778. Orreagako Guda Erakusketa Zentroa bisitatzeko ate irekiak antolatu ditu Luzaideko Udalak apirilean zehar

2019/04/09

“Orreagako Guda, Erakusketa Zentroa eta Informazio Puntua Luzaiden 2018″ proiektua Luzaideko Udalak (Nafarroa) sustatu du, Landa Garapeneko Programaren FEDER diru laguntzarekin (Nafarroako Gobernua eta Europar Batasuna) eta Cederna-Garalurren kudeaketa izan duena.

Proiektuaren bitartez herriko Seroren Etxeko lehen solairua zaharberritu da, turistentzako informazio gunea eta bisitarien eta auzotarren erakusketa guneak eskaintzeko helburuarekin.

Aranzadi Zientzia Elkartea izan da Erakusketa Zentro berri honen lehenengo 3 erakusketen arduraduna, eta gai hauek jorratu ditu:

- Luzaideko sukaldaritza tradizionalari buruzko erakusketa etnografikoa, herrian bildutako eta herriko jendeak utzitako pieza originalak dituena.

- Luzaideko Bolanteak, Nafarroako Gobernuak Interes Kulturaleko Ondasun izendatutako inauterietako pertsonaien jantziak dituena.

- “778, Orreagako Guda”, zentroari izena ematen dion erakusketa. Bertan, Pirinioetako erromatar galtzadarekin lotutako hainbat material ikusi ahal izango dira, Aranzadik urteak baitaramatza hauek ikertzen. Gainera, Renoko Unibertsitateko (Nevada, EE.BB.) Euskal Ikasketa Zentroaren lankidetzarekin egin da erakusketa, Gudari buruzko azken ikerketak egin baitituzte.

Erakusketa-zentroak, gainera, herriari eta Pirinioetako eremu osoari kultur eskaintza berria eskaini nahi die. Erakusketak erakargarri turistiko gisa diseinatu dira, bai Donejakue Bidea egiten duten pertsonentzat, bai inguruko biztanleentzat erakargarria izango dena.

Inaugurazio honen ondoren, Aranzadi Zientzia Elkarteak doako ate irekien jardunaldiak antolatu ditu Aste Santuan zehar. Lehenengo eguna gaur izan da, apirilaren 9a, 10: 30etan prentsaurrekoa egin eta bisita gidatua eskaini baitzaie Luzaideko bizilagunei.

Aukera gehiago egongo dira erakusketak ikusteko, programatutako bisita gidatuekin:

-       Apirilak 13: 11:00 / 17:00

-       Apirilak 14: 11:00 / 17:00

Apirilaren 15etik aurrera, erakusketa zentroa zabalik egongo da etengabe asteko egun guztietan, informazio turistikoari eta erakusketa-aretoei arreta emango dien pertsona batek kudeatuko baitu.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net