Donostia hiriko iparraldean kokatuta zegoen gaztelua, 120 metro garaierakoa Urgull mendiaren gailurrean. Mendia hegoaldeko muinoei lotuta zegoen hondarrezko mingain batez, orain zeharo hiritartua, gainontzeko hiru laurdenak itsasoa zirelarik. Gazteluaren egitekoa hiriaren defentsaren osagarria izatean zetzan eta horregatik gazteluaren historia hiriarenarekin lotuta doa. Egiteko horrekin, gaztelua poliki-poliki mendi osora hedatu zen, dagoeneko Erdi Arotik kanpo. Donostiako etxeek beti mugan egonda, itsasoa muga baita, gaztelu bat beharrezkoa zuten, eta are gehiago bere lurretan talka egiten zutenean Euskal Herria estutzen zuten bi erresumek.

XII. mendean hasten da aipatzen hirigune bat eta 1180 urte inguruan, Nafarroako Antso VI.a Jakitunak forua eman zion hiriari. Agirian gazteluaren aipamenik jasotzen ez bada ere, dagoeneko hiriaren gotortze egituraren partea izango zen. Beranduago, 1194 urtetik, Antso VII.a Azkarrak Urgull gaina gotorrago egin omen zuen eta, berak jarrita, 1199ko martxoan Iohane de Bidauri aipatzen da edukitzailea Donostian.

1200ean Nafarroa erresumatik Gaztelara igaro ziren gazteluen artean dago Donostiakoa, Ximenez de Rada artzapezpikuak aipatua. Ondoren, Alfontso VIII.a errege gaztelarrak jarri zuen Diego Lopez de Haro Bizkaiko III. jauna eskuratutako lurraldeetan arduradun gisa. Urte hartako agirietan gaztelarra erregetzat jotzen da “Gaztelan, Araban, Kanpezun, Marañonen, Gipuzkoan eta Donostian” eta bizkaitarra, berriz, edukitzailetzat “Sorian, Naiaran, Marañonen eta Donostian”.

Gaztelako Pedro I.a eta Enrike II.a anaiordeen arteko gerrak sortutako nahastea aprobetxatuz eta egindako hitzarmenei esker, Karlos II.a saiatu zen lurraldea berreskuratzen, Gipuzkoako zenbait leinuen leialtasuna lortuta. 1368an Amezketako jauna, Pedro Lopez, izendatu zuen “merino et capitan del termino de San Sebastian”. Gaztelak 1373an berriro bereganatu zuen lurraldea.

1476an nabarmen geratu zen hiriko babes sistemaren ahulezia, frantses osteek Joana Beltranejaren aldekoekin Isabel I.aren aurka, Donostiako harresia erautsi zutenean. Dena den, ez zuten lortu gaztelua hartzea. Ondoren, Espainiako Errege Katolikoek defentsaren berregituraketa sakona bultzatu zuten. Horrela, hiria bera gotortzeaz gain, Erdi Aroko gazteluko dorretzarraren hegoaldean, berari atxikita, hiriaren aldean alegia, deitutako Erreginaren kuboa eraiki zuten, 20 metroko diametroa izanik eta goian plataforma bat jarri zuten bonbardak kokatu ahal izateko. Bitxia bada ere, matxo hitzak iraun du Donostian italierako maschio hitzetik eratorria, dorretzarra. Horretaz gain, ekialde eta mendebaldeko maldetatik hiriari lotu zioten gaztelua, bi harresien bitartez.

Egungo goialdeko plataforman, 1995ean, indusketa lanak egin zituzten Mertxe Urteagaren gidaritzapean eta garai batean Nafarroan ohikoa zen egitura bat aurkitu zutela adierazi dute: oinplano angeluzuzena eta lau izkinetan dorre biribilak. Egungo iparraldeko ate inguruan izango zuen sarrera eta eratutako barruti erdian dorre nagusia zegoen, karratua. Eredu nafar horrek XII. mendeko bigarren erdialdean gaztelua eraiki edo berrantolatu zutela esan nahiko luke, Antso VI.a Jakitunaren edo Antso VII.a Azkarraren urteetan, 1150-1200, Euskal Herriko mendebaldea gotortzeari ekin ziotenean.

Geroago, 1552tik aurrera tropa iraunkorrak finkatu ziren hirian eta gazteluan, hau kuartelarena egiten. XVI. mendea zen eta Errenazimentuko berrikuntza militarrak ziren. Hiria, Urgulleko gaztelua eta kaiak, hirurek, multzo gotortu bat osatu zuten, Urgull osoa ziudadela gisa ikusita. Mende horietan defentsak eguneratu eta egokitzen zituzten. Donostiako lanak bere gain hartzen zituzten Espainiako inginiari ospetsuenak, besteak beste, T.Espanochi (1595) eta H.Torrelli (1686).

Hiria militar beharraren menpe geratu zen, baita gazteluan gertatzen ziren istripuen ondorioen menpe ere. Horrela, 1575ean bolbora zuten hogeita bost upel su hartu zuten eta hiria erre egin zen. 1688an tximista batek bolborategia jo eta eztanda egin zuen, etxeei kalte eginez eta eraikin asko konpontzera behartuz.

1719an Berwick dukeak gerlari frantsesekin gaztelua hartzea lortu zuen estreinako aldiz. Gertaerak defentsa sistema berriro ere berraztertuarazi zuen eta beste eraikin batzuk egin ziren: Santiagoko kanoitegia, Gobernadorearen kanoitegia, Bardokasekoa edo Begiratokiko gotorlekua.

Konbentzioko Gerraren (1793-95) bigarren atalean frantsesek ia tirorik egin gabe gainditu zuten Gipuzkoako frentea eta Donostia etsi egin zen. Handik gutxira, 1808an, Napoleonen gerlariak ere hirian sartu ziren borrokatu gabe eta bost urtez bertan egon ziren. Alde egiteko, hesi odoltsu eta luze baten ondoren, ingeles eta portugaldar gerlariak hirian sartu behar izan ziren 1813ko abuztuaren 31an. Wellington dukearen gerlariek arpilatu, suntsitu eta su eman zioten hiriari, frantsesek gazteluan gordetzen ziren bitartean. Gehiegikeriak irailaren 8 arte iraun zuen, gaztelukoek etsi zuten arte. Eraso horretan eta Berwick-ek egindakoan, toki berean pitzatu zuten harresia, egungo La Bretxa deritzan tokian.


XIX. mendeko gainontzeko bi gerratan paper are eskasagoa izan zuen gazteluak. I.go Karlistaldikoa da Urgulleko harresi zirrituduna. Bigarren Karlistaldian ere hiria liberalen alde jarri zen eta karlisten setio eta bonbardaketak pairatu zituen berriro. Garai hartakoa da kanpai-tokia, karlistek Bordatxo (Arratzain) menditik tiro egiten zutenean zelatariak 14 segundo zituen hiritarrei jakinarazteko.

Egun eskura ditugun aztarnen artean aipamen berezia merezi dute agiri kartografiakoek, gehienbat Frantziako eta Espainiako agiritegi militarretan gordeta. Izaera militarrari zor dio hiriak behin eta berriro ikonografia historikoan islatu izana eta horri esker gazteluaren itxura XVI. mendetik aurrera ezagutzen dugu. Irudirik zaharrena 1552koa da.

Bibliografia osagarria:
- Gómez Piñeiro, Javier eta beste batzuk. “Documentos cartográficos históricos de Gipuzkoa. I-Servicio Geográfico del Ejército”. Donostia, 1994.
- Mexia, Fernando. “Santa Cruz de la Mota izeneko Gaztelu erakuslea”. 1968ko gidaren euskaratzailearen izena ez dakar liburuxkak.
- Urteaga, Mertxe. “La fortificación de Santa Cruz de la Mota. Urgull. Donostia-San Sebastián”. Arkeolan, 3 zkia. (1997), 29-36.orr.