Gaztelua Erdi Aroko Hondarribiko hiriguneko tokirik garaienean kokatuta dago, 29 metrotan i.m.g., hiri-harresiaren zati bat zenez. Hasieratik bi egiteko nagusi zituen Erdi Aroan, Txingudi badiaren zaindari izatea eta muga gertu izanik, lurralderako sarrera zaintzea. Lehenengo betebeharra zaharragoa zen, eskualdea babestea itsasotik zetozen erasoei aurre egiteko, besteak beste normandoena. Lehenago, Oiasoko portua zela eta, gazteluaren muino azpitik ibiliko ziren erromatar garaiko ontziak eta ezin da baztertu han eraikinaren bat egotea.

Bigarren egitekoari dagokionez, 1200etik aurrera, Nafarroa, Gaztela eta Ingalaterraren arteko mugatik gertu zegoela gogoratu behar da eta Erdi Aroaren azken hamarkadetatik Frantzia eta Espainiaren interesen borroka leku bilakatu zela eskualdea, itsasoz nahiz lurraz. Hondarribiak izena gorde du, bestalde, igarobide izandako jatorria: hondar ibia.

Esaten denez, Nafarroako erregea zen Antso Abarkari (erregealdia: 970-99) zor zaio hasierako eraikuntza, baina zenbait berrik askoz zaharrago dela diote, Rekaredo bisigodoaren garaikoa. Dena den, kondaira horiek indartzen dute 1000. urtean baino lehen eraikin gotortu bat egotearen iritzia, gehienbat itsaso aldetik etorritako arerioei aurre egiteko.

Baina Hondarribia ez da ikusten eskualde garrantzitsu baten hiriburu gisa, Donostiako barrutian sartzen baitu Antso VI.a Jakitunak hiri horri emandako foruan, 1180. urte inguruan. Ondoren, Antso VII.a Azkarrak handitu eta gotortu omen zuen gaztelua Nafarrari zegokion itsasertz guztia bezala, baina horretaz agiririk ez dago. 1200ean Gaztelako Alfontso VIII.ak eskuratu zuen eta Ximenez de Radak aipatzen du Fontem Rapitum eskuratutakoen artean.

1204an erregea larri gaixotu zen eta eginiko testamentuan Nafarroari kendutako hainbat lurralde eta gaztelu itzultzeko agintzen zuen, Hondarribiakoa tartean. Sendatu zenean ordea, ez zuen Hondarribia eta Donostiari agindutako bete. Nafarroako erregeek 1524. urtera arte mota guztietako ahaleginak egin zituzten Hondarribia berreskuratzeko eta tarte batzuetan lortu ere egin zuten.

XV. mendean Garcia Lopez de Ayala mariskalak, Gipuzkoako meino nagusia zela, aurre egin zion Gaztelako Enrike IV.ari, Oiartzungo Beloaga eta Hondarribiako gazteluak zituela, inguruetan lapurretak eta bestelako bortxakeriak eginez. 1466an, erregeak Gipuzkoako Anaidiari bere izenean gazteluak berreskuratzeko agindua eman zion eta ehun mila marabedi bidali zizkion. Hondarribiko gaztelua hartuta, Anaidiaren esku mantendu zen zenbait urtez eta 1470ean erregeak mariskalari berriz itzultzeko agindua eman zion.


1476 eta 1477an frantses gerlariek Hondarribia setiatu zuten, Gaztelako Isabel I.a Katolikoa eta Joana Beltranejaren arteko liskarretan burruntzalia sarturik. Ez zuten hiria eskuratu baina gertaerek kezka sortu zuten, baita Nafarroan ere, Joan II.ari zuzenduriko memorialaren arabera. Hesi horretako kanta bat ezagutzen da oraindik:
“Juan Lazkano beltzarana / Gipuzkoako kapitaina / Frantses osteak jakingo dik / Ura Ondarribiyan zana”

Aipatzekoa da ere XV. mendearen bukaeran, herriko Andre Mari eliza eraikuntza aurrera zihoala, orduko Gipuzkoako kapitainak lanak geldiarazi zituela. Antza denez, elizak hartuko zuen garaierak oztopatuko zuen gazteluko ikuspegia Bidasoa ibaiaren gainean. Agirietan ere hainbat gazteluburuen izenak geratu dira eta 1508.ean eginiko armen inbentarioa. Azpimarratzekoa da bertan erroldatutako 27 kanoi handi.

1521ean Nafarroako Enrike II.ak (erregealdia: 1517-55) armada bat eratu zuen bederatzi urte lehenago aitari kendutako erresumaren zatia berreskuratzeko, nafarren hirugarren eta azken saio armatua izango zena. Hondarribiako gaztelu eta hiria eskuratu zituzten urriaren 18an, saialdiaren bigarren zatian Noaingo bataila gertatu eta gero.

1524ko otsailean sartu ziren espainiarrak Hondarribiako hirian, Gaztelako kondestablea Iñigo Fernandez de Velasco buru zutelarik, eta etsi ziren gaskoi eta nafar gerlariak martxoaren 25ean. Bi urte t’erdi horretan Nafarroako bandera gorria zegoen gazteluan, ez Frantziako erregearena.

Karlos V.aren agindupean gaztelua zabaldu eta handitu zen, bolbora erabilerari egokituta gaurko itxura hartuz. Fuerte bat eta jauregi batez osaturik zegoen eraikina, Erdi Aroko gaztelua estaliz. Terrazak artilleria jartzeko prestatu zituzten, Bidasoaren beste ertzera begira. Erregeak berak gotorlekua ikuskatu zuen 1539an, Flandesera zihoala.

Hurrengo mendeetan, Hondarribiak, Euskal Herria osoa bezala, jasan behar izan zituen aldamenetako bi erresumen arteko talkak. Horrela, 69 egun luzez frantsesek setiatu zuten hiria, 1638an. 1719an Berwick-ko dukeak eta 1794an Konbentzioko gerlariek hiria bereganatu zuten.

1659an Pirinioetako Bakea izenpetu zen Bidasoa ibaian dagoen Faisaien edo Konferentzi uhartean, Espainia eta Frantziako gorteak bilduz. Horren ondorioz Espainiako Felipe IV.aren alaba, Teresa de Austria, Frantziako Luis XIV.arekin ezkondu zuten 1660an. Bezperan, aita eta alaba gazteluko jauregian ostatu hartu zuten.

XVIII. mendearen bukaeran gaztelua baztertu zuten erabat. XVI.etik aurrera herria bera zen gotorlekua eta gaztelua laguntzaile gisa agertzen zen. Orduko hainbat agirietan, esate baterako, Gobernadorearen gaztelua esaten zioten, han bizi baitzen erregearen ordezkaria. Kuartela gisa ere erabiltzen zuten eta 850 ohe omen zituen. Baina Hondarribia muga zaintzarako garrantzia galtzen ari zen, defendaezin bihurtzen baitzen Jaizkibelgo maldetan kanoiak jarriz gero, eta horrekin batera gaztelua egitekorik gabe geratzen zen. Madrileko eta Pariseko agiritegi militarretan XVI-XVIII. mendeetako Hondarribiari buruzko hainbat txosten, plano eta marrazki geratu dira.

Militarrek 1847an udalari eman zioten gaztelua eta 1968. urtetik ostatu gisa atondu dute, Karlos V.a izenarekin.

Egungo ostatuaren barruan Erdi Aroko gazteluaren aztarnak daude, gaurko eraikina baino dezente txikiagoa zena. Gotorlekuaren jatorrizko egiturak oinplano angeluzuzena zuen, oinplano biribileko dorrez hornituta izkinetan gazteluaren barruti aldera zabaldurik, eta ziurrenik dorre nagusi bat erdian, Nafarroako XII. mendeko gazteluaren eredu bati jarraituz.

Kubo haietariko bat besterik ez zen gordetzen, hego-ekialdeko izkinakoa. Baina 1990.eko hamarkadaren indusketei esker, bigarren dorre baten oinarriak agerian daude, ipar-ekialdekoa. Ostatuaren barruko hormetan igar daiteke guztira lau kubo egon zirela, beste arrastorik agerian ez badaude ere.

Egungo fatxada nagusia, mendebaldekoa, karratua eta laua, Karlos V.aren berrikuntzaren ondorioa da eta garai hartako gotorlekuari dagokio. Sendoa, hiru metroko lodiera, hainbat gerretako kanoikadaren markak gorde ditu eta ikusten den armarria, enperadorearena da.

Bibliografia osagarria:
- Izagirre Iñigiz, Martin. “Cartografía antigua y paisajes del Bidasoa”. Irun, 1994.
- Portu, Florentino. “Hondarribia: notas históricas y curiosidades”. Donostia, 1989.
- Iñaki Sagarzazuk gidatutako indusketaren aipamena “Carlos V.a Paradorea (Hondarribia)” izenburuz. Arkeoikuska-1991, 184-185. orr.