GIPUZKOAR GIZARTEAK XI ETA XIII. MENDEETAN BIZI IZANDAKO MUGAKETA PROZESUAREN EZAUGARRIAK.
Elena Barrena Osoro. Deustoko Unibertsitatea. Donostia.

Gipuzkoar lurraldea antolatzen joan ziren unitateen sorrera eta kristalizazio prozesua, Erdi Aroan, partekaturiko espazio batean eman zen. Ez zen jabe desberdinen artean partekaturiko espazioa, baizik eta oraindik indibidualizatu eta mugatu gabe zegoen jaberik gabeko espazio batean.

1. Zer datu ditugu, Gipuzkoan X eta XI. mendeetan hasi zen populatzearen gauzatze prozesu hau azaltzeko? Zeintzuk dira Berant Erdi Arorako, gure lurraldearen antolakuntza fisiko, sozial eta politikoa ahalbideratu zuten unitateak?


Atzematen den lehen ezaugarria, bai gure lurraldean baita Europan ere, giza-multzoen mugikortasuna da. Lekutze batzuetan denboraldi batetarako ezartzen zuten bizilekua, gero hura utzi eta beste batean ostera ere finkatzeko. Eta honela, behin eta berriz.

Espazioa eta biztanleriaren antolamenduaren seinale izan ziren lehen unitateak, dokumentuetan aipatzen diren haranak (gaztelerazko “valle” delakoak) dira: Oiartzungo Harana; Hernaniko Harana; Berastegiko Harana; Saiazko Harana; Iraurgi, etab. Haran hauek, ez dira ibai-haran geografikoekin nahastu behar. XI. mendetik Berant Erdi Arorarteko dokumentuek haranak aipatzen dituztenean, Haran Komunitateetaz ari dira. Hauek, giza talde batek osatutako komunitateak ziren, garaiaren arabera, ahaidetasun talde bat izandakoa, Antzinaroko tribu edo herrien ondorengo estadio edo aldi bat. Gizatalde eta espazioari zegozkien gaietan erabakiak hartzeko ahalmena zuen buruzagitza batek zuzentzen zuen komunitate hau. Abeltzantza eta basoen ustiapenetik bizi ziren, eta seguruenik, baita espazio zabalak exijitzen zituen lugorri luzeko nekazaritzatik ere. Gizarte haietan, abeltzantza goran aipatu dugun mugikortasunaren eragilea izan zitekeen, horrek komunitatearen okupazio dinamika baldintzatuko zukeelarik.

Haran hauetan, aldea edo herrixkak sortuz joan ziren, eta beraiekin batera habitat guneanitzdun bat. Herrixka hauek, haran komunitatearen lekutze gune finkoak ziren, eta etxe multzo batez osaturik zeuden. Etxe multzo hauek, euren inguru gertueneko lurrak antolatuko zituzten. Gipuzkoar kasuan, dokumentuetan, herrixka hauek bi modutara izendatzen dira: ville-ak ( dirudienez eliza gabeko, landa ustiapen unitate izaera duen herrixka) edo monasterium-ak (landa eliza).

Zeintzuk izan ziren baina, gizatalde haiek leku jakin batzuetan finkatzera bultzatu zituzten eragileak? Etxe edo familia multzoen elementu biltzaile edo aglutinatzaile bezala, nekazaritzaren areagotzea edo elizak kontsideratu izan dira beti. Bada ordea, gizataldeak horretara bultzatzen eta erakartzen dituen beste faktore bat: “Hilerriak, elizak eraiki baina lehenago ezartzen dira” (Robert Fossier). Ideia honen arabera, hildakoak lirateke bizien lekutzeak finkatzen zituztenak, eta ez eliztarrak, hilak ziren eliza inguruan elkartzen zituztenak. Hortaz, lehenengo gune finkoena (edo finkoenak, habitat guneanitzdun batetaz ari baikara), nekropolia litzateke, herrixkak baino lehenago eta askotan herrixka desberdinen artean sortutako nekropolia.

Oinetxea, lurralde eta gizartearen zatiketa prozesu honen azken estadioa da. Gipuzkoako Lurraldeko zenbait tokitan, jada XI eta XII. mendeetarako, oinetxe desberdinen aipamena egiten da: 1080an adibidez, Lenizen, etxe bat dohaintzan ematen da eta hori da oinetxe bati (domun) egiten zaion lehen aipamena; 1141ean Berastegin bi kasu eman ziren; eta XII. mende erdian, Abaltzisketan, labore lurrak eta larre eskubideak zituen oinetxe bat dohaintzan emango zen, oso ederki diseinatutako oinetxea azken hau. XIII eta XIV. mendeetan, villa edo hiribilduen sorrera, oinetxe desberdinen bilkura suposatu zuen.

2. Gipuzkoar lurralde eta gizartearentzat zer suposatu zuen 1200eko Nafarroatik Gaztelarako aldaketak? Zein zen Gipuzkoaren antolamendua eta zein bere paisaia 1200. urtean?

Seguruenik, 1200. urtean, gipuzkoar lurraldearen eta gizataldeen aipatutako hiru antolamendu unitateak (haranak, herrixkak eta oinetxeak), garapen maila desberdinetan izan arren, garaikideak izan ziren. Donostiaren kasuan gainera, villa edo hiribildu izaerarekin (1180) antolamendu prozesu horren azken estadioa izango genuke.

1200 urtean, hipotesi moduan, honako egoera legoke gipuzkoar lurraldean: oinetxeak okupatzen zituzten familiatan antolatutako gizartea. Hauetako famili batzuk, oinetxeen oinordekotasun eskubidea egotzia zuten jada, euren oinetxearekin identifikatzen zirelarik. Oinetxe multzoek, herrixkak osatuko lituzkete (batzuk elizarekin), oraindik ere oinarrizkoak izaten zirauten abeltzantzarako eta baso-ustiapenerako lurrak konpartitzen zituzten herrixkak. Oraingoz, hau besterik ezin dezakegu esan: ez zen jauntxoen mundua, ezta jauntxoen menpeko laborariena ere.

Lurraldearen jabegotza graduek eta eliza izateko eskubide mailek, arabar eta bizkaitar kasuetan bezain nabarmena ez den arren, gipuzkoar gizartean ere nolabaiteko hierarkizazio bat bazegoela ematen dute aditzera.

Baina, zer gertatu zen 1200ean?

Lehenik eta behin, eta umiltasun handiz, zera esan beharrean gaude: ez dakigu 1200. urtean benetan zer jazo zen. Daukagun iturri bakarra, Rodrigo Jiménez de Radak, Toledoko Artzapezpiku eta Alfontso VIII.aren konfindatzazko gizon zenak, idatzitako pasarte labur eta ilun bat besterik ez da. Bertan, Alfontso VIII.ak 1200ean Gipuzkoako Lurra eta beste zenbaiten artean Ausa, Ataun eta Beloagako gazteluak bereganatu zituela esaten da. Beste zenbait dokumentuen arabera, ondoren Alfontso VIII.ak aipatutako gaztelu guztiak Bizkaiko Jauntxoa zen Diego López de Haroren eskuetan utzi zituen.

Aipatutako pasartearen fidagarritasun zalantzagarriak ordea, 1.200go gertakizunen inguruan formulatu diren baieztapenak erlatibizitzatzera garamatzate. 1200. urtean gipuzkoar lurraldea behin betiko Gaztelaren eskuetara pasa zela egia ote da? Urte zehatz hartan izan al zen? Ondorengo urteetan ez ote zen buztankadarik eman?

Zer suposatu zuen 1200go gertakizunak, gipuzkoar gizartearentzat? Haranetik oinetxerarteko prozesua bizitzen ari zen gipuzkoar gizartea, feudal kulturaren antolamendu formetan murgiltzen hasia zen.

1200. urtean, Gaztelako erregea gipuzkoar lurretako senior eta errege zen. Zer suposatu zuen honek garaiko “gipuzkoarren” giza harremanen sarean? “Errealitate” hori Gipuzkoa osoan aplikagarria al da? Ez al da anakronismo bat? Une hartan Gipuzkoan ba al zegoen erregearekin tratua egin, haren aurka borrokatu edo lurraldea emateko bezainbesteko indar eta trinkotasunik zuen jaun-aparaturik? Zuzena al da garaiko “gipuzkoarrek” nafar edo gaztelar erreinuarekiko aho bateko erabakia hartu zutela esatea? Agian, gaztelu jakin batzuk (eta ez beste batzuk) aipatu izanak, atentzioa deitu beharko liguke. Okerra al litzateke gipuzkoar gizartean zeuden gizatalde desberdinen “señorializazio” mailen araberako jarrera desberdinetan pentsatzea? Gipuzkoar aparato politiko bat ez bazegoen, nola liteke Gipuzkoa bereganatzea?

Gaztelar erregea, bere boterea bertako gizon eta lurretan eraginkor eta egiazko egiteko, hiru bitartekoz baliatu zen: jauntxoez, hiribilduez eta elizez.

Batetik, lotura pertsonalen bitartez, hierarkia eta jauntasun maila jakin bat zuten zenbait gipuzkoar leinu eta familia bere menpeko egin zituen. Bestalde, landatarrei hiribilduak biztanletu zitzaten dei eginez eta villa foruak emanez, erregeak “villa”k bere menpeko basailutzan ezartzen zituelarik.

Elizak edo monasterium-ak lirateke erregeak aipatutako jardunean erabilitako hirugarren medioa. 1200ean, gaztelar erregea, Gipuzkoan pribatizatu gabe zeuden (hots, jaberik ez zuten) lur, larre, baso, ibai, etab.en domeinuarekin egin zen. Ondasun hauek guztiak, elizak barne, erret-ondasun izatera pasa ziren orduan. Erregea honela, ordurarte komunal kolektiboarenak izan ziren Gipuzkoako elizen jaun eta patrono bilakatu zen. 1201eko Gipuzkoan beraz, Araba eta Bizkaiako Berant Erdi Aroan gertatu ez zen bezala (hauetan elizak Ahaide Nagusien eskuetan baitzeuden) elizak erregearen jabego ziren.

Gaztelar erregeak, gipuzkoar lur eta biztanleria bere agindu eta menpean ezartzeko praktikan jarri zituen aipatutako prozesuek, bertako nobleziarengan ondorio nabarmenak eragin zituen. Une historiko hartatik aurrera, nafar gizarte ereduak ezin izan zuen aurrera egin. Goizeko saioan, eztabaidagarria deritzodan baieztapena egin da: monarkia nafarra ez zela feudala. Ukaezina dena zera da: XI eta XIII. mendeetan, Nafar Erreinuak, gaztelarra baino zail eta tinkoagoa zen jaun-profil bat erakusten zuela. Desberdintasuna nabarmena da. Errekonkistan buru belarri sartua zen Gaztelak, lur zabal guzti haiek emateko zituen, baina lur-emalea, erregea zen. Nafarroa berriz, Aragoa eta Gaztelaren artean gelditu zen Errekonkistara atera gabe, horregatik, bertako noblezia manten zedin, barne-ondasunak indartzera behartuta ikusi zen. Momentu hartan, nafar eredua gaztelarra baina formalistagoa zen. Dueroko lurrak kontzejuen bidez berpopulatzen ohitua zegoen gaztelar erreinuak, eredu hori bera ekarri zuen Gipuzkoara.

1200ean, 1214an, edo 1236an gertatutakoaren arabera, ondoriozta daitekeena zera da: gipuzkoar gizarteak zeraman feudalizazio prozesuak, ordurarte jarraitutako bidea utzi eta bide berri bati ekin ziola. Populatzearen kristalizazio prozesuak jarraitu zuen, baina hazkunde horren irabaziak ez zitzaizkion zuzenean gipuzkoar nobleziari bideratu. Seguruenik, XIV. mendeko krisialdiaren leinuen arteko gatazken arrazoietako bat hor legoke. Zegoena, gehien balio zutenen artean banatu behar zen. 1200. arte emandako prozesua ezin izan zen jarraitu. Agian, horregatik sortu zen hemen Gipuzkoako Lurraldea, eta ez Arriagako Kofradia edo Bizkaiako Jaurgoa.