SARABE edo JENTILEN SUKALDEA gaztelua Aiztondo edo Laieneko haitzaren mendebaldean (708 metro i.m.g.) kokatzen da, Gaztelako edo Sukaldeko Haitza izenekoa ere.

Sarabe, bestalde, XIV. mendean baztertutako herri bat zen haitzetik gertu, egun izen bereko baserri bat eta Aitziberko baseliza daude, lekukoak direnak. Jentilei buruzko aipamenak eta kondairak ugariak dira, haitz horretan bertan eta Laieneko haitzeko mendebaldeko muturrean, Jentileio izeneko zuloaren inguruan. Baita ere Aitziber eta Sarobeko haitzetan.


Gizakiak haitzean eginiko lanak, sarbidearen harmailaz gain, Jentilen Sukaldea izeneko leize-tunel bat (4,40 metro luze, 2,15 metro zabal eta 2 metro gehieneko garaiera) eta Jentilen Gela deitutako zulo angelu zuzen bat (3,20 x 2,15 metro luze-zabal eta 2,50 metroko sakonera, batez beste) dira. Aterpe eta patina egotzi zaie, hurrenez hurren.

Aurrekari guzti horrekin Jose Maria Satrustegik 1971.an indusi zituen bi toki horiek eta behealdeak, Urdiaingo gazte talde batekin. Jasotakoa aditu berezituek aztertu zituzten: XII eta XIII. mendetako lau txanpon, hezur zatiak (jakien kondartzat joak), burdinazko gezi puntak, iltzeak, zeramikak, teilak, gerriko belarriak…

Talaia paregabea, Gaztelako Haitzetik Altsasu eta Arabako Lautadarako bideak behatzen dira, baita dagoeneko Gipuzkoa dagoen Gazteluberri mendia, izen bereko gazteluaren kokalekua. Bestalde, mendebaldetik zihoan Urbasatik zetorren galtzada, Gipuzkoarako bidean Bernoa mendatetik barna. Zaintza horretan egon daiteke bertako eraikinaren egitekoa.

Toponimoa, balizko patinaren tamaina eta indusitako gauzak eta euren kopurua eta datazioa ikusita, goialdean zegoena talai huts baino gehiago izango zela adierazten dute, ziurrenik gaztelu bat. Oraingoz aurkitu gabe dagoen Irurita gaztelua izan daiteke hau, Rodrigo Ximenez de Radak aipatua gaztelarrek eskuratutakoen artean 1200. urtean eta berriro nafarren esku, XV. mendearen hasieran baztertua.