Denboraleak Iñurritzako Biotopo Babestuko landare mehatxatuak kaltetu ditu

2014/02/04

Asteburuan euskal kostaldean izan dugun denboraleak triskantza eragin du hainbat tokitan. Ugariak izan dira kalteak jasan dituzten portu, herri-gune eta bestelako azpiegiturak. Baina gizakiari ez ezik, itsasertzeko landareei eta habitatei ere zuzenean eragin die eta ondorio larrienak Iñurritzako Biotopoan (Zarautz) izan dira.

Iñurritzako Biotopoa, biodibertsitatearen ikuspegitik, euskal kostaldeko gunerik garrantzitsuenetako bat da, batez ere, landare espeziei dagokienez. Habitat Zuzentarauko I. gehigarrian barneraturiko habitatak daude eta EAEko espezie mehatxuen katalogoko 13 landare espezie (horietako 5 desagertzeko arriskuan). Besteak beste, Iberiar penintsula osoan Iñurritzan bakarrik dauden bi espezie bizi dira: Alyssum loiseleurii subsp. loiseleurii eta Galium arenarium, biak ere, giza eraginaren ondorioz murrizketa itzela jasan dutenak. Lehenengoa dunen atzealdean agertzen da, duna grisa delakoan, duna egonkorrenetan. Galium arenarium espeziea, aldiz, duna primario eta sekundariotan agertzen da, itsasoaren eragina nabariena den guneetan. Espezie hori izan da, hain zuzen ere, denboralearen ondorioz kalterik handiena jasan duena. Oraindik goiz da eraginaren zenbatekoa kuantifikatzeko, baina Iñurritzako dunen aurrealdearen itxura ikusirik esan dezakegu Galium arenarium espeziea ia guztiz desagertu dela Iñurritzatik.

2013 urtean Aranzadiko Botanika Sailak espeziearen egoeraren azterketa egin zuen eta populazioaren gainbehera agerian geratu zen. Arrazoia, zati batean behintzat, golfaren eremuan egiten den kudeaketa moduan egon daiteke, azken hamarkadan Iñurritzako Golfak kudeatzen duen eremuan ia desagertu egin baita espezie hau. Galium arenarium espezieak duen habitata berez da ezegonkorra eta aldakorra, maiz gertatzen baitira dunen zati batzuen galerak olatuen eta haizeteen ondorioz. Gainera, orain arte populazio honek zuen tamaina txikia dela eta (19 azken kontaketen arabera), asaldadura hauei erantzuteko tarte txikia du eta, beraz, bereziki kaltebera da.

Iaz egin zen azterketarekin batera, espezie honen haziak ere bildu zituen Botanika Sailak eta Fraisoroko Laborategian daude gordeta. Orain hazi horiek izan daitezke populazio hau gure hondartzetatik betiko ez desagertzeko azken itxaropena.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net