Gaztelua lerro bat osatzen duten Arkaleko harkaitzetan kokatzen da, Oiartzungo Gurutze auzoan, haitz garaienetako batean (265 metro i.m.g.), multzoaren ekialdeko muturretik gertu. Gotorlekuaren egitekoari dagokionez Txingudi badia zelatatzeko talaia bat zela esan izan dute edo agian behealdeko betiko igarobidearen kontrola izango zuen helburu, besterik ez, lurraldea antolatzeaz gain. Batzuek atzerago bota dute eraikuntza eta erromatarren garaian Arditurri meategien eta Oiassoko kaien arteko bidea zaintzeko zerbait gotortua eraiki zutela ikusi nahi izan dute, iritzia garai hartako aztarnek sustatuta, Andrearriagako hilarria eta Beloaga toponimoa barne.

Erdi Aroan, Nafarroako erregeek zeukaten Beloaga gaztelua Gaztelako Alfontso VIII.ak 1200ean eskuratu zuen arte, Ximenez de Radak idatzitako kronikan jasota. Tokiak berebiziko garrantzia zuen Gaztelako erregearentzat, Gipuzkoa osoa bezala, Akitaniako Leonorrekin ezkonduta baitzegoen eta honek hainbat eskubide zuen Gaskonian.

1203an, errege gaztelar horrek Hondarribiari eman zion hiri-gutuna eta zenbaiten aburuz Beloaga aipatzen da udalerriaren mugarri gisa, Belfa toponimoarekin: “De ribo de Iharcem usque ad ribum de Fonterabia et de Pena de Aia usque ad mare et terminum de Lesaca usque ad mare et de Belfa usque ad mare et terminum de Yrun cum omnibus inde habitantibus”.


Nafarroatik gertu zegoen gaztelua, eta Nafarroa eta Gaztelako erresumen arteko liskarrek eragina izango zuten bertan. Hala ere, gazteluari dagozkion aipamen zehatzik ez badugu ere, aztarna arkeologikoek adierazten dutenez XIII-XIV mendeetan erabilia izan zen. Zeharkako beste aipamen bat 1366ko Libourneko hitzarmenean dago, Nafarroako erregeari emandakoa adierazterakoan: “las villas e castillos de Tolosa, de Segura, de Mondragon, de Oyarçu, de Fuenterrabia, de Sant Sebastian, de Guetaria, de Motrico”. 1368an Nafarroako gerlariak Gipuzkoan sartu ziren eta agintariak ezarri zituzten hainbat tokitan, Oiartzungo eskualdean Huart jauna kapitaina izanik.


Muga arazoek beharbada garrantzia emango zioten gazteluari, baina lurraldea antolatzeari dagokionez, gazteluek ordurako galdua zuten egitekoa, hiriguneek hartu baitzuten ardura. Hala eta guztiz ere, ezin ditugu baztertu beste egiteko batzuk gotorlekurako, mende horietan gaztelua erabilia izanaren beste motako frogak baititugu.

Izan ere, Enrike IV.aren eta nobleen arteko gatazketan, Garcia Lopez de Ayala mariskalak, Gipuzkoako meino nagusia zelarik, Alfontso erregegaiaren alde jarri zen eta Beloaga gaztelua eskuratuta, bertatik eta Hondarribiaren ingurutik igaro behar ziren merkatariei lapurtzeari ekin zion. Gipuzkoako Anaidiak eskatuta, Enrike IV.ak baimena eta dirua eman zion gaztelua hartu eta suntsi zezan 1466. urtean.

Gaztelua birrinduta, kokalekua, beti estrategikoa, erabili zuten hainbat gerratan, Konbentzio gerran eta karlistaldietan bereziki. II. Karlistaldian eginiko fuerteari Arkale esaten zioten. XIX. mendearen bukaera fuerte erraldoi bat eraiki nahi izan zuten inguruan beste seirekin batera. Guadalupe, San Markos eta Txoritokieta bakarrik gauzatu ziren. Geroago, gazteluaren kokalekua zulatu eta hegoaldeko maldan hainbat eraikin egin zituzten 1936ko gerra bukatu ondoren, Pirinio guztian zehar babes lerro berri bat eratu zutelarik.

Egun Karlistaldiko aztarnak dira gehienbat ikusten direnak. Erdi Aroko gaztelua, hiru barrutiz jarraian eta mailakatuak osatua omen zegoen, 80 metroko luzerarekin. Gotorlekuaren ekialdeko barrutian, garaiera gutxienekoa, ez dago aztarna arkitektonikorik, haitza landuaren arrastoak, besterik ez. Harresien aztarnak daude beste bietan.

Dena den, aztarnategia ikertu duten arkeologoek Erdi Aroko gaztelua barruti batera mugatzen dute, garaienera, mendebaldekoa alegia, egun 10 x 12,5 metroko hedadurarekin. Horien arabera karlistaldietan hedatu zuten gotorlekua bigarren esparrura, oinplano angeluzuzeneko barruti zabalago bat sortuz, 20 x 12 metrokoa. Horren arabera, erdiko esparruan aurkitutako Erdi Aroko aztarnak, goiko barrutitik eroriak izango ziren, testuingurutik kanpo baitzeuden. Teoria horrekin, gaztelua dorretzar bat izango zen.

Barruti nagusi edo garaienak dorre itxura hartzen duen arren, hego-mendebaldeko izkinari atxikita beste 2’5 metroko luzapena dugu eraikia eta mendebaldean zehar plataforma antzeko esparru bat. Mendebaldeko harresian sarrera bat dago eta hor hormak bi metroko lodiera hartzen du behealdean. Barruti horretan oraindik, murruen garaiera bi metro t’erdira iristen da, barrualdetik neurturik.

Indusketetan Erdi Aroko geldikinak aurkitu zituzten: hezurrak, zeramika puskak, XIII-XIV. mendeen arteko gezi-puntak eta XV.eko txanponak. Gertu leize bat aipatzen du arkeologoak, nahiz eta ez zuten ezer nabarmentzekorik aurkitu.

Bibliografia osagarria:
- Rodriguez Salis, Jaime. Indusketei buruzko laburpenak Arkeoikuska aldizkarian (1983, 44-46.orr.; 1984, 44.orr.)