Aitzita gaztelua Irurtzungo Haitzbitarteko mendebaldeko haitzean zegoen, Aralar mendizerrari dagokiona alegia. Goialde horretatik, hegoaldera eta ekialdera, 30 kilometroko luzera duen Sakana harana eta igarobidearen zati handi bat ikusten da

Gaztelua aspaldiko eta egungo bidegurutze nagusi baten gainean eta haran eta arroen arteko pasabideen lokarritik gertu zegoenez, bere egitekoak hauexek izan zitezkeen: talaia, bide kontrola eta komunikazio puntua. Horretaz gain, Etxeberri herritik datorren bidea zainduko zuen, Larrazpil mendiko hego malda zeharkatzen duena, Aralar aldera joateko. Beste adar bat Goldaratz aldera zihoan.

1210ekoa da oraingoz aurkitutako lehenengo aipamena, Ayçyta idatzia jatorrizkoan. Urte hartako uztailean Antso VII.a Azkarrak, beste erabaki eta onuren batzuen artean, Irurtzungo eta inguruko hainbat herritako biztanleei gaztelura lan egitera ez joateko baimena eman zien 1.000 sosen truke. Agiri horretan oinarrituta, batzuek gazteluaren sorrera urte horren inguruan kokatzen dute, aipatutako erregearen defentsa antolakuntza berrian, bereziki Araba eta Gipuzkoa galdu ondoren. Eraikin berria egin ez bazuen ere, beharbada lehenagotik zegoena garai hartako beharretara egokitu zuten.

1259an Martin Garceiz de Eusa zen gazteluburua Aitzita eta Irulegin, Aitzitako soldata 6 libera eta 35 kaizakoa urteko zelarik. 1266an jarraitzen zuen Irulegi gazteluan, baina Aitzitan Sakanerriko gizon bat zen arduraduna, Semen Garceiz d’Arbiçu.

XIII, XIV eta XV. mendetako gazteluburu gehienen izenak agirietan geratu zaizkigu, Nafarroako errege gazteluetan ohikoa dena. Hasierakoak bereziki, gaztelutik urruti samarrekoak ziren Uritz, Garruze, Urrotz eta Araitz leinukoak eta Latasa, Arbizu eta Erasokoak (Etxeberriko leinua) geroago, gazteluaren garrantziaren galeraren lekuko, aldaketa hori ere.

Gazteluburuaren soldata arrunta ere murriztuz joan zen. XIII. mendearen bukaerako 8 libera eta 40 kaiza garitik 6 libera eta 30 kaizara pasa zen, XIV. mendearen hasieran. 1355ean, bertakoa soldata Nafarroako errege gazteluen artean apalenetakoa zen, ondoko Orarregikoarekin batera, urtekoa 20 sos eta 10 kaiza garikoa baitzen. Miguel Dominguez de Arbizu zen arduraduna baina soldata horrekin ziurrenik ez zuen gazteluan bizi behar, bisitak egitera beharturik zegoen, besterik ez. Konpontzeko lanen berri ere aurki daitezke Iruñan dagoen Nafarroako Agiritegi Orokorrean (1280, 1300, 1334, 1338, 1342 eta 1344 urteetan). Dena dela, ez dira asko, beste gaztelu batzuekin alderatuz gero.

XIV. mendeko bigarren erdialdean gotorlekua egitekorik gabe geratu zen, ez baitago konpontzeko lanen gasturik ezta gaztelubururik ere. 1364tik aurrera gazteluko giltza duenari ordaintzen zaio, guarda izendapenez. Geroago kontuetan, “no es pagado” (1400) esaten da edo “es derribado” (1405) zehazten da.

Dena den, XV. mendeko hirurogeiko hamarkadan gaztelua berriro erabili zuten Nafarroako barneko gerretan, eta borrokek erdi-erdian harrapatu zuten, 1461ean Juan de Eraso agertzen delarik gazteluburu gisa. 1462an, Joan II.ak (erregealdia: 1425-79) Erasori Goldarazko errentak emango zizkion gaztelua eta eskualdea leinukoen laguntzaz berreskuratzeagatik beaumondarrei kenduta. Gazteluburutzan jarraitu zuen Erasokoak baina 1474an erregeak berak aitortzen zuen Luis Beaumonte Kondestableak gaztelua suntsitu zuela. Ziurrenik 1471 urte inguruan gertatu zen hori. Geroztik ez dago berririk Nafarroako agirietan, baina, harritzekoa bada ere, Zurita aragoar kronikariak gaztelua 1512an birrindutakoen artean aipatzen du, Nafarroak burujabetza galdu zuenean.

Konpontzeko lanen agiriek gazteluaren egituraz xehetasun urri batzuk ematen dizkigute. Esate baterako, eraikin edo etxe batzuk zeudela gaztelu barruan, estalkiak konpondu baitzituzten 1280 eta 1334 urteetan gutxienez, eta zaintzarako garita bat egin zutela harresi gainean geroago, 1344an.

Gazteluaren tontorra bereiztu zuten ebaketa bat eginez lubaki edo lubanarro gisa. 10 edo 11 metro zabalerako ebaketa hori mendiaren soslaian nabari da. Honen gainean, ebaketaren beste aldean, egun lehenengo harresiaren aztarnak hasten dira, oso xumeak, eta hegoaldeko itxierakoak izango ziren. Gorago, konkorraren goiko aldean, hormatalen oinarri gehiago nabari dira, horien artean 12 metroko murru bati dagozkionak, toki batzuetan 4 harri ilaraz osatua.

Goialdea laua da, 24 x 8 metrokoa, gizakiak lautua, eta iparraldean harri lerroren bat geratzen da, amildegiaren gainean. Azken hau izan ezik, goiko alde horretan egun ez dago ezer aipatzerik, ez patinarik, ez dorre nagusirik… Goialdeko ekialdeko muturretik mendebaldeko ebaketaraino 75 metro daude eta hori da ziurtzat jo daitekeen gazteluaren gutxieneko luzera.

Gailurrerian eta hegoaldeko maldan teila puska handiak eta zeramikak daude.

Bibliografia osagarria:
- Altadill, Julio. “Castillos medioevales de Nabarra”. I.go liburukia, Donostia, 1934, 68-69.orr.
- Martinena Ruiz, Juan Jose. “Castillos reales de Navarra (siglos XIII-XVI)”. Iruña, 1994.