunak ezagutu ahal izan dituzte, izan ere, artelanak sortzeaz gain, gizaki haiek txabolak egin, ehizatu eta jan egin behar zuten, biziraupena bermatzeko. Bisitariak ere horretarako gai izango ote ziren frogatzeko aukera eskaini du Ekainberrik uda honetan zehar.

Aurten, gainera, pottokak izan dira Ekainberriko zelaian. Duela 14.000 urte, gaur egun Zestoa den inguru honetan zebiltzan zaldiak Przewalski arrazakoak (Equus ferus Przewaslki) ziren, labar margo askotan irudikatu zuten arraza da, guztien artean Ekaingo zaldien margoak gailenduz. Przewalski zaldia inoiz ez da etxekotua izan. Bere tamainagatik, Przewalski zaldia ponien multzoan sailkatu daiteke. Hala ere, espezialista askok aukera horri uko egin eta talde horretatik kanpo kokatzen dute.

Bisitariek pottoken presentziaz gozatu ahal izan dute, hain “gurea” den zaldi arraza horretaz, horretarako prestaturiko gunean. Kobazuloan margotuta dauden zaldiak ez dira pottokak, baina beraien ondorengoak direla uler dezakegu, arraza berezi bat eta berariaz euskalduna dela gehituz. Aurtengo udako ekimen berri honekin pottokaren, bertako gure zaldiaren, presentzia indartu nahi izan da modu jarraituago batean. Horretarako, pottoka erreplikaren eta jatorrizko kobazuloaren paisaiaren parte bihurtu da horretarako prestaturiko gunean, Ekainberriren aurreko zelaian.

“Lilitarren ohorea”, hunkitu egiten duen bisita berezia

“Lilitarren ohorea” antzezlana Zestoako Lili Jauregiko jatorrizko eszenatokian eta pertsonaia historikoekin egiten da, hezur-haragizko aktore baten dramatizazioarekin. Bakarrizketa batean, Jauregian bizi izan zen Lili leinuko azken kideak, Andre Madalenek, 1678. urtera eramaten ditu bisitariak, eta bidean etxeko gela eta aretoetan murgiltzen dira.

Aurtengo udan, asteartetik ostiralera arratsaldetan, larunbatetan goiz eta arratsaldez eta igande goizetan egin dira paseak eta guztira 646 bisitarik ikusi ahal izan dute Andre Madaleni gertatutakoa eta nola egin dion aurre.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net