Ahaide Nagusiak
Lurralde Historikoek bilakaera historikoa izan dutela sarri ahazten dugula ematen du. Gipuzkoaren osagaiak eta mugak aldakorrak izan dira denboran zehar. Eta Gipuzkoaren izaera juridikoa eta politikoa mamitu arte ere, gertakizun historiko asko jazo egin dira. Web gune hau 1300-1550 urteen bitartean kokatuko genuke. Hau da, Gipuzkoako antolakuntza probintziala gauzatu aurretik. Ahaide Nagusien garaia da.
Bi Bando
XIV. mendean zehar bi alderdi eratu eta gorpuztu ziren Euskal Herrian zehar, eta bereziki Gipuzkoan.

Bando Gerratea
Bi alderdi hauen garapenak, bizimoldeak eta irauteko bideak gerra egoera sortu zuten. Guda honen une gorena XIV. mendearen bukaera eta XV. mendearen hasieran izan zen.
Bandoen Amaiera
Hiribilduak oinarri hartuta, egitura politiko berria sortu zen Gipuzkoan. Gipuzkoako Probintziak Ahaide Nagusiak gainditu eta leinuak irentsi egin zituen.
Dorretxeak
Gizarte hartako aztarna material gutxi kontserbatu da. Dorretxeak leinuen sorburu eta ospearen erakusle ziren. Tamalez, egun ikus ditzakegun dorretxe gehienak ez dira Ahaide Nagusien egoitza izan.
Eresiak
Banderizoen gerrateak oihartzun handia izan omen zuen ahozko literaturan. Borrokaldiak, mendekuak, eta bestelako pasadizoak bertsoka eta koplaka kontatzen ziren.
Bibliografia
Adituen ekarpen berriak Deustuko Unibertsitatetik (E. Barrena, J.A. Marin, J.A.Achón) eta Euskal Herriko Unibertsitatetik (J.A. Fernández de Larrea, J.R. Diaz de Durana) etorri dira nagusiki.
Hauekin batera, Aranzadi Zientzi Elkarteak egin dituen hainbat indusketek (Igartza, Galartza,...) eta Gonzalez Cembellínek dorretxeei buruz plazaratutako hausnarketak ere datu berriak ekarri dituzte.
Index Ahaide Nagusiak Bi bando Bando Gerratea Bandoen Amaiera Dorretxeak Eresiak Bibliografia


Euskal klasikoei esker, banderizoen garaiko eresiak ezagutzen ditugu. Tamalez, oso kopla gutxi gorde dira, eta ez beti osoak. Gorde diren apur hauek orduan kantatzen zirenen zati txiki bat baino ez omen dira.
Bestalde, guztiz ulergarria da banderizoen balentriek eta krudelkeriek hainbeste kantu sortu izana. Ikusgarriak izateaz gain, giza-taldearen barruan sendiaren historia eta jarduera jakinarazteko biderik egokienak ziren.
Eresia hauetan, emakumeek toki berezia betetzen zuten: hala kantore moduan nola protagonista gisara. Ez nolanahiko protagonista, gainera, leinuaren mendekua antolatzea ere bere esku gelditzen zela ematen baitu: Bereterretxeren arreba, Milia Lasturgoa,...

Hemen bildu diren eresiei dagokienez, KM kulturguneak eskaintzen dituen link-ak erabili ditugu. Izan ere, Koldo Mitxelenak berak eresia askoren komentarioak egin zituen Testos arcaicos vascos liburuan. Orain, Euskal testuen Gordailuak liburu hau digitalizatuta eskeintzen du, –www.vc.ehus.es/gordailua/– eta eresiak eskuratzeko sarrera zuzenak ematen ditu. Honako hauek dira:

www.vc.ehu.es/gordailua/martin_banez.htm
www.vc.ehu.es/gordailua/beotibarko_kanta.htm
www.vc.ehu.es/gordailua/pedro_abendano.htm
www.vc.ehu.es/gordailua/82-83.htm
www.vc.ehu.es/gordailua/lazkanoren_kanta.htm
www.vc.ehu.es/gordailua/milialastukore.htm
www.vc.ehu.es/gordailua/88-89.htm

Gehienetan, jatorrizko bertsioak jaso zuenaren komentarioak agertzen dira ere. Honek eresia sortarazi zuen gertaera ezagutzen laguntzen digu. Gipuzkoari dagokionez, Esteban Garibai dugu jatorrizko informatzaile nagusia. Pentsatzekoa denez, honek Arrasate inguruko eresien berri ematen digu.

Bestalde, Ibon Sarasolak ere beste koplak batzuk jaso zituen. Honek ere oso ikerketa interesgarriak egiten ditu, jaso diren bertsio ezberdinak konparatuz, beti ere hizkuntzaren aldetik.
Bere lanetik "Bretainako kanta" hartu dugu. Dena den, kopiatzeko garaian egungo grafia erabiltzea erabaki dugula argitu behar da. Izan ere, guk azpimarratu nahi dugun aldea ez da literarioa ezta hizkuntzalaritzakoa ere. Esan bezala, hori Sarasolaren lana izan da. Gure interesa kopletan jasotzen diren pasadizoak modu ulergarri batean jasotzea baino ez da.

Bretainiako kanta: Alfonso Otazuk argitaratuta; Ibon Sarasolak komentatuta. 1500. urtearen inguruan konposatua. Oinaztar zein ganboatar elkarrekin aritzen dira hemen.

Salinasgoa Konde guztien da jabe,
Gipuzkoa herrian on guztien burua.
Guztiok digoe borondatez segitzen,
Ganboarrakin Oinaztarrok konforme.
Bizkaitikan be ere akonpainatzen debe.
Bretoe gaiztoen bekatuak kastigatzen.
Konde handi horrek juntadu ditu laster
Donostiko hirian, Pasagen enbarkatu,
Ontzi handiak txipiakin flota andia atera.
Frantziaren bistan Ziudadea dirudi.
Donostiako murruan, Islaren goienean,
Abade guztiak daode prozisioan,
Mile bendizio egozten digoela.
Donzella guztiak daode belauriko.
Jaungoikoa debeela erreguten
Degiola eman Konde laztanari
Bitoria handia gaiztoen kontra;
Bizitzea debala onrarekin seguru.
Bretainia guztia bentziturik, datorren
Konde galant hori Gipuzkoako herrira,
Non izango baita, beti bezela, buru
Nobleza guztiaren anitz estimatua.
Pobluaren onra danak bezela.
Guztiak daduzka bere agintean.
Guztiok dioe hamar bider amen.

Azkenik, ezinbestekoa dugu banderizoen gaia jorratzen duen eresirik ezagunena agertzea: Mikel Laboak eta J.M. Bedexagarrek hain herrikoia bihurtu duten “Bereterretxeren kantorea”. Kasu honetan, Mauleko “Sü Hazia” elkarteak Ostatü kantore bilduman karrikaratu zuen bertsioa plazaratzen dugu.

Haltzak eztü bihotzik
Ez gaztanberak ezürrik
Ez nian uste erraiten ziela aitunen semeek gezürrik


Andozeko ibarra
Ala ibar lüzia
Hiruretan ebaki zeitan armarik gabe bihotza


Berterretxek ohetik
Neskatuari eztiki
Abil eta so’ginezan ageri denez gizonik


Neskatuak berehala
Ikhusi zian bezala
Hiru dozena bazabilzala leiho batetik bestera


Berterretxek leihotik
Juan kuntiari goraintzi
Ehün behi bazereitzola bere zezena ondotik


Mari Santzen lasterra
Jaun kuntiarren borthala
Ai! Ei! eta Jauna, non düzie ene seme galanta


Juan kuntiak berehala
Traidore batek bezala
Berterretx aigü borthala, ützüliren hiz berehala


Ama indazüt athorra
Mënturaz sekülakua
Bizi denak orhit ükhenen dü Bazko biharramena


Mari Santzen lasterra
Bost Mendietan behera
Lakarri Büztanobian sartü bi belainak herresta


Büztanobi gaztia
Ene anaie maitia
Hitzaz hunik ezpalinbada, mentüraz ene semia juan da


Arreba, ago ixilik
Ez, othoi, egin nigarrik
Hire semia bizi balinbada, mentüraz Mauleala da


Hik bahiana semerik
Berterretxez besterik
Ezpeldoi altian dün hilik, abil eraikan bizirik

Ezpeldoiko jentiak
Ala sendimentü gabiak
Hila hain huilan üken eta deusere eztakienak

Ezpeldoiko alhaba
Margarita deitzen da
Berterretxen odoletik ahürkaz biltzen ari da

Ezpeldoiko bükhata
Ala bükhata ederra
Berterretxen athorretarik hiru dozena ümen da






Web gune hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzaz eratu da. Eragin.comek diseinatu eta ekoiztu du Aranzadi Zientzi Elkartearentzat.