Leintz bailarako 736 metroko garaierako haitz batean kokatzen zen gaztelua, Eskoriatzako Bolibar auzoan, eta hortik zetorkion betiko izena, Aitzorrotz. Arabatik Arlaban mendatean zehar doan bideak egiten zuen garrantzitsua gotorlekua, behealdetik doana. Mendeetan zehar lotura nagusienetako bat izan da kostalde eta barrualdeko lurren artean.

Antso VI.a Jakituna eta Antso VII.a Azkarra nafar erregeekin unitate administratiboaren egoitza zen gaztelua, 1184tik aurrera Aitzorrotz agirietan agertzen hasten baita, edukitzaile batekin: Enecone de Oriz. 1185 eta 1188. urteen arteko hainbat itunetan eta forutan, Aitzorrotz aipatzen ez denean, Eneko de Oritz “dominante et in Ypuzcoa…” edo “Eneco Oriz in Alava et in Ypuzcoa” izendatzen denez, gutxienez 1184tik Araba eta Gipuzkoako tenentzien egoitza izatea egotzi diote Aitzorrotzi.

1194ko urtarrilan gazteluaren arduradun berri bat ezagutzen dugu, Pedro Ladron, Petro Latrone Aitççorrotç jatorrizkoan. Gebara deitura hartuko duen leinuko burua zen bera. 1195ean, Antso Azkarraren izendapenez, Lope Sanchezek Arluzeako tenentzia utzi eta Arabako eta Gipuzkoakoa hartu zituen, Aitzorrotzen.

1199-1200 urteetako gertaerekin Ximenez de Radak Aicorroz aipatzen du errege gaztelarrak eskuraturik. Egoera berri hori geroxeago islatzen da 1217ko erosketa baten agiriaren bukaerarekin: “Regnante in Castella rege Enricho et in Alaua dominante Lupo Didaci: et tenente Aicorroz et Udala”.

Gaztelako erregeari atxikirik, ez dago berririk gazteluaren gobernuaz Erdi Aroko azken hiru mendeetan eta ez dago frogatzerik Gebaratarren esku zegoenik, nahiz eta ingurukoa Oñatiko kondeari zegokion.

Zenbait aipamenek bandoen arteko liskarrek geldiarazteko papera egotzi diote gazteluari XV. mendean, 1457 eta 1463 urte bitartean gehien bat, eta gaztelua erregearen esku zegoela. Horrela, esate baterako, Enrike IV.ak 1461ean Leintz bailarakoei eta Gipuzkoako Anaidiari agurtu eta saritzeko zera esaten zien: “de la buena orden e manera que avedes tenido por mi servicio sobre el socorro de Ozcorroz e…”. Albiste horren ondoren, askotan historialariek nahasten dituzte Aitzorrotz eta Iturengo Ozkorrotz edo Ortzorrotz gazteluak.

Aipatzen diren lehenbiziko aurkikuntzak (giza hezurrak, burdinezko arma zatiak, erromatar garaiko txanponak…) ez dira kontserbatu ikertu ahal izateko, ezta 1926an Reca jaunak indusketetan jaso zituenak ere. Geroago, 1968 eta 1969an Ignacio Barandiaranek gazteluaren eremuko zati zabal bat, 30 bat metro karratu, indusi zuen Erdi Aroko egitura eta materialak argitara ekarriz. Orain arte, egin den azterketa sakonena da berea. Egin diren azken indusketak 2001-2002. urteen artean izan dira Mertxe Urteagaren eskutik.

Gaztelua haitzaren gainaldean eraiki zuten, inguru osoan dauden amildegiak aprobetxatuz defentsarako. 470 metro karratu inguruko barruti hori tokira egokitzen da, oinplanoa karratu samarra hartuta, 31 metro luze eta 25 bat zabal. Oraindik hegoaldea eta mendebaldea ixten zuen murrua nabari da, 1,25-1,75 metro inguruko zabalera zuena. Barrutiaren barnean aldiz, 3,50 metro sakonera duen ur-depositoa azaldu da.

Patinaren aztarnak eta beste horma zati batzuk ere azaldu dira, nahiz eta guzti honen gainean Done Kurutzearen baseliza eraiki duten.

Gazteluaren barruti horretaz gain, ez da baztertzen haitzaren behealdean etxeak edo herrixka bat egotea, eta gazteluak bigarren barruti bat izatea ekialdean, beherago eta txikiagoa, atari aurrean.

Indusitako geruzek azaltzen dutenez, gotorlekuaren eraikuntza XI-XII. mendeen inguruan kokatzen du Ignacio Barandiaranek eta, hipotesi gisa ere, XIV eta XV. mendeen zehar tarte luzez gaztelua ez zutela erabili esaten du, beharbada Enrike IV.aren erregealdia arte. Ekarpena ere, XIV. mendeko gazteluburu baten izena brontzezko zigilu baten idatziari esker: “+SIDARPERECALDAPE+” (SI[gillum] D[e] AR[nalt] PEREÇ [de] ALDAPE. Bestalde, haitzean bertan eta inguruan behin eta berriz aipatu dira erromatarren arrastoak baina ez da ziurtasun osoz garai hartako egitura arkitektoniko bat aurkitu. Inguruetan azaldu dena ordea, kobazulo txiki bat izan da non Brontze Aroko aztarnak azaldu diren, garai bereko beste gaztelu batzuekin gertatu den antzera, Jentilbaratza edo Ausa esaterako.

Bibliografia osagarria:

- Barandiaran, Ignacio. “Excavaciones en Aitzorrotz 1968”. Munibe, XXII urtea (1970), 3-4 zkiak, 125-164. orr.
- Mariezkurrena, Koro; Altuna, Jesus. “Alimentación de origen animal de los habitantes del castillo de Aitzorrotz (Escoriaza, Guipúzcoa)”. Munibe, 33 urtea (1981), 3-4 zkiak, 199-229. orr.
- Martinez Diez, Gonzalo. “Guipuzcoa en los albores de su historia”. Donostia, 1975.