Ahaide Nagusiak
Lurralde Historikoek bilakaera historikoa izan dutela sarri ahazten dugula ematen du. Gipuzkoaren osagaiak eta mugak aldakorrak izan dira denboran zehar. Eta Gipuzkoaren izaera juridikoa eta politikoa mamitu arte ere, gertakizun historiko asko jazo egin dira. Web gune hau 1300-1550 urteen bitartean kokatuko genuke. Hau da, Gipuzkoako antolakuntza probintziala gauzatu aurretik. Ahaide Nagusien garaia da.
Bi Bando
XIV. mendean zehar bi alderdi eratu eta gorpuztu ziren Euskal Herrian zehar, eta bereziki Gipuzkoan.

Bando Gerratea
Bi alderdi hauen garapenak, bizimoldeak eta irauteko bideak gerra egoera sortu zuten. Guda honen une gorena XIV. mendearen bukaera eta XV. mendearen hasieran izan zen.
Bandoen Amaiera
Hiribilduak oinarri hartuta, egitura politiko berria sortu zen Gipuzkoan. Gipuzkoako Probintziak Ahaide Nagusiak gainditu eta leinuak irentsi egin zituen.
Dorretxeak
Gizarte hartako aztarna material gutxi kontserbatu da. Dorretxeak leinuen sorburu eta ospearen erakusle ziren. Tamalez, egun ikus ditzakegun dorretxe gehienak ez dira Ahaide Nagusien egoitza izan.
Eresiak
Banderizoen gerrateak oihartzun handia izan omen zuen ahozko literaturan. Borrokaldiak, mendekuak, eta bestelako pasadizoak bertsoka eta koplaka kontatzen ziren.
Bibliografia
Adituen ekarpen berriak Deustuko Unibertsitatetik (E. Barrena, J.A. Marin, J.A.Achón) eta Euskal Herriko Unibertsitatetik (J.A. Fernández de Larrea, J.R. Diaz de Durana) etorri dira nagusiki.
Hauekin batera, Aranzadi Zientzi Elkarteak egin dituen hainbat indusketek (Igartza, Galartza,...) eta Gonzalez Cembellínek dorretxeei buruz plazaratutako hausnarketak ere datu berriak ekarri dituzte.
Index Ahaide Nagusiak Bi bando Bando Gerratea Bandoen Amaiera Dorretxeak Eresiak Bibliografia
Bandoen
Lehiakideak
| Gipuzkoako
Hermandadea
| Gaztelako Erregea | 1456. urteko Aupada | Gipuzkoa Garaile


Lehen ikusi dugun lehiakortasun ireki eta bortitza, nolabait mugatua zen, batzuen eta besteen artean lehian edo kolokan zeuden baliabideak beti berak ziren eta.



Bandoen Lehiakideak

Gainera, Ahaide Nagusien gizartearen sendotasuna ahultzen zituzten bestelako eragileak azalduko dira. Esate baterako: Ahaide Nagusiengandik at giza-sare berriak sortzea. Gizarte ezberdin hauek hiribilduetan gorpuzten ziren. Herrietako harresien artean, Nagusien antolakuntzak ezartzen zuen menpetasuna lausotzen zen beste legedi eta eskubide baten pean. Era berean, esan dugun moduan, hiribilduak ere baliabideen inguruko lehiakortasunean ezinbestean sartzen ziren. Eta, batez ere, erregeen zerbitzari emankorrak bilakatzen jakin zuten. Zerbitzariak baino, alabak. Izan ere, senidetasunaren hizkera erabilgarria zen oraindik politikan.



Gipuzkoako Hermandadea

Horrela, Gipuzkoako Lurraldean antolatu ziren hiribilduek anai-arrebatzat jotzen zuten beren burua. Haien arteko parekotasun harremana islatzen zuten horrela. Osatzen zuten egitura “Hermandadea” zen. Hiribilduek ez zuten Ahaide Nagusirik eduki nahi, aita bat nahi zuten. Eta aita hori erregearengan bilatu zuten.

Haiek ere erregea lehenetsi arren, Ahaide Nagusiek ez zuten onartzen anaitasun horrek eskatzen zuen berdintasuna. Gipuzkoako antolaketa mota hori ezin zuten bereganatu. Bere menpekoek izan behar zutenek eskatzen zieten berdintasun harremana ezin zuten, inolaz ere, barneratu. Are gutxiago Gipuzkoako Hermandadekoek aldarrikatzen zuten aitonensemetza orokorra.



Gaztelako Erregea

Horrela, 1397an, Gaztelako erregearen laguntzaz, Gipuzkoan zehar Nagusiengandik at antolatutakoek Gipuzkoako Hermandadea sortu zuten, Ahaide Nagusiak kriminaltzat eta gaizkiletzat jotzen zuena. Hermandadeak ere ekintza armatuak burutzen zituen, Ahaideen dorreen aurka zein Nagusien eta bere menpekoen kontra.

Honi erantzuteko, Ahaide Nagusiek bandoen arteko ezberdintasunak alboratu eta “probintziatasuna” islatzen zutenaren aurka ekin zioten.

Hala, 1448. urtean Arrasate erre izana gudaren mugarria dela diogu. Izan ere, hemendik aurrera, hiribilduak Gaztelako erregearen eskutik arituko dira. Haren eskutik eta haren gerizpeak ziurtatzen zuen bermeaz. Gipuzkoa osoan zehar eskumen bakarra zabaltzen saiatuko ziren. Nagusien ekintzak epaitzen eta zigortzen zituzten. Legeak sortzeko eta epaiketak burutzeko ahalmenak Ahaide Nagusiei ukatzen zitzaizkien. Horrela, mendekuak, aupadak eta buruz-burukoak desagerrarazi nahi zituzten.



1456. urteko Aupada

Ahaide Nagusiak azken kolpe bat ematen saiatu ziren: 1456. urteko aupada. Hiribilduetako ordezkariei erronka jo zieten, armaz eta buruz buru nagusitasuna nork erakutsiko.
[Erronka]

Honen ondorioz, Probintzia moduan antolatzen ari zirenak eta Gaztelako Enrike IV.aren arteko elkarlana areagotu egin zen. Nagusiak Gipuzkoatik kanpo erbesteratuak izan ziren eta beren gotorlekuak eta dorretxeak birrinduak.
[Zigorra]

Erregeak, baina, ez zuen eten Nagusiekiko lotura. Aitzitik, beren balorea erakusteko bide egokiago bat eskatu zien: Andaluzia konkistatzen parte hartzea, alegia. Estepona eta Jimena izan ziren gure Ahaideen helmugak. Bertan, gehiago balio izateko aukera izan zuten. Erregearen zerbitzuan eta armak erabiliz, gainera. 1460. urtean, indultoa eskaini eta Ahaide Nagusiak Gipuzkoara itzuli ziren.
[Barkamena]



Gipuzkoa Garaile.

Alabaina, Probintziako partaide arruntak izateari uko egiten zioten oraindik. Oraingo honetan, baina, guda irekia jada baztertuta zegoen: nagusitasuna aldarrikatzeko bide judizialak erabiltzen ziren. Hau dela-eta, nahiz eta batzuetan hiriak eta Nagusiak elkarrekin bake-akordioak –meniak– sinatu, gerratea ez zen bukatu era ofizial batean, alegia, probintziaren eta ahaideen arteko itun baten edo antzeko zerbaiten bitartez. Ahaide Nagusiek ez zuketen horrelakorik onartu, beren burua besteen gainetik ikusten zuten eta.

Hortaz, bandoen gerratearen amaiera isilpekoa izan zela esan dezakegu. Gainera, leinuetako adar askok hiribilduetan txertatzen eta bertako gobernuan parte hartzen jakin zuten. Horretarako, bere deituraren izenean aritu beharrean, auzokidetzaren izenean jardutea zuten baldintza. Bide hau ere ez zen batere samurra suertatu, eta tira-bira hauek XV. mendean zehar iraun zuten.

Azkenik, baina, ez Ganboarengatik ezta Oinatzengatik. Alderdikeriak baztertu, deitura alboratu eta hiriaren zein Probintziaren izenean jardutea gailendu egin zen. Une honetan tokiak eta lurraldetasunak senidetasunari nagusitzen hasi zitzaizkion.


Bandoen
Lehiakideak
| Gipuzkoako
Hermandadea
| Gaztelako Erregea | 1456. urteko Aupada | Gipuzkoa Garaile


Web gune hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzaz eratu da. Eragin.comek diseinatu eta ekoiztu du Aranzadi Zientzi Elkartearentzat.