Makilipurdi izeneko haitz zorrotzean dago gaztelua, 887 metrora i.m.g. Ituren eta Zubietaren artean. Bestalde, Ultzurrotz esaten diote gainalde bati, aztarnen haitzetik iparraldera, Ekaitza mendirako gailurrerian. Toponimo hori da lotura bakarra Ozkorrotz izeneko Erdi Aroko gaztelua eta Makilipurdiko aztarnen artean. Orzorroz eta Ozcorroz dira gehien erabili diren aldaerak agiri zaharretan, baina gehiago egon dira: Orçorots, Orçorrontz, Orçorrotz, Orcorrotz, Unzarroz…

Gazteluaren egitekoak zehazteko funtsezkoa da ea Gipuzkoa Gaztelako erresumara lotu (1200ean) baino lehenagokoa den ala ez. Zaharragoa balitz larreen kudeaketarekin batera, garai hartako oinarrizko ondasuna, lotura egin daiteke, baina oraingoz aipamen zaharragorik ez da aurkitu eta ez da indusi.


Antso VII.a Azkarraren 1214ko abuztuaren 23ko agindu batean, izenpetzaileen artean Pedro Martinez de Leet agertzen da Ozkorrozko gazteluburu gisa, Otçorrotç jatorrizkoan. 1217ko beste agiri batean arduradun bera ikusten dugu.

1259an, Martin Ortiz Mendialdeko meinoaren esku zegoen gaztelua, beste hiru gazteluekin batera, Irurita, Orarregi eta Gorriti. Pedro Garceiz de Vergara zen gazteluko arduraduna 1265 eta 1266 urteetan eta orduko soldata 8 libera eta 40 kaiza urteko zen.

1276an Miguel García de Oharriz baztandarra zegoen gazteluburutzan eta 1280an Ichusco de Garro. 1297an, Pedro Jiménez de Mirafuentesek ere metatu egin zituen izendapenak, Ozkorrozko gazteluburuaz gain Ausa eta Gorritikoa ere bazen eta Mendialdeko meinoa. Gehienetan Mendialdeko meinoa mugako gaztelu baten ardura ere bazuen, ez baitzen Iruñan bizi.

Geroztik, nahiz eta urruti samar geratu mugatik eta askoz gertuago egon Lesaka, Goizueta, Leitza... garrantzitsua izan zen XIV. mendeko Gaztela eta Nafarroaren arteko gerretan edo gutxienez muga inguruetan zebiltzan lapurren aurka.

1314tik Ozkorrozko alkaidea Pere Arnalt de Urtubia zen, Lapurdiko Urtubiako jauna. 1321ean gerlari talde batekin Gorriti gaztelua berreskuratzeko borrokan parte hartu zuen lapurtarrak, eta beharbada, Beotibar batailan ere egon zen (1321-9-21). Berari egokitu zitzaion bataila horretan hildako Mendialdeko meinoa ordezkatzea. Nafarroako gobernadoreak Gipuzkoako muga inguruko mendiak lapurrez garbitzea aginduta, 322 gerlari bildua zituen, 200 gizon berarekin ibiltzeko eta 42, 40 eta 40 Ozkorrotz, Gorriti eta Irurita gazteluetan jartzeko, hurrenez hurren.



1334an egoera txarrean zegoen gazteluko jauregia eta 11 liberako konponketak egin zituzten gazteluko hainbat tokitan eta 10 liberako konponketa gehiago 1352an. 1357an eginiko tresnen eta altzarien inbentario batean, 3 gauza besterik ez zuten erroldatu: una arca navarrisca cuya capacidad equivalía a tres robos de trigo (85 litro), una tabla para amasar y una gaiza para conservar la sal. Benetan xumea zen tresneria.

Berriro arazoak mugako inguruetan 1357 eta 1363 urteen artean. 1378ko uztailean 20 oinezko egon ziren gazteluan 15 egunez. Donibane Garaziko Gassernaut (Garcia) de Ibarrolak ordaindu zion orduko gazteluburuari, Sunbillako Zubizar dorretxeko jaunari, 50 florin soldadueri aurre egiteko.

Geroago, mugen defentsarako mendietako gazteluen garrantziaren galera dator XV. mendearen hasieran erori zelarik gazteluaren zati bat, eta hurrengo urteetan bazterturik agertzen da kontuetan. 1406an ez zitzaion inori ordaintzen eta ohar argigarria egin zuten: “Non mora ninguno”.

Dena den, geroago gaztelua berriro erabiltzen da Nafarroako mende horretako gerra zibiletan, Joan II.a eta Vianako Karlos Printzearen arteko gerran eta ondoren agramondarren eta beaumondarren arteko liskarren luzapenean. 1459 urte inguruan, beaumondarrek hesitu zuten gaztelua eta inguruko jaun agramondarrek lagundu behar izan zuten.

XV. mendeko bigarren erdialdeko berri gutxi dugu, gaztelu gehienetan bezala. 1494an Juan Pérez de Bertiz zen gazteluburua, zerga salbuespenak onartu baitzizkion erregeak.

Nafarroa Garaiak burujabetza galdu eta gero, Zurita kronikari aragoarrak 1512 eta 1513 urteetan suntsitutakoen artean aipatzen du. Ez dago jakiterik horrela gertatu zen eta geroago berritu zuten, baina Donamariako jauna arduratuko da gazteluaz konkistaren ondoko urteetan. 1520an 10 gerlari zeuden Ozkorrotz gazteluan.

Errege nafarrek erresuma berreskuratzeko hirugarren saialdian agertzen dira gazteluko azken erabilera militarrak. Noaingo porrotaren ondoren, 1521eko irailetik berrindartzen dira askatzeko ahaleginak Frantziako Frantzisko I.aren Guillermo Gouffier almirantearekin, Bonnivet-eko jauna. Nafarroa Behera eskuratzeaz gain Orreaga eta Hondarribiaren arteko haranak hartzen ditu. Negu gordina igaro ondoren, espainiarrek Orreaga hartzen dute eta 1522ko martxoaren 14an, Donamariako jaunak Ozkorrozko agintea Pedro de Montoro gaztelarraren eskuan uzten du, hilabete horietan gotorlekua presoak gordetzeko erabili ondoren. Handik bitan banatuko dute nafar-gaskoiek jabetutako eskualdea, Donezteben espainiarren alde matxinatuei laguntzeaz gain.

Ziurrenik 1522. urtean bertan suntsitu zuten gaztelua, Enperadoreak Montorori 8.000 marabediko dohaintza egin zionean.

Haitz motako gaztelutzat jo daiteke, haitz baten goialdean baitaude aztarnak eta hegoaldetik soilik posible da hartaraino ailegatzea. Egun harkaitzaren goialdea bitan banatuta agertzen da, ebaketa sakon eta garbi batez. Konkor nagusienak, ekialdekoak, 150 metro karratuko oinplanta laukizuzena aurkezten du eta altuera gutxiko horma zatiak ikus daitezke. Mendebaldean berriz, beste konkor txikiago bat altxatzen da non aztarnak eta sakonune bat bereiztu diren.

Aztarna nagusiak harrizko bizpahiru ilara dira, lerro bat eginez. Harriak haitzaren hegoalde osoan zehar luzatzen dira, nahiz eta bere 18 metroetan batzuetan lerroa eten egiten den. Ekialdeko muturrera iritsi baino lehen, bi harri ilarako bigarren lerro bat hasten da, gorago, barrualdeko eraikin baten aztarnarena izango balitz bezala.

Ziurrenik, Erdi Aroan bi tontor horiek gaztelua osatzen zuten baina ez dago bi zati horiek barneratzen zituen harresi baten aztarnak ziurtatzerik. Ekialdeko gainaldeak, bera bakarrik, ezingo luke aterpetu 1321ean aipatzen diren 42 gerlari, gehi gazteluburua eta lehenagotik bertan zeudenak.

Haitzaren hegoaldea, haranaren aldera, malda malkartsu bat da, gaztelutik eroritako harriz beteta metro askotan.

1334ko konponketari buruzko agiriak atari nagusi bat aipatzen du, inguruko harresian atari bat baino gehiago egongo balira bezala. Honen gainean zelatarientzako behatoki bat zegoen, beste batekin batera konpondu behar izan baitzuten. Urte hartan ere, jauregia deitzen zuten eraikina berreraiki zuten, hainbat konponketa dorre nagusian eta komun berri bat egin zuten.

Bibliografia osagarria:
- Altadill, Julio. “Castillos medioevales de Nabarra”. III. liburukia, Donostia, 1936, 103-105.orr.
- Esarte Muniain, Pedro. “Navarra, 1512-1530. Conquista, ocupación y sometimiento militar,civil y eclesiástico”. Iruña, 2001.
- Martinena Ruiz, Juan Jose. “Castillos reales de Navarra (siglos XIII-XVI)”. Iruña, 1994
.