INDARKERIAREN ERAGILEAK: KONPAINIAK ETA GOARNIZIOAK BIZKAIAN, GIPUZKOAN ETA NAFARROAREN IPAR-MENDEBALDEAN, XIV-XV. MENDEETAN.
Jon Andoni Fernández de Larrea Rojas. Euskal Herriko Unibertsitatea

Gaztelu eta gotorlekuen bidez, bando borroken inguruko gai bat azaltzen saiatuko naiz: hasiera batean gudu pribatu bat zenaren eta bidelapurreriaren arteko erlazioa.

Gaztelu eta gotorlekuetako goarnizioen nondik norakoak azalduz hasiko naiz. Fortifikazio hauetako soldadu kopurua nahiko murritza izaten zen. Inoiz ez (Oñatiko Kontearen soldadu-taldearen salbuespenarekin) 30 edo 40 oinezko-gizon baina gehiagokoa.

Ataungo gazteluak esate baterako, zortzi bat gizonek osaturiko goarnizio izango zuen, eta Ausak (Zaldibia), hamar ingurukoa.

1340-1341. urteetan, Behe Nafarroan eman ziren istiluak zirela eta, nafar erregeak Agramont eta Luxeko gazteluak okupatu zituen. 1343an, Saint Jean Pied de Porteko gaztelujauna zen Martín Enrique de Lacarrak, aipatutako bi gazteluetan hamabost (Agramonten) eta zortzi (Luxen) gizonez osatutako soldadu-taldeak zituen. Ataun eta Ausako kasuen antzeko kopurua beraz.

Zenbait urte beranduago, Nafarroak, Gipuzkoa eta Araba okupatu zitueneko datuak ditugu. Zaldiarango gazteluan, 1369ko negu eta udaberrian eta uda parte batean, bi arma-gizonek (hots, armadura osoz eta zaldiz hornitutako soldaduak) eta hogei oinezko-gizonek osatzen zuten bertako goarnizioa. Abuztu erditik azaro bukaerararte berriz, esandakoen erdiek: arma-gizon bakarrak eta hamar oinezkoek. Eta azaro erdialdetik 1370eko urtarril erdialdera, hamabi oinezkoek, zeintzuei urte aldaketa unean (abenduaren 29 eta urtarrilaren 1a bitartean) zazpi errefortzu gizon gehitu zitzaizkien.

Alegria Dulantzi hiribildua zaintzen zuen gotor-dorrean berriz, 1369. urtean, bi arma-gizonez eta hamar oinezkoz osaturiko soldadu-taldea zegoen.

Guzti hauek, Koroaren menpeko gazteluetako errege-goarnizioetako adibideak dira, eta ikus daitekeenez, zifra nahiko murriztuetaz ari gara.

Ahaide Nagusien dorre pribatuetan kokaturiko soldadu taldeen inguruan dauzkagun datuak fidagarritasun gutxiago dute.

1332an adibidez, Bizkaiako Ibarguen dorrea oldartua izan zenean, Ruiz Sánchez de Zaldibarrek beste hamalau lagunekin batera defendatu zuen. Oinaztarrek Gómez González de Butrónen eskutik, Abendañotarrek Otxandianon zuten dorrea 1445. urtean erasotu zutenean berriz, aipatutako dorrea hamar egunetan zehar hamabost gizonengatik defendatua izan zen. 1468an, Juan Alonso de Múgicak, Sagarminagako dorrea erasotzean, aipatutako gotorlekua Pedro Ortiz de Arteaga eta beste hogeitabost gizonen zaintzapean zegoen. Fernando de Bernak 1461. urtean, dorrea berreraikitzeko zituen asmoak zirela eta ospatutako itaunketan lekukoek egindako adierazpenetan aldiz, aurreko garaietan dorre hartako konpainia hiru eta hamar bitarteko lekaioek (baleztaz armaturiko soldadua) osatzen zutela ematen da aditzera.

Oinarri dokumentala duten datu hauek guztietatik beraz, fortifikazioak soldadu-talde txikiz osatuak zeudela ondoriozta daiteke. Hare gehiago, testu kronistiko batzuetan, dorre hauek praktikoki hutsik zeudela aipatzen da, eta baita bando jakin bateko kideek hiru edo lau dorre egun bakar batean bereganatzeko gai zirela ere. Azken ideia honek, eraikin hauen nolabaiteko abandonoa dakarkigu pentsamendura. Goran aipatutako Otxandianoko dorrea hamabost gizonek hamar egunetan zehar defendatu zutela kontutan hartuz, nola uler daiteke egun bakarrean hiru edo lau gotorleku eskuratu izana?. Beharbada, etsaia gerturatzean bertan behera utziko zituzten, edo agian, ez ziren bizileku-iraunkorrak eta testuinguru jakin batzuetan besterik ez ziren okupatzen.

Baina, zer funtzio zuten gotorlekuetako goarnizioek? Zein zen beraien egitekoa bando-borroketan, bai gerra publikoan baita eguneroko indarkerian ere? Gipuzkoan, eta Euskal-Herrian orokorrean, lau gatazka moeta eman ziren: estatu desberdinen arteko gerra-publikoa; bando-gerra edo leinuen arteko gerra-pribatua (bere adiera hertsienean); jauntxoen aurkako gatazka; eta azkenik, bidelapurreria.

Printzipioz, bando-borroken gerra pribatuak, leinu eta bandotan multzokatutako familia nobleengan soilik eragin beharko balu ere, ez zen hala gertatu. Leinu eta bandoak, liskar hauen protagonista zuzenak izan ziren arren, orduko gizarteko gainontzeko gizataldeek ere gudu haien eragina jaso eta bizi behar izan zuten.

Zergatik? Ahaide Nagusiek leinu etsaien aurka borrokatzeko, gizon armatuak errekrutatu behar zituzten, baina ekonomikoki soldadu haiek iraunkorki mantetzeko errekurtsorik ez zuten. Nola konpondu arazoa? Ahaide Nagusiek, beste zenbait leinurekin lotura feudobasailatikoen bidez, bando-borroketan euren alde egingo zuten aliatuak lortu zituzten. Leinu Nagusiek, bai nafar baita gaztelar erregeen eskutik, feudoak jasotzen zituzten, gero, errenta hauek, menpeko leinuenganako beheranzko loturak sortzeko berrerabiliz. Eta hain zuzen ere, Ahaide Nagusien menpeko leinu hauek lirateke, bidelapurrerian inplikazio gehien izan zutenak.

Gakoak bi dira. Batetik, Ahaide Nagusien arteko gerra pribatuak, menpeko leinuak ere tropak edukitzera behartzen zituen, leinu nagusienganako zuten konpromezua bete ahal izateko. Bestetik, menpeko leinuek, ez zituzten soldadu-kontigenteak mantetzeko beharrezkoak ziren baliabide ekonomikoak, euren errenta arrunta ez baitzen hartarako nahikoa. Irtenbide logikoena hortaz, menpeko ez ziren landatarren gaineko presioa gehitzea eta bidelapurreria ziren.

1463an, Durangoko hiribildua eta Fernando de Bernaren artean emandako auzian egin zen itaunketako lekukoen adierazpenak honen erakusgarri dira. Aipatutako lekukoek, Juan Alonso de Múgicaren aldekoa zen Bernak bere soldaduak mantendu ahal izateko, Múgicaren etsaia zen Pedro Abendañoren etxeko errentak lapurtu behar zituela azaltzen dute.

Menpeko leinuek praktikatutako bidelapurreriaren beste erakusle bat 1354. urteko testu nafar bat litzateke. Bertan esaten denez, mendialdeko merino nafarraren heriotzean, nafar monarkiak aipatutako merinoaren jarraigo-kideei diru laguntza bat eman zien, baliabide ekomikorik eduki ezean bandil-lanetara joko zutenaren beldurrez.

Oinarri ekonomiko txiroko gipuzkoar ezkutari-leinu taldeen existentzia Nafarroan atzematen da ere. Nafarroako Karlos II.ak zenbait mertzenario hartu zituen. 1364an hauetako ezkutari batzuk, zehazki esateko urkiolatarrak eta zenbait muruatar, Nafarroako Erreinuan finkatu ziren, eta bertan, erregearen eskutik feudoez gain, Huarte Arakil eta Etxarri Aranatzen ondasun eta etxeak jaso zituzten. Hortaz, Gipuzkoan, oinarri ekonomiko ahulak emigrazioan pentsa arazten zuen ezkutari-taldeak bazeuden.

Menpeko ezkutari-leinuek, lekaiuak iraunkorki euren zerbitzura mantentzeko baliabide ekonomikorik ez zuten arren, arrisku-egoeretan beharrezko eta ezinbestekoak zituzten ordea.

Bernaren aipatutako itaunketan atzeman daitekeenez, leinu bakoitzaren soldadu-taldea zenbait abagunetan hazi egiten zen, honek landatarren gaineko presioaren gehikuntza suposatzen zuelarik. Fernando de Bernak adibidez, lekaiu berriak bereganatzen zituenean, lekaiu hauek inguruko bizilagunei dirua eta elikagaiak lapurtzera bidaltzen zituen.

Alonso de Palencia kronistak, Enrike IV.ak Gipuzkoara egindako bidaiaren inguruan egindako kontaketan esate baterako, bideetatik diru truke babesa eskeintzen zuten eta ordaindu bitartean mehatxuka aritzen ziren zenbait ezkutari atera zirela dio.

Bidelapurreriaren arazoa, ez zen ordea gure Ahaide Nagusien gipuzkoar lurraldean bakarrik eman. Europan ere, antzeko kasuak eman ziren. 100 urtetako guduko une desberdinetan, mertzenario konpainiak langabezian gelditu zirenean, lurraldez lurralde ibiltzen ziren gotorleku desberdinak bereganatu eta inguruetako populazioa euren agindu eta zergapean jarriz.

Azkenean, konponbidea zein izan zen? Nafar erregeek muga-lurretako bidelapurreriarekin egin zuten modura, konponbidea batez ere alde ekomikotik iritsi zen. Legezko medioen bitartez, fiskalitateaz baliaturik, zerga-ordainarazpenak igo eta ejerzito iraunkor bat sortu zen. Bertan, noblezia txikiko kide liskartiek karrera bat, eta batez ere, bizibide duin eta ohorezkoa topatuko zuten.