Ez dakigu ziurtasun osoz gaztelu honen izena Erdi Aroan eta gaur egun aldaera askorekin idatziko ote den. Talaia paregabea den Mirutegi edo Morumendi izaneko haitz zorrotz (837 metro i.m.g.) baten behealdean kokatzen zen gaztelua, Aizkorriko mendizerran, Arabako Lautadaren ekialdea behatzeko, Nafarroarako bidean. Hainbat historialarik gazteluaren sorrera XII-XIII. mendeetan aipatzen dute, mugazaintza lana egokitzen zitzaiolarik ingurua bi erresumen arteko muga bihurtu zenean. Iritzi horren arabera, gotorlekuak garrantzia hartu zuen Sandratiko bidearen erabilera indartu zenean euskaldunen erresuma saiheste arren Araba eta Gaztelatik itsasorako ibilbidean.

Dena den, handik ezer gutxi ikusten da Nafarroaren aldera eta horrek gotorleku zaharrago baten ideia sustatzen duten historialarien alde jokatzen du, Iruñako erresuma defendatzeko eraikia izan zela IX edo X. mendean esaten dutenak, Araxa edo Araia izenarekin. Haranetik zihoan Astorga-Bordele bidetik, gertu zeuden Erdi Aroan desagertutako herriak (Aistra eta Amamio) eta inguruan artzaintzari lotutako bide eta larreak egotea ere lagungarriak suertatzen dira iritzi horretarako. Aldamenean dagoen Eneolitiko-Brontzetik Burdin Aro II.era erabilitako Txuriturri herrixka lekukoa da ere.
Bestalde, San Adrian eta Gasteiz arteko bidaia mozte arren, Araia herriaren jaitsiera baztertu eta Zalduondora egokitu zuten bidea, dagoeneko gazteluaren haitz ondoan igaro gabe. Geroago, Erdi Aroan oraindik, are motzago izateko bidea, Galarretara jaisten zen.

Marutegin ez dute indusketa lanik egin orain arte eta atxikitzen dizkioten aurkikuntzak, lur azalekoak dira: zilarrezko gerriko-belarri bat, 13 milimetroko botoi bat, eseki bat eta XIV eta XV. mendeko zeramika zati asko. Bestalde, haitzaren puntan dagoen dorrearen harlanduzko hormak kalitate handikoak dira, ziur aski XIV edo XV. mendekoak.
Gaztelu honen amaiera Sandrati tunelekoa baino lehenago gertatu zen, ez baitute aipatzen 1592an Arabako gotorlekuak ikuskatzean, nahiz eta gertu ibili. Bidearen eta erresumen mugen aldaketek egitekorik gabe utzi omen zuten gotorlekua eta haitzetako motakoa zenez, ez zen jauregi bihurtuz eraberritzeko gauza izan.

Aztarnei dagokienez, beti aipatu egiten da haitzaren goiko aldeko dorrea eta inguruko harresia, ikusgarrienak direla urrutitik ikusten baitira. Hala ere, haitzaren behealdean, hego-mendebaldean, terraza bat dago amildegitik gertu. Beheko esparru horri eusteko mota eta garai ezberdinetako hormak daude eta ez dute lerro bakar bat egiten.

Dorrearen hiru aldetako hormak zuzenak dira eta ekialdekoa, berriz, biribiltsua. Hormak 6 metroko luzerakoak dira gutxi gorabehera eta, behean, 1’30 metroko lodierakoak. Hegoaldeko horma ia desagertu da, han egongo zelarik sarrera. Horma hiru gorputz edo zatiz egina zen, harlandu txikiz, eta egungo gehieneko garaiera 5 metrokoa da. Gainaldean, dorrearen inguruan, harresi batek goiko barrutia egiten zuen, baina egungo aztarnak oso urriak dira.