Astronomia Sailaren inguruko historia laburra

1969. urte inguruan, Aranzadiko bazkideen talde batek, aldi labur batez, astronomia arloko jarduerei ekin zien (urtebete eskas iraun zuen). Baina handik zortzi urtera, 1977ko uztailean, Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Saila (edo atala) eratzeko aurrekaria izan zen. Astronomiako Gipuzkoako Elkartea barneratu zuen.

Behatzaileen talde bat osatu ondoren, lehen lanak iritsi ziren gai hauen inguruan: izar aldakorren ikerketa, eta Eguzkiaren eta planeten behaketak. Atalak behaketa praktiko kolektiboak eta dibulgazio-hitzaldiak antolatu, eta Gipuzkoako egunkarietan hileroko efemeride astronomikoak argitaratu zituen. Horrez gain, aldian-aldian, barneko zirkularra edo Astronomiako Buletina izenekoa argitaratu zuten 1978 eta 2002 artean. 103 ale izan ziren eta beste elkarte astronomiko batzuetako aldizkariekin trukatu zuten.

1979ko apirilean, Astronomiako III. Jardunaldi Nazionalak egin zituzten Donostian Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta. Nabarmendu beharreko ekimena izan zen, hirian lehen aldiz egin baitzuten Estatu mailako kongresu astronomikoa eta honako hauek antolatu zituzten besteak beste: hitzaldiak, proiekzioak, astronomiako materialen erakusketa (ilargiko arroka bat barne), behaketarako tresnak eta abar.

80ko hamarkadan, Saileko bazkide kopurua ugaritu eta behaketa astronomikoko lanak ugaritu egin ziren: heliofisika, planetak, meteoroak, izar aldakorrak, kometak, astrofotografia. Garai hartako gai garrantzitsuak hauek izan ziren: Halley kometaren jarraipena (1985-86), eta hiru eguzki-eklipse oso ikusteko espedizioak: Kenya (1980), Siberia (1981) eta Filipinak (1988). Gainera, Sailak Bartzelonan, Madrilen eta Murtzian egin zituzten Astronomiako Jardunaldietan hartu zuen parte.

90eko hamarkadan, astronomiaren komunikazioak bultzada berria jaso zuen. Horretarako, behaketako jarduera publikoak (eklipseak, kometak) antolatu zituzten eta, gainera, prentsarekin kolaborazio-lanak egin zituzten; bereziki, Elhuyar dibulgazio zientifikoko aldizkariarekin. Beste gertaera esanguratsu bat Astronomiako Konferentzien Zikloaren hasiera izan zen. 1991tik urtero egin izan dira gaur egunera arte eta punta-puntako ikerlarien eskutik, ikerkuntza kosmikoko (edo antzeko zientzietako) ikerketako gai interesgarrienak gerturatzen dizkio publikoari. 1996an, ekimen hark garrantzi berezia izan zuen; izan ere, Astronomiako Espainiako Sozietatearen II. Bilera Zientifikoarekin batera gertatu zen.

XXI. mendean, Astronomia Sailak bere ibilbideari jarraitu dio kideak ugaritu eta berrituta. Astroak ikertzeko eta ezagutza hedatzeko lanekin jarraitu dute formatu eta fronte berriak aintzat hartuta. Hamarkadaren hasieran, bi espedizio zientifiko egin zituzten Eguzkiaren eklipse osoa (Hungaria eta Errumania, 1999) eta aurora borealen fenomenoa (Kanada, 2001) aztertzeko. Zeruko fenomeno esanguratsuak behatu zituzten (eklipse partzialak eta anularrak, Artizarraren ibilbidea, kometa anomaloak, izarren ezkutatzea, izar aldakorrak eta nobak); gainera, saileko kide batzuek astrofotografiaren teknikan sakondu zuten.

Azken urteotan bereziki lantzen ari diren laneko esparrua da argiaren kutsadura-arazoa. Horrekin lotuta, neurtu eta kontrolatu edo desagerrarazteko hainbat jarduera jarri dute abian honako hauekin elkarlanean: Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako eta Bizkaiko udalak, Energiaren Euskal Erakundea eta Cel Fosc, Argiaren Kutsaduraren aurkako Elkartea. Bestalde, Eusko Legebiltzarraren aurrean (2010) agerraldia egin zuten arazo horri aurre egiteko legegintza arloko irtenbideak bultzatu ahal izateko. Fenomeno kutsatzaileak eta konpontzeko aukerak ezagutzeko gida editatu dute. Eta, bestalde, bost udalerritan argiteria publikoa egokitzeko ikerketak eta proposamenak egin dituzte.

Hitz gutxitan esanda, Astronomia Saila, gaur egun, zeruko fenomenoei gogo beroz jarraitzen (eguraldiaren eta ingurumenaren mugek ahalbidetzen duten neurrian) dien eta astronomiaren bidez ezagut daitekeenaren balio handia publikoari hedatzeko eta gerturatzeko bokazio bereziarekin bizi duen giza taldea dela esan dezakegu.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net