Errenteriako Udalak aurkeztu du Aranzadi Zientzia Elkartearekin kontratatutako intsektu polinizatzaileak babestearen inguruko azterlana

2021/03/22

Errenterian eta Lau Haizeta Parkean intsektu polinizatzaileak kontserbatzea bateragarria da aisialdiko jarduerekin eta egungo beste erabilera batzuekin, betiere arrazionalki aldatzen bada habitataren kudeaketa.

Ondorio horretara iritsi ahal izateko, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Paisaia European Landscape Foundation erakundearen lankidetzarekin, berrikusi du 490 intsektu-espezieren eta 248 landare loredunen biologia 2020an, Errenteriako Udalak agindutako lan baten baitan. Horregatik, entomologiako eta botanikako adituek batera jardun behar izan dute.

Lan hau egiteko beharra sortu da Udalak Lau Haizeta Parkeko landaredia era egoki batetan kudeatzen den jakiteko, intsektu polinizatzaileak kaltetu gabe, oinarrizko ingurumen-zerbitzua garatzen dutelarik: landareen eta elikagai-soroen polinizazioa. Udal kezka landare ebaketa selektiboetara zuzendu da nagusiki, Sanmarko eta Txoritokietako hainbat lekutan aisialdirako eta ganadurako eremu zabalak mantentzeko egiten diren belar mozketetan, hain zuzen. Era berean, paisaiaren aniztasunerako eta landare inbaditzaileak kontrolatzeko hiru habitat motetan: baso eremuak soilgune eta bideekin, zuhaizkak dituzten ala ez dituzten belardiak, eta abereentzako larreak.

Polinizatzaileen garrantziari dagokionez, kalkulatzen da gure planetako landare loredunen % 80 inguru, izan basatiak edo landatuak, neurri batean behintzat, intsektuek polinizatzearen mende daudela. Intsektuak orokorrean erregresioan daude (fumigazioak, kutsadura, habitata galtzea, klima-aldaketa) eta hainbat espezie baita mehatxatuta ere. Paper bereziki garrantzitsua dute himenopteroek (erleak, liztorrak), dipteroek (hainbat euli-espezie), lepidopteroek (tximeletak, sitsak) eta koleopteroek (hainbat kakalardo-espezie). Lau talde horiek aztertu dira Lau Haizetan.

Azterlanaren emaitzek adierazten dute egungo belarraren ebaketa-kopurua gehiegizkoa dela eta, ondorioz, kaltegarria ere bai, landare loredunentzat. Gainera, zenbait kasutan datak intsektu polinizatzaileen hegaldi- eta elikatze-garaiarekin elkar eragiten dute. Horregatik azpimarratzen da ebaketen urteroko maiztasuna gutxitu behar dela eta datak aldatu, ahalik eta gehien gutxitzeko polinizatzaileen eta loreen bizi-zikloetan duten inpaktua.

Neurri horren helburua da polinizatzaileei landare- eta polen-aukera eta -erabilgarritasun handiagoa eskaintzea. Azkenik, polinizatzaileek babes hartzeko eta habia egiteko eremuak ugaritzera eta landare exotiko inbaditzaileek bertakoen gainean eragiten duten lehia gutxitzera bideratutako beste neurri batzuk iradokitzen dira.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net