Pyrcanseed, Pirinioetako eta Kantabriar mendilerroko flora kontserbatzeko proiektua

2019/06/17

Aurreko astean (ekainak 11-12), PYRCANSEED programaren abiaratze tailerra izan genuen Aranzadi Zientzia Elkartearen Donostiako egoitzan.

Lehen egunean, hainbat bilera tekniko egin genituen, eta bigarrenean, Aizkorri-Aratz Parke Naturala bisitatu genuen, bertako aberastasun botanikoa ezagutzeko eta programaren barruan aurreikusitako ekintza batzuk praktikan jartzea.

PYRCASEED programaren helburu nagusia da Pirinioetako eta Kantabriar mendilerroko flora ex situ kontserbatzea eta ikertzea. Beti ere klima aldaketaren testuinguruan. Horretarako, alde batetik, interes handieneko espezieak lehenetsiko dira (endemismoak, banaketa mugan dauden espezieak, espezie katalogatuak); eta, bestetik, mendilerro horietako ingurumen baldintzetan jazoko diren aldaketen aurrean kalteberatasun handiena luketen espezieak. Helburu espezifikoak honakoak dira:

  • Interesezko espezieen kalitate altuko bildumak bildu eta kontserbatzea.
  • Espezie horien inguruko ezagutza areagotzea, bai kontserbazio egoeraren ingurukoa, bai, klima aldaketak euren populazioetan duen eraginaren ingurukoa.
  • Lan eremuan, erakunde zientifikoen arteko elkarlana sustatu.
  • Berreskuratzen lanetarako landarea produzitzea.
  • Biztanlegoaren kontzientziazioa areagotu, gure floraren kontserbazioaren eta klima aldaketaren eraginaren inguruan.

Lehen fase honetako 4 urteko iraupena izango duen programa honetan parte hartzen dute, Aranzadiz gain, Gipuzkoako Landare Germoplasma Bankuak (Gipuzkoako Foru Aldundia), Millenium Seed Bank-Royal Kew Gardens-ek, Olarizuko Lorategi Botanikoak (Gasteizko udala) eta Instituto Pirenaico de Ecología (IPE-CSIC)-ak. Segidako faseetan, Pirinioetako eta Kantabriar medilerroetako floraren kontserbazioan eta ikerketan lan egiten duten beste erakunde tekniko eta zientifiko batzuk gehitzeko nahia dugu. Hasteko, proiektuan euren interesa agertu dute Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek, Nafarroa Foru Gobernuak eta Aragoiko Gobernuak.

 

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net