Aranzadik teleskopioak jarriko ditu Udaletxeko terrazetan ilargi eklipsea behatzeko

2019/01/17

Urtarrilaren 21eko egunsentian Lurrak astronomoentzat izaten den momenturik garrantzitsuenetako bat biziko du: ilargi eklipse osoa. Ezaugarri hauekin ez da 2021. urterarte beste eklipse bat gertatuko.

Fenomenoa, ilargi gorria edo odol ilargia izenarekin ere ezagutzen dena, gure planeta ilargia eta eguzkiaren artean kokatzen denean gertatzen da.

Eklipsea ikusgai  4:34 eta 7:51 bitartean

Donostian ikusi ahal izango dugu 4:34 eta 7:51 bitartean, ilargia Lurraren itzalean ezkutatzen denean, alegia. Eklipsea bere osotasunean 5:41etan hasiko da eta ezkutaketa osoa zehazki 6:12etan gertatuko da, NASAk bidali duen informazioaren arabera.

Eklipse honen bitartez ilargia kolore gorriz ikusi ahal izango da, ez baita guztiz estaliko. Eguzki izpiak ez dira zuzenean ilargira iritsiko, baizik eta horietako batzuk lurreko atmosferak filtratuko ditu.

Eklipse hau gainera 2019ko superilargiarekin bat egingo du. Hau da, ilargia lurretik gertuen dagoen momentuan gertatuko da (357.344 kilometroko distantzia).

Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Sailak teleskopioak jarriko ditu Udaletxeko terrazetan ilargi eklipsea bere osotasunean behatzeko, eta honela fenomeno astronomiko hau gizarteratzeko. Horrez gain, astronomoak bertan egongo dira azalpenak ematen.

Teleskopioak goizeko 6etatik 8ak arte jarriko dira. Eguraldia kaxkarra bada ekimena bertan behera geldituko da.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net