Ausa, Gaztelu mendiaren tontorrean kokatzen da, 904 metro i.m.g., Txindoki menditik begiratuta mendebaldean eta Errekontako lepoaz Aralar mendizerrari lotuta, Zaldibiako lurraldean.

XII. mendearen amaieran Gipuzkoa eta Nafarroaren artean jarritako mugan kokatuta egonda, agirietan geratu diren egitekoak muga zaintzari lotzen dute beti. Baina muga baino zaharragoa denez, gazteluaren sorrera eskualdeko jarduera ekonomiko nagusiari lotu behar zaio, abeltzaintzari, garai hartan belardiak baitziren aberastasuna. Aralarko bi sarbide artean dago gazteluaren mendia.

Gaztelako Alfontso VIII.aren konkistarekin, 1199-1200 urteetan, Ximenez de Radak bere Rebus hispaniae-n Aussam jasotzen du, beraz, gaztelua bazegoen gertu erresumen arteko mugak ezartzen hasi zirenean.

Nafarren esku zegoen berriro, Ataungoarekin batera, XIII. mendeko bigarren hamarkadatik aurrera. 1222ko abuztuaren 29an, Antso VII.a Azkarraren agindu batean lekuko gisa Almorauit tenente Aussa irakurtzen da.

XIII. mende horren bigarren erdialdetik mugaren inguruko liskarren berri dugu, Ataun eta Ausako gazteluburua Pedro Sanchez de Guipuzcoa zelarik (gutxienez 1259-1266). 1261ean Burunda ondoko Eznatean nafar, gipuzkoar eta arabarrak, azken bi hauek gaztelar gisa, bildu ziren mugako inguruko bortxakeriei amaiera emateko asmoz. Gipuzkoarrek eginiko bi salaketetan, azienda ostu ondoren lapurrak Ausa gazteluan babestu egiten zirela jasotzen da. Badirudi, abere-lapurrek zigorra ordez, babesa lortzen zutela nafar erregeen muga-gazteluetan garai horietan.

Aipatutako arduradunak urte horietan Ausa eta Ataun gazteluengatik 20 libera eta 100 kaiza jasotzen zituen, eta bi gaztelu horien soldatak berdinak izango ziren hurrengo urteetan.

Tiebasko gazteluan eginiko ekitaldi batean 1276an, Nafarroako Guda piztu baino lehen, Fortun Iñiguez de Urdaniz zaldunak Ausa gazteluaren ardura hartu zuen Eustaquio de Beaumarchais orduko gobernadore eta Gartzia Almorabiten eskutik, Joana I.ari leialtasun zina eginez. 1290ean, arbizuar bat zegoen Ausako gazteluburutzan, Garcia Martinez de Oyanederra. Baina, gaztelu honen alkaidetza maiz Iruñea edo Mendialdeko meinoaren esku zegoen, mugako beste gazteluko ardura batzuekin batera askotan. 1297an adibidez, Pedro Jimenez de Mirafuentes meinoa, aldi berean Ausa, Gorriti eta Ozkorrozko gazteluburua zen.

Soldataz eta gazteluaren arduradunez gain, Nafarroako Agiritegi Orokorrean azken urteetako konponketei buruzko albisteak iritsi zaizkigu. Gerlarien bizitokia, garitak eta dorre bat egurrez berregin zituzten 1333an. 1334an 15 libera erabili ziren konponketetan. 1335ean, gipuzkoarrek suntsitu baino lehen, 50 libera gastatu ziren, besteak beste, Larraun aldera (Larrunarri) begira zegoen murruaren baten konponketan.

XVI. mendean, bertan izandako liskar eta gertakizunen berri ere baditugu agirietan. Egin beharreko konponketa lanak eragozten zituzten borroka horiek. 1321ean, esate baterako, langileak “no osaban ir por miedo a los ipuzcoanos” eta orduko Mendialdeko meinoak joan behar izan zuen bederatzi zaldun eta berrehun oinezkoekin sei egunez. Kopuru horrek, bestalde, gazteluaren tamaina azpimarratzen du.

1321etik zegoen Pedro Ladron de Guevara gazteluburutzan eta azkena izango zen. Soldata 10 libera eta 50 kaizakoa zen, XIII. mendearen bukaeran bezala, baina horretaz gain, 20 libera urteko jasotzen zuen mesnada gisa, gerlari talde bat prest izateagatik. 1334an Gobernadoreak herritarrei dei egin zien gaztelukoentzat laguntza eske: “por mandamiento del Gouernador, como nueuas li fuessen uenidas que los de Lazcano con sus comarquas et los d’Oynaz con toda la hermandat de Ypuzcoa, tenian cercado el castyello d’Aussa, del rey nuestro seynnor, et lo combatian de noche et de dia”.

Erasotzaileek alde egin zuten Gobernadoreak prestaturiko gerlariak iritsi baino lehen helburua lortu gabe. Dakigunez 1335ean Gebaratarrak beste bi ezkutariekin batera, ehun oinezko zituen Ausan.

Baina urte horretan gipuzkoarrek berriro Ausa hesitu zuten eta oraingo honetan hartu egin zuten. Hiru merinaldeko bizilagunek eta mesnada jasotzen zutenek prestatu behar izan zuten gaztelua laguntzera joateko. Oinaztarrek eraikina suntsitu ondoren alde egin zuten Nafarroatik antolatutako gudarostea iritsi baino lehen.

Nafarrek ez zuten berriro berreraiki gaztelu aurreratu hau, “que es dentro en Ipuzcoa”(1321), eta gotorlekua galdu zuen arduraduna, Pedro Ladron Gevara, erregeak zigortu zuen Nafarroan zituen ondasun guztiak kenduz.

Dirudienez, orokorrean gazteluaren egitura oinplano biribileko dorre nagusia eta inguruan harresi batez osatutako barruti bat zen (20x18 metro). Beherago, iparraldean eta mendebaldean, bigarren barruti bat zegoen, nahiz eta egun harresien aztarnak xumeagoak izan. Bigarren barruti horrekin, multzoak triangelu itxura hartzen du.

Dorre nagusia sendoa zen oso, ziklopea, murruen lodiera 1’85 metrokoa baitzen. Barruko diametroa, berriz, 3 metrokoa gutxi gora-behera. Beraz, 6’60 metro zen diametro osoa eta erdia baino gehiago murrua (3’7 metro, %55). Beharbada, hasiera batean gaztelua dorretzar soil bat zen eta, egiteko berriekin, garatu egin zuten inguruan barrutiak sortuz.

Barruti nagusiko hegoaldean, Barandiaranek egindako lehenengo indusketetan (1916), sakonune bat zegoela adierazten zuen, patinaren arrastoa izan zitekeena. Indusketa lanak egiten ari dira 1998az geroztik, Iñaki Padilla arkeologoaren eskutik.


Bibliografia osagarria:
- Altadill, Julio. “Castillos medioevales de Nabarra”. I.go liburukia, Donostia, 1934, 97-102.orr.
- Barandiaran, Jose Miguel de. “Excavaciones en Jentilbaratza y Kobalde (Ataun)(Campaña de 1971)”. Munibe XXIX urtea (1977). 3-4 zkiak. 195-212. orr.
- Martinena Ruiz, Juan Jose. “Castillos reales de Navarra (siglos XIII-XVI)”. Iruña, 1994.
- Padilla Lapuente, Jose Ignacio. Indusketei buruzko laburpenak Arkeoikuska aldizkarian (1999, 107-113. orr.; 2000, 99-105. orr.).