GIPUZKOA ETA NAFARROAREN ARTEKO HARREMANAK ERDI AROAN (1025-1350).
Aitor Pescador Medrano. Nafarroako Unibertsitatea


Nafarroaren nagusitasuna (1025-1200)

San Juan de La Peñako 1025. urteko dokumentu batean, Gipuzkoan nagusia zen jauntxoaren lehen erreferentzia aurkitzen dugu, Gartzia Azenarizen pertsonan hain zuzen ere. Aipatu behar da Gipuzkoa iturri dokumentalen historian Nafarraren baitan sartzen dela. Aldez aurretik, 1016. urtean, Iruñako Erresuma eta Gaztelaren arteko mugak eman ziren. Pentsa dezakegu, garai honetan, Gipuzkoa Iruñako Erresumako jaurgoetariko bat zela.

Santxo III.a erregearen heriotzarekin, Gaztela eta Nafarroaren arteko lehen tirabirak hasi ziren. 1035 eta 1076. urteetan egondako liskarrak mugen kontuak izan ziren.

1076. urtea, azpimarratzeko data dugu. Urte honetan Santxo IV.a, bere familiakoen eta nobleen esku eraila suertatu zen, Penintsulako Kristau Erresumen oreka puskatuz. Alfontso VI.a eta Santxo Ramirezek aurrera eraman zuten Iruñako erresumaren lagunarteko zatiketak, pentsa arazten digu erregearen hilketaren jakinaren gainean zeudela. Iruñako lurraldearen banaketan, gaztelauak zati hoberenarekin gelditu ziren, Eneko Lopezen familiak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan nagusitasuna lortzen zuen bitartean.

Nafarroako koroara Errege indartsu baten etorrerak, lurralde hauetan gaztelarrek zuten nagusitasunaren amaiera izan zen. Alfontso I.a Borrokalariari eta Tamarako itunari esker (1127. urtea), Iruñako erresumak aurreko mugak berreskuratu zituen, hain zuzen ere Atapuerkatik gertu. Baina muga honek ez zuen gehiegi iraun, Alfontso I.aren heriotzaren ondoren eta Gaztelako koroan Alfontso VII.aren finkapenarekin batera, egoera guztiz aldatu zen denbora laburrean. Alfontso VII.ak, Iruñako Erresumako erregea zen Gartzia Ramirezen gaineko presioa areagotzeko Aragoiko erregearekin elkartu zen, 1136. urtean banaketa itun bat sinatuz. Gartzia Ramirezen irteera bakarra menpekotasuna edo basailutza izan zen.

1140. urteko otsailaren 22an, Aragoiko Ramon Berenger erregeak bultzaturiko Iruñako Erresumaren banaketa berri bat egin zen. Dena den, Gaztelako erregeak ez zuen interes handirik Gartzia erregearen aurka aritzeko. Gartzia Ramirezek, Iruña, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko errege titulua erabili zezakeen, beti ere bertako noble gehienen laguntza zuelako.

Santxo Jakitunak, frankoen herriak sortzen hasi zen, hauek nobleak baino fidelagoak baitziren. Gasteiz eta Donostia politika honen adierazle dira baina erreakzioa beranduegi heldu zen eta herri hauek ezin izan zuten lurraldea berrantolatu.

1198. urtean berriz, Alfontso VIII.ak eta Ramon Berengerrek, Nafarroaren banaketa berri baten itun bat sinatu zuten Calatayud-en, 1196. urtean Zelestino Aita-santuak emaniko bulda baten aurka joz, bertan Erresumen arteko errespetua agintzen zen.

Santxo VII.a Indartsua, nahiz eta bitxia izan, kanpoan zelarik, Gasteizek 9 hilabeteko setioari eutsi zion. Gasteizek amore eman behar izan zuen eta Araba eta Gipuzkoako lurralde gehienak Gaztelara atxikituak geratu ziren, kontutan izanik Gasteizko kasua ezagututa eta tropak oraindik bertan zeudelarik Gaztelak ez zuela zailtasunik izan negoziaketetan. Honela, 1200. urtean, Araba eta Gipuzkoako lurraldeak, itsasorako irteerak, Donostia, Gasteiz eta herri asko galdu ziren, Nafarroak, bere lurraldeko % 30a galduz. Honek, ordura arte ezagutzen ziren mugen aldaketa suposatu zuen eta nahaste handiko etapa batean murgiltzen gaitu non Erresumen mugak ez dira argiak eta Gaztela eta Nafarroaren arteko liskarrak beste muga batzuetan gauzatuko diren.

Nafarroaren egitasmoa (1200-1350)


Santxo VII.ak ez zuen nahi izan edo ezin izan zuen galdutako lurraldeak berreskuratu. Baina Alfontso VIII.a berak, bere portaeraren ilegaltasuna adieraziko du bere hilburukoan (1204. urtea). Bertan, Nafarroako Erresumari kendutako guztia itzuliko zuela agintzen zuen nahiz eta gero ez bete.

Nafarroako koroara Champagnako Etxearen etorrerarekin, galdutako lurraldeen berreskurapenaren interesa areagotu zen. 1256. urtean Gaztelako Alfontso X.ak Teobaldo II.ari Donostia eta Hondarribia berreskuratzeko aukera eman zion beti ere basailutza itun bat sinatzeko baldintzarekin. Azkenean, ez zen Alfontso X.aren eskaintza gauzatu.

Denboraren poderioz, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko lurrak, liskar eta lapur lurrak bihurtzen ari ziren, lege gizonentzat lurralde gatazkatsuak zirelarik.

1271. urtean, Gaztelako Enrike infanteak, Nafarroako erregeari bere laguntza eskatu zion, Gaztelako erregeari aurre egiteko. Nafarroako erregeak berriz, bere laguntzarengatik Araba, Gipuzkoa eta Errioxa berreskuratzea eskatu zuen. Baina negoziaketak bertan behera utzi zituzten egoera kaskartuz, gipuzkoarrek 1280. urtean Nafarroako gazteluak erasotzen hasi baitziren.

1274. urtean Frantziako Etxeak, Nafarroako boterea lortuko zuen eta bertan jarritako gobernadoreek Gaztelarekiko negoziaketen ardura izango zuten. Honela, 1297. urtean Alfontso Robrai gobernadoreak Atapuerkaraino doan lurraldea berreskuratzen saiatu zen, Maria Molina erregeordearen defentsak eragotzi zuelarik.

Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan liskarrak etengabeak ziren, lapurren eta gaizkileen lurralde bihurtu zirelarik eta legez kanpo hauen aurkako Nafarroak eragindako saiakerak ez zuten ia arrakastarik izaten.

1321. urtean adibidez, Nafarroako Erresumak eragindako espedizio ikusgarri batek Gipuzkoarren aurrean jasandako porrota nabarmentzekoa da.

Ondorioak

Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga ez da muga finko bat izango, askotan lurraldea partekatuko dutelarik. Horretaz gain, Nafarroarentzat Gipuzkoarekiko muga askotan Gaztelatik ezarrita egongo da eta nahiz eta Nafarroak eragindako berreskuratze saiakerak etengabeak izan, Gaztelarren indarra garaile irtengo da.

1350. urtetik aurrera ere, Nafarroak bere egitean jarraituko du eta 1366. urtean Karlos II.ak, Gaztelako Pedro I.aren eskutik Nafarroak etengabe bilatu zituen lurrak berreskuratzea lortuko du. Dena den, egoerak ez du luzean iraungo eta Gaztelak berriro ere bere indarra finkatuko du.

1430. arte, nafarrek eskatutako lurrak aurrean aipatu ditugunak izango dira. Baina hemendik aurrera eskaera aldatu egingo da. Nafarroak historikoki bereak kontsideratu izan dituen lurrak galduko ditu eta lur horiek berreskuratzea izango da helburu nagusia.