Aranzadik Euskal Herriko floraren ezagutza eta kontserbaziorako praktikak eskaintzen ditu

2018/01/19

Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak Euskal Herriko eta inguruko floraren ezagutzan eta kontserbazioan sakontzeko praktikak eskaintzen ditu. Bertan ondorengo ekintzetan parte hartu ahal izango da, ezagutza botanikoa handituz:

  • Landare espezie mehatxatuen jarraipen-lan eta kontserbazioan parte hartzea.
  • Landareak herborizatzeko prozesuan laguntzea: mendian laginak hartzea, identifikatzea eta herborizatzea.
  • Landare bildumaren mantentze-lanak gertutik ezagutzea: pleguen mantentze lanak, beste herbario batzuekin elkartrukeak, datuak informatizatzea, landare pleguen digitalizatzea, etab.

NOIZ:

Praktikak otsaila eta ekaina bitartean egin ahal izango dira eta ordutegia beharrizanen araberakoa izango da. Mendiko lan egunak eguraldi eta baliabideen arabera zehaztuko dira eta mendiko lan egunetan konpromisoa hartzea ezinbestekoa izango da.

NON:

  • Lanerako bulegoa eta Herbarioa Aranzadi Zientzia Elkarteko egoitzan aurkitzen dira, Donostian.
  • Mendiko lana Euskal Herriko mendietan garatuko da batez ere.

OHARRA:

  • Euskara jakitea lehenetsiko da.

Interesa duenak mesedez bidali dezala curriculuma ondorengo helbidera: amitxelena@aranzadi.eus

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net