Aralar mendizerrarako sarbidea den Arrateta arroilaren gaineko haitz batean kokatzen zen gaztelua, 460 metro i.m.g., Jentilbaratza izenekoa Ataungo San Martin auzoan. Ximenez de Rada kronikariak Athavit aipatzen du Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak 1200. urtean eskuratutakoen artean. Beraz, erresumen arteko mugak sortzen direnerako bazegoen gotorleku bat, seguruenik artzaintzari lotuta.

Gertuko Ausa gazteluarekin batera, XIII. mendean berriro Nafarroako erregearen menpean zegoen, ziurrenik bigarren hamarkadatik aurrera, eta geroztik datorkie bi gaztelueri euskaldunen erresumako defentsa aurreratua izatea mende eta erdiz. Bestalde, horri esker, dokumentazio aberatsa iritsi zaigu, Nafarroako Agiritegi Orokorrean gordeta.


Mugako arazoak laster hasi ziren eta lapurretak, hilketak, erreketak eta gainontzeko bortizkeriak ugaritu ziren. 1261eko maiatzaren 1ean bildu ziren Eznatean bi erresumako ordezkariak. Arabar eta gipuzkoarrek, gaztelar gisa, idatzi baten bidez aurkeztutako kexak eta erreklamazioak jaso zituzten. Horietako salaketa batean ebatsitako hogeita sei txerri Ataungo gaztelura eraman eta jan egin zituztela esaten zen. Bereziki Ataun, Ausa eta Gorritiko errege gazteluen erabilera salatzen zuten gipuzkoarrek, lapurretak egiteko abiapuntua eta babeslekua omen ziren.

Bitxia bada ere, gipuzkoarra zen Ataungo eta Ausako gazteluzaina urte horietan, gutxienez 1259 eta 1266en artean, Pero Sanchiz d’Ipuzcoa, bi gotorlekuengatik 20 libera eta 100 kaiza urteko jasotzen zituen. Bietan gazteluzaina bera izatea urte askotan errepikatu zen eta soldata hori mantendu zen hainbat hamarkadatan. 1276an Rodrigo Pérez de Olalde zen alkaidea eta 1277an Joana I.a erreginari leialtasun zina egin zionean Roy Periz d’Ipuzcoa izendatu zuten. 1279an gipuzkoarrek gaztelua hesitu zuten baina alde egin behar izan zuten laguntza iristerakoan.

1294ko ikuskatze baten arabera, gaztelua erreta zegoen, eraikina neurri handi batean egurrezkoa izanaren adierazle. Ondoren egindako konpontze lan handietan 186 libera, 7 sos eta 8 diru ordaindu ziren.

Beste setio garrantzitsu bat 1335ean gertatu zen, Martin Perez de Lazkanok, Segurakoek eta Gipuzkoako Anaidiak antolatuta eta uztailean eta abuztuan gaztelua inguratua eduki zuten. Orduko Mendialdeko meinoak Aizkorriko Sandratiko inguruetan gipuzkoarrei hogeita hamaika laneko abere eta astoren bat bahitu zizkieten eta horiekin negoziatuz, hesia altxarazten saiatu ziren.

Karlos II.aren urteetan Nafarroako erreinuak, buruhausteak gutxitzeko edo, lapurrak ziren Gipuzkoako nobleak mugako zaindariak bilakatzeko prozesuari hasiera eman zion. Horretarako Gipuzkoako zenbait ezkutari basailu bilakatu zituzten errenta bat emanez mugako zaintza lanak egitearen truke. Hori zela eta, horietako bati eman zion hain zuzen Ataungo alkaidetza, Juan Sanchez de Urquiolari. 1368tik 1371ra egon zen karguan eta 1369an, alkaidearen soldataz gain, 8 libera eta 40 kaiza gari, 20 florin jaso zituen jarritako gerlariengatik. Honen semea, berriz, Gaztela eta Nafarroaren arteko guda izan zenean, 1378an, Gaztelaren alde borrokatu zuen.

Nafarroako Agiritegi Orokorrean ere, Comptos atalean bereziki, egin ziren zenbait konponketa lanen berri jasotzen dira. Idatzi batzuen arabera, dorre eta murruak eraikitzerakoan egurra eta harria batera erabiltzen zituzten eta askotan barruko eraikinak egurrezkoak ziren. Dorre nagusiak zurezko estalkia zuen eta bi aldiz bederen haizeak eraman zuen, 1346 eta 1372an. Dorre nagusiaz gain, beste bi dorre txiki omen zituen gazteluak eta 1355ean oholez estali zituzten. Murruei dagokienez, 1350ean berregin zuten Nafarroa aldera ematen zuena, gehien bat harria erabiliz. Berriro 1372an barruko etxeak berraltxatu behar izan zuten ez baitzegoen bertan bizitzerik eta orduan egindako zenbait lan gazteluzainak berak ordaindu behar izan zuen bere sakelatik, nahiz eta gero dirua berreskuratu.

1378an, erregearen aginduz, eta Gaztelaren aurkako gerra izan ondoren, Ataungo gaztelua lurreratu zuten balio ez zuelakoan. Harrezkero ez daukagu inolako berririk eta gotorlekuaren kokalekua Jentilbaratza izenarekin iritsi zaigu, Tartalo eta jentilei buruzko kondairaz josita.

Gazteluaren izandako barrutiak haitzaren goialde osoa hartzen du, zabalera 14 metro ingurukoa eta luzera 25 bat metrokoa zirelarik. Aztarnak xumeak dira eta osatuenak dira mendebaldeko harresiarenak, beste batek eginiko terraza batean eraikia. Bertan zegoen gazteluko atea. Barrutiaren hegoaldean patinaren aztarna garbia dago, egun forma irregularreko zuloa 2’5 x 4 metrokoa da.



Azkenik, haitzaren hegoaldeko amildegian, arroila gainean, zazpi bat metrotara beherago leize bat dago eta Barandiaranen arabera, leize hori zabaltzen da eta leiho gisako bao bat dauka ekialdeko amildegian. Leizeak gazteluarekin lotura dauka, haitzean mailak landu baitzituzten hara jaisteko.

Barandiaranek 1916an egindako ikerketan zenbait arrasto materialak jaso zituen: zeramika zatiak, burdinazko iltzeak, labaina punta bat, XII. mendeko kobrezko bi txanpon… Gazteluaren amildegiaren behealdean, 1928an, urrezko eraztun erromatar bat aurkitu zuten, arrano bat oinarri gainean grabatua daukana, ziurrenik gazteluan erabilia eta handik eroria.