San Adriango edo Sandrati pasabidean edo tunelean kokatzen zen gotorlekua, Euskal Herriko ur-muga nagusian (1.005 metro i.m.g.), Aitzkorri mendizerrako Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Nagusiaren lurretan. Betiko igarobidea da eta betidanik ere, tokia hain azpimarragarria denez, mugak zehazteko erreferentzia erabili dute. San Adrian zedarri gisa agertzen da Baionako eta Iruñeko eliz-barrutiak mugatzeko, hurrenez hurren, 980 eta 1007. urteetan datatutako agirietan, nahiz eta ziurrenik XII. mendeko faltsifikazioak izan. Igarobideari buruzko aipamenak ere oso aspaldikoak dira, baita bertako bidesariei eta zerga bilketei buruzkoak ere, 1294ko ordainketaren oharra esate baterako: “A Garcí Pérez d’Orio por carta del Rey para tenencia del Puerto de San Adrián, II mil mrs.”.

Bestalde, mendizerrako bi aldeetako herriek eginiko larre eta basoen ustiaketei buruzko albisteak ere oso zaharrak dira eta 1430ean tunelean bildu ziren herritarren ordezkariak partzuergoa sortzeko. Agirietan “bidea, portu eta mendizerra” aipatzen dira baina gaztelua inoiz ez, nahiz eta ustiaketaz gain bidearen segurtasunaren arazoa maiz agertu eta 1450ean Segura eta Agurain herriek araudi bat izenpetu.

Tunelean bertan norbait bizitzeak eta zergak biltzeak eraikin bat eskatzen du, gotortua behar bada, baina XV. mendearen bigarren erdialdean soilik hasten dira gaztelu baten aipuak, Aiala sendiaren esku. Geroztik, San Adrian aipatzeko gotorlekua hitza erabiliko dute, tunel edo mendate hitzarekin batera. Salbuespenaren bat egon arren, gazteleraz fortificación esango diote eraikinari, castillo hitzetik aldendurik.

Araba eta Gipuzkoaren arteko igarobideen kontrola zela eta, 1475. urte inguruan Juan Lopez de Lazcanok, Arabako Dulantzi eta Kontrastako jauna, indarrez kendu zion gotorlekua Garcia de Ayala Gaztelako mariskalari, jarritako salaketen arabera. Auziak luze jo omen zuen, 1502an San Adrianen bataiatu baitzuten Lazkanotarren premua, aita eta ama pontekoak Gaztelako Joana Eroa eta Felipe Ederra printze-printzesa zirenez, Flandriatik Gaztelako Gorterako bidean zeudela.

1520an aialatarren esku zegoen, orduko leinuburuak Komuneroen Gerra deitutako matxinadan eskaini egin zion San Adriango gaztelua gipuzkoarrei Karlos V.aren aurka altxatzeko, baina hauek ez zuten onartu. Garaituak komuneroak eta aialatarra, enperadoreak Diego Martinez de Alava izendatu zuen 1522an gotorlekuaren gazteluzaina. Titulu hori bilobak euki ondoren, Alava senditik atera zen XVI. mende horren bigarren erdialdean.

1592koa dugu gotorlekuaren deskripzio zehatz bat, Simancasko eta Gasteizko agiritegian geratu zena. Idatziaz gain, Gasteizko kopiak plano bat atxikirik dauka. Felipe II.ak erresumako gazteluen egoera ezagutu nahi zuen eta tunelekoa jaso zuten Arabako txostenean. Gotorlekua tunel osoan zehar hedatzen zen eta iparraldeko ahoaren ondoko toki garaiago bati, murru eta almenekin, “el homenaje” esaten zioten, gazteluen ohiko dorre nagusia izango balitz bezala. Datu interesgarri gehiago ematen dira gazteluzainaz, ordezkoaz, zergen edo bidesarien zenbatekoaz. Barrualdean etxe bat, baseliza eta zalditegia aipatzen dira eraikin berezitu gisa. Dirudienez, multzoa zegoeneko egoera txarrean zegoen.

Hainbat agiritan geratu dira zergei buruzko istiluak, gazteluzainaren atxiloketa barne 1536 eta 1562an, galtzadaren konpontze lanak, arduradunen izenak, gertaerak eta XV eta XVIII. mendeen arteko ia ehun bidaiariek tuneleri eta bere eraikinei buruz eginiko kronikak eta deskripzioak. Batzuetan, gotorlekua ere aipatu egiten da, horietako batean 100 gerlari aterpetzeko adina zela esaten da (1612an).


Igarobide honen gainbehera areagotu egin zen 1754tik aurrera, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Leintz-Gatzagako bidea hobetsi zutenean eta dilijentziak ugaritu zirenean, San Adriandik ez baitago igarotzerik. Dena den, urte horietan oraindik “San Adriango gotorlekurako bidea” edo “San Adriango portuko gotorlekua” esaldiak geratu dira agirietan errege bideei buruzko eztabaidetan. Bentak jarraitu zuen eta Mikelete kuartela ere eraiki zuten.

Bestalde XVI. mendearen bukaeran sortutako “San Adriango betiereko gazteluzaina” titulua oraindik erabiltzen zuten XVIII.aren bukaeran Elorrioko Agirre sendiak.

Tunela nagusia 57 metroko luzea izateaz gain hainbat galerien abiapuntua da. Ez da aztarnen azterketa sakon bat egin orain arte eta ez dago esaterik gotorlekuari zerbait zegokionik, tunelean bertan edo kanpoaldeko harresietan. 1964an, Gasteizko Manuel Iradier Txangolari Elkartearen bazkideek hondakin arkeologiko bilketa bat egin zuten. 144 txanponaz gain, XII eta XVI. mendeen arteko eraztunak, giltzak, apaindurak, armak... aurkitu zituzten. Txanponek, gehienak Behe Erdi Arokoak, nafarren eraginaren gutxitzea eta Gaztelaren nagusitasuna islatzen dituzte.

Tunelaren eskuinaldean, Gipuzkoatik begiraturik, haizean landutako harmailak daude, Lizarrate mendatera igotzeko, ziurrenik zergak ez ordaintzeko erabiltzen zutenak, San Adriango gazteluzainak jarritako ordezkoak salatzen zuen bezala 1592an.