Azken hamarraldian bideraturiko eskuhartze arkeologikoek bide eman dute errealitate historiko bati buruzkoak, Erdi Aroko gazteluei buruzkoak, artean ukitu erromantiko eta irudimentsu batetik ezin ihes egin izan duten gazteluei buruzkoak, hobe ezagutu ditzagun.

Alor honetan egin diren aurrerapenak handiak izan arren, artean garrantzitsuak dira egun egon badauden hutsuneak. Gipuzkoako Tolosako herrian izan zen “Erdi Aroko Gazteluak/Castillos medievales” izenburupeko Zientzia Mintegiaren inguruan bideraturiko lanek aukera eman zuten gai honetan berriro ere sakontzeko eta lan ildo berri batzuei ateak zabaltzeko.

Gure haranen gainean altxatzen diren mendien gailurretan oraindik ikusgai daude aspaldiko gotorleku batzuen hondakinak. Denborak higatutako horma batzuk eta landaretzak ia erabat ezkutaturiko bidexkak, toponimiari eta herri kondairei esker ahantzi ez direnak.

Gotorleku hauek errege-agintariek eraikiko zituzten helburu jakin batekin: lurraldearen eta inguruko biztanleen gaineko kontrol militarra eta politikoa ziurtatu nahi zuten. Gaztelu hauen jatorria Nafarroako Erresumarekin lotzen da, Nafarroako agintariek ahalegin handiak egin baitzituzten gaztelu hauek eraikitzeko, botere-guneetatik urrutira zeuden lurralde menditsu batzuen gaineko egiazko kontrola bermatzeko eta sendotzeko xedean. Lurralde hauek nagusiki artzaintzari emana bizi zen gizartearen esku zeuden, eta gizarte eredu honen antolamendua funtsean ahaideen, leinuen, moldera egokitzen zen, oso ohituak zeuden batetik bestera joaten, eta ez zuten espazioaren kontzepzio oso zehatza eta mugatua.

Nafarroako errege-agintariak talde handi hauek “zibilizatzen” saiatu ziren, gero eta oinarri komun, etniko eta kultural estuagoa baitzegoen bi lurraldeen artean, gero eta ugariago baitziren garai hark berezkoak dituen monasterioak, gazteluak, hiribilduak eta beste “erakunde” batzuk.

Hein batean adostasun batera heldu eta gero klan horiek integratu edo zibilizatu ondoren, antolamendu eta administrazio erkide molde berriak nagusitzen dira. Prozesu honetan berebiziko garrantzia du gazteluon eraikuntzak, ikus daitekeen bezala leku estrategikoetan kokatzen baitira, aziendaren eta pertsonen joan-etorria kontrolpean edukita. Eta azken batean, inguruko ardatz eta zentro egituratzaile bihurtzen dira, beren presentzia tokian tokiko leinuekin loturik, haien esku geratuko baitzen administrazioa.

Burura eramandako lan arkeologikoek berretsi egiten dute hipotesi hau eta gaztelu hauen jatorria, batzuena bederen, XII. mendearen erdialdera kokatzen du (Aitzorrotz, Mendikute, Donostia, etab). Nolanahi ere, baliteke horietakoren bat oraindik lehenagokoa izatea, IX edo X. mendekoa, Iruñeko Erresuma babesteko testuinguruan, Marutegikoaren (Araia) kasuan gertatzen den bezala, baina oraindik ezin horrelakorik berretsi dezakegu.

1200. urtea inguratzen duten zirkunstantzia ilunak eta zenbaitetan manipulatuak izan dira Euskal Herriaren mendebaldeko lurraldeak Gaztelako Erresumaren alde eta Nafarroako Erresumaren kaltetan eman ala konkistatu ote zituzten gaitzat izan duen eztabaida luzearen jatorria. Ondorioz, Gipuzkoako eta Arabako lurraldeen parte handi bat Gaztelako Erresumaren esku geratu zen, eta oinarri militar sendo batek bermatu eta sendotu zuen lurralde horietan Gaztelako Erresumaren presentzia.

Egoera zeharo berri horrek eragin zuen aldez aurretik anaiatzat hartzen zuten lurraldea etsai potentzial eta egiazko bihurtzea. Zirkunstantzia berri honetan gazteluek beste protagonismo bat eduki zuten. Batzuk desagertu egin ziren ezinbestean, esate baterako Aitzorrotzekoa eta Mendikutekoa, eta irudi berri batek hartu zuen horien lekua, hiribilduak alegia; hiribilduok errege-agintaritza berriaren aldeko gizarte, politika eta administrazioren gaineko kontrolaren berme bilakatzen dira.

Beste gaztelu batzuk, beren aldetik, berregokitu eta zirkunstantzia berriei egokitzen zaizkie, babesteko gotorleku bilakatzen dira (esate baterako, Ataungoa eta Ausakoa), eta horretarako seguruenik birmoldatu egingo zituzten. Azken horien ondoan oin berriko beste batzuk eraiki zituzten lehendik gotorlekurik ez zegoen lekuetan, igarobide jakin batzuk kontrolpean edukitzeko xedean (Ortzorrotz, Gorriti, Aitzita, Sarabe, etab). Erresuma bien arteko gero eta tentsio handiagoaren ondorioz, eta kontuan izanik tokian tokiko leinuen gero eta eragin handiagoa zutela, mugaldeko gaztelu hauek guda eta bataila ugariren lekuko izan ziren, eraso eta kontraeraso asko bizi izan ziren horietan, asko suntsitu zituzten gero berriro eraikitzeko. Era honetan sortu zen garaiko kronikariek ezin egokiago izendatu zuten “Gaiztaginen Muga”, bi mende luzeetan, XIII. mendearen erdialdetik XV. mendearen erdialdera arte, nagusituko ziren zirkunstantziak eta ezegonkortasuna adierazteko.

Gaztela eta Nafarroaren arteko mugan bakea ezarri eta ahaideen arteko bortizkeria apaldu zenean, gaztelu horietako asko eta asko abandonatu egin zituzten, aldez aurretik etsaiek suntsitu eta txikitu ez baldin bazituzten lehengo erabilera ematea zentzurik ez zuelako. Beste batzuek, aldiz, beren egiteko militarrari eutsi zioten zirkunstantzia berrien arabera betiere, beren kokalekuen baldintza estrategiko ezin hobeari esker. Etenaldiekin bada ere lurralde hauek zigortzen jarraitu zuten gerra-aldi bakoitzean (nobleen arteko borrokak, Konbentzioko Gerra, Independentziako Gerra, Karlistadak, Gerra Zibila, etab) erabili zituzten behin eta berriz. Honenbestez, eutsi egin diote beren egitekoari, hori bai, modu lauso batean, eraiki zituztenetik hainbat mende igaro diren arren.