Erdi Aroko mundura hurbiltzeko orduan bada aldi historiko hori agian ongiena aurkezten duen irudi bat, gazteluarena alegia. Irudi horren inguruan mito kopuru handi bat izan da betidanik, eta irudimenak, eskuarki, gainezka egiten du eraikin hauen ustezko ezaugarriak marrazteko orduan.

Gure lurralde hurbilenari dagokionez, aldez aurreko premisa hauek ia ehuneko ehunean betetzen dira. Arkeologiaren errealitateak agerian utzi izan du, bestalde, gaztelu horien egiazko irudia askoz ere apalagoa zela, ez hain ikusgarria.

Horien guztien artean badira gutxi gora-behera komunak diren edo bat egiten duten zirkunstantzia batzuk. Erdi Aroko gaztelu hauek haitz txikien goiko partean kokatzen dira, oso aldapatsuak diren mazelez inguratuta daude, edo oso zaila da bertara iristea.

Kokaleku estrategiko garbia okupatzen dute, kontrolpean dauzkate komunikabide naturalak, eta kontrolpean dauzkate baliabideetarako sarbideak, alde honetan nagusiki artzaintzari emanak. Gazteluen artean halako ikusizko hartu-emana dago, eta oso arrunta da beren kokaleku bikainetatik antzeko talaiak ikusi ahal izatea. Horrek planteatu lezake gazteluen artean halako harreman-sare bat gauzatu izana, baina oraingoz ezin dugu horrelakorik berretsi.

Egituren ikuspuntutik esan dezagun eskuarki oso eraikuntza sinpleak direla, garrantzi txikikoak. Oro har barruti edo espazio bi dituzte, ondo bereiziak. Goikoak haitzaren goiko partea hartzen du, eta bere perimetroaren atal handi bat harrizko horma sendoak edo ez hain sendoak inguratzen du; eskuarki horma hori ez da bi metro baino garaiagoa izaten eta 1,50-1,75 m lodi izan ohi da, ongi egokitzen zaio eta bikain aprobetxatzen du erliebe naturala, eta sarbide txiki bat baizik ez du. Barruti nagusi honetan egokitzen dira instalazio garrantzitsuenak, jagolearen talaia, nagusiaren gela, biltegiak, ur-zuloa edo patina eta beste. Gaztelu hauek induskatzeko lanetan zehar aurkitutako iltze kopuru handiak islatzen duenez, eraikin hauek nagusiki zurezko materialez eginak zeuden. Barrutia neurri apalekoa izan ohi da, gutxi gora-behera 150 eta 450 m2 bitarteko azalerarekin. Behean bigarren zirkulu harresitu bat izan ohi dute aurrekoaren osagarri gisa, eta honek gotorlekuko atalik ahulenak babestea zuen helburu. Eraikuntza sistema nahikoa antzekoa da eta, aurrekoak bezala, gora-behera naturalak aprobetxatzen ditu; honen barruan beste instalazio batzuk egokitu ohi zituzten (zalditegiak, biltokiak, etab).

Haitzen gaineko gaztelu hauetaz gain, beste gaztelu eredu bat dokumentatu ahal izan dugu. Arrasate, Donostiako eta Hondarribiko gazteluak biltzen dira sail honetara, aurrekoak ez bezala, askoz ere altuera txikiago batean kokatzen baitira, hiri izaerako herrietatik hurbil. Bigarren eredu hau oin lauangeluarreko egitura batez osatuta dago, aldeak 30 m luze, eta izkinetako bakoitzean gutxi gora-behera 7 m diametroko dorre bana, oin zirkularrekoa, altxatzen zen. Barrutiaren erdialdean omenaldiaren dorrea eta hari atxikiriko beste gorputz batzuk kokatzen ziren. Beherago, era berean, gotorturiko bigarren barruti bat egokitzen zen, aurrekoaren osagarri. Hondakin hauek nahikoa ongi bereiz daitezke Arraseko gazteluan eta, hein apalago batean, Hondarribikoan.

Gaztelu hauekin loturik gehienetan leize txiki bat egoten zen, zenbaitetan historiaurrean okupatuak izan direnak; itxura guztien arabera, zabortegi gisa erabili zituzten gotorlekuko biztanleek, horietan jaki hondar ugari aurkitu baitira (Aitzorrotz, Mendikute, Jentilbaratza, Sarabe).

Erdi Aroko gotorleku hauen inguruan egiten ari diren azterketa gero eta zorrotz eta ugariagoak ezin ekarpen hobeak dira Erdi Aroko eraikin berezi eta zehatz honi buruzko datuak hobe ezagutu ditzagun. Honenbestez, gero eta hobeto ezagutzen dugu gero eta datu gehiago eskaintzen digun aro hau.