Gazteluberri gotorlekua izen bera duten bi haitz bikien arteko garaienaren goikaldean kokatzen da, 860 metro i.m.g., Gipuzkoako Partzuergo Txikia edo Komun Txikiaren lurretan. Bertaraino iristea oso zaila suertatzen da duen aldaparengatik, azken zatian bereziki. Etxegarate eta Otzaurteko igarobideen gain-gainean ikusten da mendia. Bide zaintza horretan, egungo Nafarroako mugatik 600 bat metrotara geratzen da.

Orain arte, eraikin horri ez zaio Erdi Aroko agiririk egotzi eta mendiko izenak lagundu behar izan du argitzeko zer diren goialdeko aztarna xumeak, 1516an Gazteluberria aipatuta azaltzen delarik.

Gazteluberri izenak, bestalde, gertu zegoen gotorleku zaharrago baten adierazle izan daiteke. Hipotesi gisa, haitz motako gaztelu bat zegoen inguruetan artzaintzari lotuta, eta bazter horietan bi erresumen arteko muga sortu zenean, XIII. mendean, gaztelu berri bat eraiki zuten behar berriei aurre egiteko.


Dena dela, horrela bazen, XIV eta XV. mendeetako agirietan, muga arazoak zirela eta, askotan mendiko inguruak aipatzen zituztenez, agertu beharko zen. Albiste ezak gaztelua berantiarragoa dela pentsarazten du. XV. mendean zehar jaun feudal edo meino matxinatuek eginiko gazteluen eta mota guztietako gotorlekuen erabilerari buruzko berriak idatzietan geratu dira (Arrasate, Beloaga, Hondarribia, Aitzorrotz...) eta indusketek mende horretan berrerabilerak edo gotortze lan berriak antzeman dituzte (Aitzorrotz, Mendikute). Giro bortitz horretan beharbada, gaztelua eraiki zuten eta horregatik datorkio izenari berri adjektiboa. San Adrian gotorlekuari buruzko lehenengo aipua ere XV. mendearen bigarren erdialdekoa da eta Nafarroan, bertako gerra zibilekin, hainbat gaztelu berrerabili edo eraiki zituzten.

Historiarik ez, kondaira bat jaso zuen Josemiel Barandiaranek, gaztelu batek baino gehiagok duena, eta ondo irakurrita beharbada argiren bat eman dezake gotorlekuaren erabiltzaileei buruz, arrotzak omen ziren eta. Jentilak bizi ziren goialdean eta herritarrek, euren bidegabekeri eta gaiztakeriez nekatuta, armaz aurre egin zieten eta alde egitera behartu zituzten Añabaso eta Sandrati mendatetik.

Aranzadi, Eguren eta Barandiaran hirukote ikerlari ospetsuak, 1920ko uztailean Altzaniako trikuharriak aztertzen ari zirela, Gazteluberrin bi egun eman zituzten indusketak egiten, hormek eta kondairek erakarrita. Animalien hezurrez eta zeramika zatiez gain, burdinazko ezproi bat eta labain txiki bat aurkitu zituzten, baita berunezko bala biriil bat ere, XIX. mendeko karlistaldien lekuko.

Geratzen diren aztarnak benetan urriak dira, goialde inguruko harresia ia zeharo desagertu baita eta lur azalaren gainean sakonuneak eta haitza landua besterik ez baita nabari. Gaztelua haitz horren goialdera mugaturik bazegoen, oinplanoa nahiko biribila izango zen, 20 bat metroko diametroarekin. Izandako gazteluaren eremuaren erdi-erdian, suteak behatzeko etxola bat eraiki zuten, egun bazterturik.

Bestalde, haitzetik gertu, 1960. urtean, Espainiako Felipe II.aren 50 txanpon aurkitu zituzten, zintzarri batean.

Bibliografia osagarria:
- Barandiaran, Jose Miguel de. “Obras completas”. VIII. liburukia, 46-47.orr.