853 metro garaierako muino luze baten goialdean kokatzen zen, Malkoraundi izenekoa baina egun baselizagatik Santa Barbara izenez ezagunagoa. Mendiaren behealdetik igarotzen ziren artaldeak udara/negua txangoetan, Aralarren emateko uda eta itsasertzetik gertuago negua. Bestalde, Gorriti 7 bide handien bidegurutzea dela esan esaten da.

Ez dago jakiterik abelbide eta bidegurutze horien gainean gaztelu bat noiztik zegoen baina 1200 urtekoa baino gerokoa dela esan ohi da, ondorengo urteetako gazteluaren egiteko nagusia ikusita alde batetik eta ez dagoela aipamen zaharragorik jakinda bestetik. Dena den, 1205eko maiatzean Eximino de Aibar agertzen da gazteluburu gisa Antso VII.a Azkarrak eginiko dohaintza-truke batean. Zaila da ezer ez egotea 5 urte lehenago toki horretan. 1208ko urritik aurrera Garcia Espinel agertzen da gazteluburutzan.

Baina Gorritiko gaztelua maizago aipatzen da Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga gauzatzen denean eta bi erresumen artean banatzen zituztenean inguruko mendi eta haranak.


Leinuek eta pobreziak bultzatutako mugako liskarrak hasten dira XIII. mendearen bigarren erdialderako. 1261ean Eznatean bildurik arabar eta nafarrekin, gipuzkoarrek erreklamazio zerrenda luze bat aurkeztu zuten. Bertan Corbaran de Bidaurrek gerlari talde batekin eginiko erasoa jasotzen da: Lizartza herrira joan eta 7 upel sagardo bota zituzten eta hainbat gauza lapurtu. Handik Machala tokira (Maala baserria?) joan eta beste 5 upel sagardo bota eta gero, baleztak, aiztoak, bi kapa eta 45 sos eraman zituzten. Bahiturik bi gizon ere eraman zituzten Gorritiko gaztelura eta 400 sos ordaindu behar izan zuten askatzeko.

Beste erreklamazio batean Gorritiko gazteluburua, titulua aipatzen da baina ez izena, lapurreta batean nahasten dute zuzenean.

Askotan bezala, Mendialdeko meinoaren esku zegoen gaztelua 1259an, Irurita, Orarregi eta Ozkorrotz gazteluekin batera. Pedro Garceisek zuen ardura 1265ean, 10 libera eta 50 kaizako soldatarekin eta 1266an Pedro Aznariz Gorriak hartzen du lekukoa. García Almoravid zalduna zen gazteluburu 1272an eta Pedro Ximénez de Mirafuentes meinoaren esku zeuden Gorriti, Ausa eta Ozkorrozko alkaidetzak, 1297an.

Gipuzkoarrek orduko gazteluburua, Diego Sanchez de Garriz, eta bi garruztar adiskide harrapatu zituzten 1305ean, txerri lapurretan zebiltzalako dirudienez. Mendialdeko meinoak, Johan Martínez de Necuesa, askatzera joan behar izan zuen. Ez dugu Diego Sanchez de Garriz berriro ikusten Gorritin, bai ordea aipatutako meinoa.

Mugako egoera gaiztotzen joan zen urte guzti horietan. Ez zuten ezertarako balio Eznateako, Uliko eta antzeko bilerak edo meinoei bidalitako mezuak nafarrek ez ditzaten lapurretarik egin Gipuzkoan.

1309an, orduko Mendialdeko meinoa, Joan Lopiz de Urroz, oinaztarren atzetik ibili zen Leitza eta mugaren artean Martin Periz hil eta Pedro Périz hartu zuelarik preso. Honek, bi hilabete igaro zituen Gorritiko gazteluan, Senescalek askatzeko agindua eman zuen arte.

Baina 1321eko irailaren hasieran Gorritiko gaztelua hartu zuten Gipuzkoako oinaztarrek. Joan Lopiz de Urrozek jarraitzen zuen meino eta Gorriti, Aitzita eta Iruritako gazteluburua zen ere. Egun batzuk pasa eta gero, Lekunberrin bildu ziren gerlariak gaztelua berreskuratzeko asmoz, eta, Mendialdeko meinoaz gain, Nafarroako sei edo zazpi handiki eta Lizarrerriko meinoa, Dru de Saint-Pol, zeuden. Gerlarien burua, orduko gobernadorea zen, Ponz de Mortaigne, Aunay-ko bizkondea.

Lekunberritik abiatuta, Gorriti bost egunez hesitu eta hartu ondoren, Gipuzkoa aldera jo zuten gerlari gehienak. Berastegi erre eta gero, Tolosarako bidean segada batean erori ziren Beotibar tokian, 1321eko irailaren 19an. Hildako nafarren artean Mendialdeko eta Lizarrerriko meinoak zeuden.

Dirudienez, Pere Arnalt de Urtubiak, Urtubiako jaunak, hartu zituen meino kargua eta Gorriti, Irurita eta Leitzako alkaidetzak, bazuen Ozkorrozkoaz gain. Gorritin 40 gerlari jarri zituen irailaren 22tik aurrera.

1328ko alkaidea, Juan Garcia de Reta, Mendialdeko meinoa eta Iruritako alkaidea zen. Garai hartan, Gorritiko alkaidetzaren soldata 10 libera eta 50 kaizakoa zen, ez zen handienetako bat, baina bai bataz bestetik goragokoa. 1335eko liskarretan Gorritin bereziki jarrita 50 oinezko zeuden 2 buruzagiekin.

XIV. mendearen erdialdean Gorritiko gazteluan konponketa asko eta beharrezkoak egin zituzten. 1345ean esate baterako, idazten zen: “no avía logar do en cubierto podies iazer el alcait”. Horrela, 1345 eta 1355 artean, hiru urteetan izan ezik, urtero gotortzeko edo konpontzeko lanak egin zituzten. 1352an, dorre nagusia 6 codo garaiago egin zuten, almena berriak jarri eta estalkia eta bi garita konpondu zituzten. Urte horietan, soldata arrunta handienetako bat zuen, 8 libera eta 40 kaiza garikoa.

1381ean kanpoko harresia berregin zuten zati batean, 10 braza garaierakoa oinarriak barne, eta 3’5 codo lodierakoa zela jasotzen du agiriak.

Erosoago egin zuten gaztelua eta soldata ere interesgarria omen zen, meinoz gain, garaiko jaun batzuk egon baitziren urte horietan gazteluburutzan: Erasokoa (1360-62; 1379-85; 1420-27), Narbartekoa (1362-71; 1372-74), Azpilkuetakoa (1409-20). Azken honi, Juan García de Hualde, 1414ean soldatatik 6 libera eta 30 kaiza kendu zizkioten burutu ez zituen konponketak egin zitzan. Geroago, 1418ko lanetan bera kontratista gisa ibili zen, inork ez baitzuen lan hori egin nahi finkatutako prezioarekin.

1427an, Erasoko jauna hil zenean, bere alarguna, Teresa de Zarauz, gazteluko alcaytesa eta tenedora zen. Bera gazteluburua zela, eta nahiz eta 50 gerlari egon, 1429-30eko gaztelarren aurkako gerran gipuzkoarrek berriro hartu zuten gaztelua. Herria ere erre egin zuten 1430 urte hartan. Gazteluak gaztelarren esku jarraitu zuen, 1436. urte arte.

Juan lopez de Eraso, Larraun haraneko alkatea, izan zen Gorritin ordaindutako hurrengo gazteluburua 1439an. 1444-52 urteen artean luis de Beaumontek, bertara bizitzera joan behar ez izateko, Araizko Martín Martínez de Errazkunsagasti, ondoren Miguel de Agorreta eta azkenik Martin Miguel de Zurutuza jarri zituen gazteluburu bezala bera ordezka zitzaten. 1460an Michel de Ezquer edo Ezquerra gazteluburua zen eta 1464an Ochoa de Leiza.

Geroztik, gaztelua desagertu zen paperetatik eta ez dago inolako berririk jasotzerik agiritegietan edo idatzietan. Kokalekua bera ere zalantzan egon da.

Iritsi zaizkigun aztarnak ez dira ikusgarriak, hormataletako harriak lurrean sartuak baitira, egun terrazei eutsiz, edo pilaturik baitaude kareorerik gabe. Dena dela, oso ondo nabari dira inguruan lubanarroak beharrezkoak ziren tokietan, malda ez ziren tokietan, haitza landuz eginak baitira, baita ere goialdean geratu diren maila ezberdinak.

Dirudienez, oinplanoak “L” bat egiten zuen, alde luzea I-H norabidearekin eta motza E-M, biak iparraldeko muturrean elkarturik. Alde luzea 50 metro ingurukoa da eta 40koa bestea, beti lubanarrorena egiten zuten ebaketatik hasita, eurek sartu gabe.

Dorre nagusia gaur egun baseliza dagoen tokian egon zitekeen eta patina, gertu, hegoaldeko sakonune batean. 1345ean dorre nagusiaren estalkiaren inguruan ubide bat jarri zuten euri-ura patinara eramateko. Dorre nagusiaz gain, beste harrizko dorre berezitua zegoen, Sugar Torr izenekoa, 1354an eroria. 1417an etxe bat berreraiki zuten, 12 x 12 codoskoa zuen oinplanoa, eta gela batzuk “clamadas en bascuenz guelgas” zituen. Eraikin bati jauregi esaten zioten 1345ean eta pago oholez 3 alde itxi egin zituzten. Ziurrenik, laugarren aldea gazteluko harresia izango zen.

Konponketa txiki bat egin zuten 1259an barbakanan. Horren arabera, ondo erabili bazuten hitza, urte hartan bazegoen gazteluaren barrutitik at esparru gotortu bat. Aipamena goiztiarra da eta beharbada geroago barneratu zuten harresiak luzatuz edo bigarren harresi batez. 1381eko agiri batek harresi bati “kanpokoa” esaten dio, harresiak bat baino gehiago izango balira bezala. Agirietan askotan garitak aipatzen dira.

2001. urtean hasi dira indusketa lanak egiten

Bibliografia osagarria:
- Altadill, Julio. “Castillos medioevales de Nabarra”. II. Liburukia. Donostia, 1934, 93-95. orr.
- Campión, Arturo. “Gacetilla de la historia de Nabarra. Crónica negra, Euskariana, quinta serie”. Iruña, 1915.
- Martinena Ruiz, Juan Jose. “Castillos reales de Navarra (siglos XIII-XVI)”. Iruña, 1994.