Landareen Kontserbazio Biologiaren VII. Biltzar Nazionala

Aurkezpena

Kide agurgarriak:

Poz handiz jakinarazi nahi dizuegu Gasteizek (Araba, Euskadi) hartuko duela Murtziaren lekukoa SEBiCoP elkartearen bi urtez behingo biltzarra antolatzeko eta bertan egingo dela Landareen Kontserbazio Biologiaren Zazpigarren Biltzarraren edizioa. Biltzarra 2015eko irailaren 30ean, eta urriaren 1 eta 2an izango da. Ekimen hori antolatzen hartuko du parte Euskadiko eta Nafarroako ingurune naturalaren kontserbazioan lan egiten duen botanikari ugarik. Erakunde laguntzaileak dira honako hauek: Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako Saila eta honen Ihobe Herri-baltzua, Euskal Herriko Unibertsitatea, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udaleko Ingurumen Ikasketen Zentroa, Ihobe (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Herri-baltzua), Arabako Natur Institutua, Arabako Natur Zientzien Museoa, Aranzadi Zientzia Elkartea, Sestaoko Natur Zientzien Elkartea eta Espainiako Landareen Kontserbazio Biologiaren Elkartea (SEBiCoP). Biltzarraren idazkaritza-lanak Aranzadi Zientzia Elkarteak egingo ditu eta hark emango dizkizue xehetasunak haien berri jasotzen dugun neurrian.

Ohikoa denez, SEBiCoPen VII. Biltzarraren helburua landareen biodibertsitarearen kontserbazioarekin lotutako aurrerapenak ezagutaraztea izango da. Horren baitan, era askotako gaiak landuko ditu: landareen ikerketa molekularrak, ugalketako biologia, in situ-ex situ kontserbazioko ekintzak, landare-populazioen demografiari eta dinamikari buruzko ikerketak eta ingurune naturalaren kudeaketa-estrategiak. Gainera, Gasteizeko biltzarrerako ardatz nagusi gisa honako hau aukeratu dute: bizi dugun mundu mailako aldaketak landareen dibertsitaterako dakarren mehatxua.

Hiru eguneko iraupena izango duen biltzar horretan (aurreko edizioek baino egun bat gutxiagoko iraupena izango du), ahozko komunikazioak eta poster-formatuan egindakoak aurkeztu ahal izango dira. Horrez gain, landareen dibertsitatearen kontserbazioarekin lotutako gai jakinak eztabaidatzeko eta aztertzeko saio paraleloak egingo dira. Hizlariek egindako ekarpenak, poster-formatuko komunikazioak eta sortuko diren eztabaidak erabilita, biltzarraren ondorioak idatziko ditugu gero. Azken egunean, gertu-gertutik ezagutuko ditugu Olarizuko Lorategi Botanikoan eta Izkiko Parke Naturalean mehatxupean dauden landare-espezie batzuekin lotuta egiten ari diren kontserbazio- eta monitorizazio-lanak. Horretarako, txangoak eskualde atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko trantsizioa mugatzen duten mendietara eta haranetara eramango gaitu.

Bigarren zirkularrean (2015eko apirila) aurkeztuko dugu egitarau zehatza eta biltzarrean izena emateko eta Gasteizen ostatu hartzeko erreserbak egiteko epea zabalduko da.Bitartean, begirada bat bota diezaiokezue lantzen eta osatzen ari garen web-orri honi.

Euskadik, 7.200 km2 eskaseko azalera duenak, habitaten eta espezieen aniztasun handia jasotzen du. Autonomia-erkidegoko endemismo esklusiboak gutxi diren arren, flora iberiarraren eta Europaren erdialdeko floraren artean, Kantabriar mendikateen eta Pirinioetako mendikateen artean, duen muga-izaera dela eta, aberastasun biologiko handia topa dezakegu bertan. Beste eskualde batzuetan bezalaxe, klima-fenomenoak (kostaldeko ekaitzen kopurua eta intentsitatea areagotu izanaren ondorioz, adibidez), habitata suntsitu edo gaizki kudeatu izana eta espezie exotiko inbaditzaileen presentzia dira aniztasun hori arriskuan jartzen duten faktore nagusiak. Espezieen galera eta habitaten degradazioa geldiarazteko, kontserbazioa hobetzeko eta mehatxupean dauden landare-populazioak sendotu ahal izateko, tokiko, probintziako eta autonomia mailako erakundeak, elkarteak eta ikerketa-zentroak proiektuak garatzen ari dira. Proiektu horiek era askotakoak dira mehatxupeko populazioen kontserbazio eta bideragarritasun azterketak, populazio horien ex situ kontserbazioa eta in situ indartze lanak eta interesezko habitatak lehengoratzea, adibidez. Biltzarrak lan horietako batzuk ezagutarazteko eta esperientziak parte-hartzaile guztien ekarpenekin alderatzeko aukera eskainiko digu.

Biltzarra egingo dugun hiria, Gasteiz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua da. Arabako lautadaren erdi-erdian dago eta azken urteotan ingurune naturalaren kontserbazioa bereziki azpimarratu eta landu dute bertan. Hiriaren eraztun berdea, Salburuako hezeguneak, Olarizuko Lorategi Botanikoa, Gasteizko Mendiak Kontserbazio Bereziko Eremua edo 2012ko Europako Hiriburu Berdea saria dira gai horren inguruan eta ingurune naturalarekiko beren gain hartutako konpromisoari dagokionez Euskadiko hiriburuak eskaintzen dituen erakusgarri onenetako batzuk.

Azkenik, paragrafo bat eskaini nahiko genieke zuetariko askok ezagutuko zenituzten eta duela gutxi gure albotik alde egin zuten Euskadiko bi botanikariri. Pedro Uribe-Echebarria eta Carlos Aseginolaza, lagun bikainak. Lan ordainezinak, gure inguruneko aberastasun biologikoa ezagutzeko eta baloratzeko ezinbestekoak, zor dizkiegu. Biltzar honek gure omenaldi xume gisa eta beren lanak gure artean iraungo duela gogorarazteko balioko duela espero dugu.

Zuen zain izango gara Gasteizen irailaren 30ean!

Erakunde antolatzaileak

 

Erakunde partehartzaileak