Mendikute esaten zaio izen bereko mendiaren goialdean dagoen eraikin bati, 815 metro i.m.g., Ernio mendizerrako hego-mendebaldean, Albiztur herriaren gainean. Erdi Aroko izena ziurtasun osoz jakiterik ez dagoenez, mendiarena ematen zaio. Ximenez de Rada Gaztelako erregearen kronikariak 1199-1200. urteetan Alfontso VIII.ak eskuratutako gotorlekuen artean aipatutako Arzorociam gaztelua egozten diote Mendikutekoari eta aukera horren alde haitzaren behealdeko Aitzurtzi erreka aurkezten da. Eztabaida ez dago inolaz ere itxita.

XX. mendean zehar eginiko hainbat indusketek, adituek eta altxor-bilatzaileek eginak, eta 1936ko gerraren erabilerak, zaildu dituzte 1992-97 azterketen emaitzak. Aurkitutakoen artean nabarmentzekoa da txanpon multzo txiki bat, Erdi Aroko gotorlekuaren erabileraren iraupenari buruzko erreferentzia baita, XII. mendetik XIV. mendera. Gotorlekua XIV. mendearen bigarren laurdenean baztertu zela dirudi eta XIII. mendearen bukaeran edo XIV. horren hasieran, goiko barrutian berregituraketa sakon bat egin zutela ondorioztatu dute. Behar bada, leinuen arteko borrokak zirela eta, gaztelua berrerabili zuten.


Txanponez gain, Mendikuten 2.000 aztarna baino gehiago erroldatu dituzte. Militar arrastoak (lantzak, geziak, sastakaiak, balezten gakoak…), eraikuntzakoak (mota batzuetako iltzeak…), janzkerakoak (gerriko-belarriak, grapak, apaindurak…), tresnak (zeramikoak, hezurrezkoak…), aisialdikoak (fitxak, dadoak…) eta jakien hondakinak (hezurrak) jaso egin dituzte. Metal nobleko apaingarrien artean bereziki aipatu behar dira aurkitutako 8 milimetroko iltze buruxapal edo botoiak, armarri batekin bozelduak. Ziurrenik janzkera militarrei dagozkie, eta grabatutako ilgora etzanak garai batean zein leinuen esku zegoen gaztelua argitzeko bidea izan daiteke.

Egun, bi barruti agertzen zaizkigu, goikoa eta behekoa. Goikoa edo nagusia tontorraren goialde osoan zehar hedatzen zen eta oinplanoa heptagono irregularra da. Gehieneko luzera, inguruko harresia barne, 23 metrokoa da gutxi gora-behera eta gehieneko zabalera 16 metrokoa. Inguru osoan harresiak iraun du eta kanpotik begiraturik 3 metroko garaiera hartzen dute aztarnek oraindik zenbait puntutan. Hormatal baten aztarnetan 2 metroko lodiera neurtu da. Bi sarrera omen zituen esparru horrek, ekialdeko eta mendebaldeko muturretan. Azpimarratzekoak dira patina angeluzuzenaren aztarnak, lur azpikoa ia oso-osorik baitago. Barrutiko bazter batean, sukalde arrastoak aurkitu dituzte eta haitz landua ikusita, barruti horren erdian oinplano biribileko dorre nagusia egon zitekeen.

Beheko esparrua, oinplano angeluzuzenekoa, xumeagoa da aztarnen ikuspuntutik. Harresi batek marrazten du esparrua alde batean eta gainontzeko guztia gaztelu bera eta haitza dira. Dirudienez, beheko esparru hori laguntzailea zen bere garaian, agian zalditegiari eskainita nahiz eta gazteluaren eremuan egon.

Baina gazteluaren bi barruti oso indusi ondoren ez dago jakiterik gazteluaren egitura nagusia. Horretaz gain, mendiaren iparraldeko maldan hiru hesi, ezponda edo murru daude eta horietako bi zaharrak izan daitezke. Malda horretan gazteluak babestutako herrixka edo gazteluak sortutako etxe talde bat zegoen edo ez argitzeke dago. Inguruetan ere argitu behar dira zilarrezko meategiei buruzko kondairak eta aipamenak eta Intxaurbe izeneko galtzadaren jatorria. Mendikute izena bera ere interesgarria da, latinetik baitator Koldo Mitxelenaren iritziz: Mons acutum, mendi zorrotza. Albiztur izenean ere -tur bukaera, –turretik omen dator, dorrea, beraz Albiz dorrea.

Guzti horrek zalantza ugari sortzen ditu gazteluaren egitekoari buruz, orain arte artzaintzari bakarrik lotu baitzuten. Ernio mendizerrako larreaz gain, gertu zihoan abelbide bat Aralar, Zarautz eta Donostiako inguruko itsasertzeko belardien artekoa.