Lan arkeologikoen bilakaera
Mendeak dira gazteluen hondakinek Erdi Aro beti ere eztabaidagarrira hurbildu diren espezialista guztien eta herritarren arreta berezia eta jakin-mina pizten dutela. Eraikin hauek erakarle berezi bihurtu dira, era guztietako ikerketen funtsa. Dudarik gabe, gaztelu hauek, oso sinpleak izanagatik, gaur egun ere halako irudi nostalgikoa gordetzen jarraitzen dutelako, nekez ihes egin dezaketen halako ukitu erromantiko bati eutsi diotelako, gertatzen da hori guztia.

Nolanahi ere, esan dezagun Euskal Herriaren kasu zehatz honetan hurbilpen edo interes hau apur batean apaldu egin dela hondakin arkeologiko handiak ez daudelako, edo beste lurraldeetan kontserbatu direnen aldean munta txikiagokoak direlako. Hala eta guztiz ere, gotorleku hauek eskuhartze arkeologiko askoren helburu izan dira, era askotako eta irizpide askoren araberako lan arkeologikoak garatu dira horietan, altxorrak eta aspaldiko erlikiak bilatzen dituztenekin hasi eta bukatu berri diren indusketa zientifikoekin amaitu.

Lan honetara bilduriko gazteluei dagokienez, ezagutzen diren lan arkeologikorik zaharrenak ezin dira iragandako XX. mendekoak baino lehenagokoak izan. XX. mendea iritsi baino lehen kronikari batzuek era askotako erreferentziak eskaini zituzten, eta horietako batzuk ipuinetatik askoz ere gertuago zeuden historiaren errealitatetik baino, oso eskasa baitzen eraikin hauen inguruan zuten ezagutza (Garibai, Lope de Isasti, Martínez de Zaldibia, Madoz, Gorosabel eta abarrek). Lan arkeologikoak nagusiki Gipuzkoako lurraldera mugatu dira, eta askoz ere neurri apalago batean eta denboran hurbilago, Nafarroakoan.

Lan arkeologiko zaharrenak, oraingoz, López de Mendizabal eta Rotondo tolosarrek egindakoak dira, Mendikuteko gazteluan (Albiztur), 1911. urtean. Lan horietan gotorlekuko horma-atal batzuk identifikatu zituzten, baita beste egitura batzuk ere (ur-zuloa), eta animalien hezur ugari, gezi eta balezta muturrak, zeramika zatiak eta beste bildu zituzten. Baina arkeologiaren ikuspuntutik Jose Migel Barandiaran ataundarra izan da egiazko aitzindaria, berak egin baitzituen aurreneko espedizio arkeologikoak bere jaioterrian kokaturiko gazteluan, Jentilbaratzakoan eta Ausakoan (Zaldibian), 1916. urtean eta geroago, 1920an, Gazteluberrikoan (Partzoneria). Lan horiek halako segida izan zuten hamarraldi bat geroago, 1926. urtean, Recaren eskutik eta Aitzorrotzeko gazteluan (Eskoriatza).

Hasiera apal hauen ostean lan arkeologikoek ez zuten jarraipenik izan eta XX. mendeko hirurogeigarren hamarraldiaren amaierara arte itxaron behar izan zen kezkaz beteriko arkeologoen belaunaldi berri baten eskutik lan arkeologikoei berrekiteko. Bultzada berri honen eragile nagusia Ignacio Barandiaran izan zen 1968-1969 urteetan zehar Aitzorrotzeko gotorleku dagoeneko aipatuan bideratu zituen lanekin. Berak ipini zituen egungo Erdi Aroko arkeologiaren zimentarriak, eta egun bizirik dirauten parametro kronotipologikoak ezarri zituen.

Geroago era askotako eskuhartze arkeologikoak izan dira, baina eskuarki gero eta erabakigarriagoak gertatu dira Erdi Aroko gazteluak gero eta hobeto ezagutzeko orduan. Honenbestez, 1971. urtean, Jose Migel Barandiaranek berak berriro ere ekin zien sei hamarraldi lehenago hasitako lanei Jentilbaratza eta Ausako gazteluetan. Urte horretan bertan Satrustegik, Sarabeko haitzak (Urdiain) izenaz ezagutzen den aurkientzan, ezagutzen den eskuhartze arkeologiko bakarra eraman zuen burura, eta hasiera eman zion lurralde honetan mota honetako eraikinetan lan arkeologikoak egiteari. 1983 eta 1984 urte bitartean Beloagako gotorlekura (Oiartzun) mugatu ziren lanak, Rodríguez Salísen zuzendaritzapean.

Ordutik aurrera ia modu geldiezin batean biderkatu dira Erdi Aroko gaztelu hauetan bideraturiko eskuhartze arkeologikoak, azterketa honetara bilduriko babesteko egitura kasik guztiak izan baitira ukituak. Halatan, Urteagak Arrasate (1988 eta 1992), Hondarribia, Donostia, Elosua (1999) eta azkenik Aitzorrotzeko (2001) gazteluak aztertu zituen. Padillak, bere aldetik, 1994. urtean hasi zituen Mendikuteko gotorlekuko lanak, eta gero, 1998. urtetik aurrera Ausakoan, bertan jarraitzen du egun. Nafarroako lurraldean, berriz, Gorritiko gaztelua da une honetan aztertzen ari diren bakarra, 2001. urtetik aurrera.

Zerrenda honetara bilduriko beste elementuetan guk dakigula ez da eskuhartze arkeologikorik izan, San Adrian eta Marutegikoetan izan ezik, horien inguruetan dudarik gabe Erdi Aroko kronologikoak diren material arkeologikoak aurkitu baitzituzten.

Materialak
Ia ehun urte hauetan zehar bideratutako eskuhartze arkeologikoetan bilduriko datuek aukera eman digute gotorleku hauei loturiko materiala nahikoa zehaztasunez definitzeko. Batzuek izaera ia guztiz berezia dute.

Gaztelu hauetan egindako aurkikuntza materialak oso antzekoak dira beren artean: alderdi militar hutsarekin loturiko pieza zehatzak (gezi muturrak, lantzak, ezpatak, etab), eraikuntzarekin berarekin zerikusia dutenak (burdinazko iltzeak), jantziekin lotutakoak (paparreko orratzak eta belarriak), elikagaiekin zerikusia dutenak (zeramika eta fauna hondakinak) eta aisialdiarekin lotutakoak (dadoak).

Ezbairik gabe, izaera militarreko elementuak dira ongien ezagutzen direnak eta erakusgarrienak gotorleku hauekin zerikusia duten materialen zerrenda osoan. Horien artean ohiko gezi eta balezta muturrak, burdinazkoak, tipologia askotakoak (piramide itxurakoak, erronbo formakoak, lauangeluarrak, etab), aurkitzen ditugu induskatutako gaztelu guzti-guztietan (Aitzorrotz, Ausa, Beloaga, Jentilbaratza, Mendikute, Sarabe eta besteetan). Horiekin batera oso ohikoa da eraikinen gerra izaerarekin zuzenean lotzen diren beste tresna batzuk, esate baterako, lantza edo lantzatxo batzuk, hauek ere tipologia askotakoak, ezpata motzak (Ausa), harrizko jaurtigaiak eta, urriago eta bereziago badira ere, baleztek erabiltzen zituzten kakoak (Jentilbaratza, Mendikute).

Soilik metalezkoak diren materialei dagokienez, dudarik gabe burdinan landutako iltzeak ageri dira aurreneko lekuan. Iltze hauek seguru asko gotorleku hauen barrunbeetan egongo ziren zurezko eraikinei zegozkien, eta induskatutako gotorleku guztietan agertu dira. Iltze hauen tipologia oso antzekoa da; T formakoak nagusi dira, ondotik disko itxurako burua dutenak bereizten dira, eta neurri apaleko beste sorta batzuk daude, seguru asko gizakien oinetakoei eta zaldien burdineriari dagozkionak. Ildo honetatik, esan dezagun Gazteluberriko gazteluan bikain kontserbatutako burdinazko ezproi bat aurkitu zutela, gure lurraldean oraingoz oso berezia den aurkikuntza. Objektu horiekin batera aski arruntak diren beste elementu batzuk azaltzen dira, erabilera arruntekoak bai baina kronotipologikoki zehazten zailak. Hauxe da zintzarri, ferra, grapa eta zehaztu gabeko beste pieza batzuen kasua.

Metalezko materialen mundua burdinazkoak ez diren piezekin osatzen da; pieza hauek gehienak apaindura izaerako elementuak dira. Era askotako elementuak biltzen dira multzo honetara, seriean ekoiztutako aplikeak, forma askotakoak, ia gaztelu guztietan aurkitutakoak, tatxetak, krokadurak eta beste batzuk, nola jantzietan hala altzarietan erabiliak. Pieza batzuk, esate baterako Mendikuteko ganibetaren giderra (mailuz landua eta urre kolorekoa), Aitzorrotzeko aizkoaren giderra (ezkurraren buruarekin) eta gaztelu berean aurkitutako eraztuna oso kalitate handiko urrezko piezak dira, eta seguru asko gaztelu hauetako nagusienak edo nagusien familiakoenak izango ziren. Horiekin batera gerriko belarriak aurkitzen ditugu, tipologiaren aldetik era askotakoak (zirkularrak, lauangeluarrak, giltzurrin itxurakoak, trilobulatuak, etab), eta horietako batzuk ondo landuak.

Bolumenaren aldetik fauna hezurrek osatzen dute bigarren taldea; hondakin horiek seguru asko gotorleku hauetan bizi zirenen elikatzeko ohiturekin estu lotuta daude. Informazioaren urriak eta material honen erakarri apalak eragin dute elementu hauek albora utzi izana eta gutxi ezagutzea, Aitzorrotzeko gazteluaren eta orain gutxi Mendikutekoaren inguruan egindako lanak salbuesten baditugu.

Fauna material honen parte txiki batek, gainera, manipulatua izan delako arrastoak ageri ditu, edo agian berriro erabili izan delako zantzuak, erabilera arrunteko objektuak lortzearren (giderrak, heldulekuak, orratzak eta beste batzuk). Dado txikiak edo jostatzeko piezak egiteko neurri txikiko piezen taldeak osatzen du kasu berezia; pieza hauek erabiltzen zituzten gazteluetako zaindariek ez aspertzeko. Gisa honetako piezak aurkitu ahal izan dira, esate baterako, Ausa, Jentilbaratza eta Mendikuteko gazteluetan.


Materialen kopuruaren araberako deskripzioarekin aurrera eginez zeramikazko aztarnak aipatu behar ditugu segidan; hauek ere ugari dira eta ez dira behar bezala ezagutzen, oso-oso arruntak diren ohiko erabilerarako objektuak direlako. Ontzien tipologia nahikoa anitza da, eta errepikatu egiten da ia erabat azterturiko gaztelu guztietan.

Kopuruaren aldetik urri diren arren izaeraren aldetik oso garrantzitsuak diren pieza numismatikoak aipatu behar ditugu jarraian, gaztelu hauek okupatuta egon ziren aldiei buruzko datu aski zehatzak eskaintzen baitizkigute. Txanpon bildumak garrantzitsuak edo ez hain garrantzitsuak aurkitu dira aztertutako gaztelu guztietan, eta txanpon horiek lurralde askotan dute jatorria (Gaztela, Nafarroa, Frantzia, etab).




Gaztelu hauetako mundu materialari buruzko azken atala harrizko materialekin osatzen da. Funtsean harri-kristal ugariek osatzen dute multzo hau, muturrak alakatuak; itxura batean egiteko jakin bat burura eramateko baino apaingarriak dira. Bere aldetik, askoz ere bereziagoa da sukarrizko piezen presentzia, eskuarki karraskagailuak eta antzekoak.