JATORRIZKO NAFARROAREN ANTOLAKUNTZAN GAZTELUEK IZANDAKO GARRANTZIA.
Juan Jose Larrea. Euskal Herriko Unibertsitatea


Nafarroan, nortasun politiko bereko lurralde batean, XII. menderako, bi gune desberdintzen dira.

Lehen gunea, jatorrizko Nafarroako Erresumako lurraldeek osatzen zuten eta bertan gazteluek ez zuten inongo garrantzirik edukiko lurraldearen antolaketan. Halaber, Espainia kristauan gazteluak lurraldearen antolakuntzaren ardatza izatea salbuespena izan zen.

Nafarroako Hegoaldean berriz, lurraldearen antolakuntza Mediterraneoko “encastelamento” ereduarekin bat dator. Halaber, Europako Erdi Aroko historian, populatze antolakuntzaren ereduetariko bat “encastelamento” delakoa izan zen, non populazioa gaztelu edo gotorlekuen inguruan eratzen zen.

Nafarroaren kasua azaltzeko eta VIII-XIX. mende bitartean kokatuz, Penintsulako Iparraldean, hau da, Galiziatik Kataluniara doan lurralde osoan, izen desberdinak jasotzen dituen lurralde unitatea aurkitzen dugu: TERRITORIUM, ALFOZ, CIVITAS... Erdi-neurriko lurraldeak dira eta unitate politiko handiagoak sortzeko funtsezko esparruak izango dira, honela, unitate hauen garapenetatik entitate politiko handiagoak sortuko dira: Iruñako Erresuma, Asturiaseko Erresuma, etab.

Euskal Herrian ere, antzinate berantiarrean jatorria duten neurri hauetako lurraldeak aurkitzen ditugu: Iruñako lurraldea, Irunberri, Arakil... Bizkaian eta Araban ere aurkitzen ditugularik.

TERRITORIA delako hauek, Bisigotiar estatuaren hondoratze eta Monarkia berrien sorreraren arteko garaian, Penintsularen Iparraldeko lurralde antolakuntzaren muinak izango dira. 1.000. urtea baino lehen, lurralde edo barruti hauetan aurkitzen ditugun gaztelu edo gotorlekuak ez dute zeresanik izango populakuntzaren antolakuntzan.

Jatorrizko Iruñako Erresumak osatzen zuen lurraldean, arkeologia eta espedizio militarren kronikei esker ezagutzen ditugun gaztelu edo gotorlekuak muga partean kokatzen dira, dentsitatea txikia izanik. Gotorleku hauen jatorria, Pirinio aldean X. mendean eraikitzen diren harrizko dorreetan egon daiteke. Dena den, gaztelu hauek ez ditugu ongi ezagutzen, alde batetik dokumentazioan ez direlako aipatzen eta bestetik arkeologi lanak egiteko daudelako. Batzutan, gazteluak eliza bati lotuak egongo dira, adibidez Uxue. Beste batzutan berriz, menpeko habitat bat garatuko dute, hau izango da Zangozaren kasua.

XI. mendean, dokumentazioak, gaztelu hauek zituzten baroien eta erregeen arteko harremanak argitzen dizkigu, gazteluen gobernu ahalmen eza ulertzen lagunduko digularik. Alde batetik, gazteluetako baroiek ez zuten ez gobernu, ez fiskalitate ahalmenik. Honela, lurralde honetan aurkitzen ditugun 100 herrixketatik, soilik bi edo hiru egongo dira gaztelu baten indarpean. Gainera, gaztelu barruti hauetan, erregeek jarritako ordezkariek fiskalitate eta justizi alorretan parte hartzeko ahalmena izango dute, barruti hauek erregeak aldatu ditzazkeelarik.

Honez gain, gaztelu hauetan ez dira jauntxo familiak finkatuko, errotazio sistema erabiltzen baita bertako eliteen artean, 12 edo 14 baroi familia txandatzen direlarik gaztelua edukitzerakoan. Gaztelua edukitzea, ohorea eta duina ematen duen betebeharra izango da, askotan garestia irtengo bada ere.

1035.etik, eta batez ere 1054 eta 1076. urteen artean aldaketa bat emango da, monarkiak baroien erasoa jasango du botere publikoaren onura lortu nahian eta honek populatze antolakuntza desberdina eragingo du. Baroien helburua ez dira gazteluak izango, baizik eta hiribilduak eta hauen errentak. Honela, Nafarroako jauntxoek, hiribildu eta herrixkak banatuko dituzte beraien artean eta lortutako justizi eta fiskalitate eskubideak, heredagarriak izango dira. Beraz, erregearekiko harremana aldatuko da, orain fideltasun harremaneri esker lortutako eskubideak jauntxoen esku egongo direlarik.

1076. urtean, Nafarroako baroiek bere fideltasuna eskaintzen diote Aragoiko Koroari, honela, lurralde hedapenaren politika duen koroarekin bat egingo dute eta hedapen honetan Nafarroako Hegoaldean musulmanei irabazitako lurrak Errege Ondasunari gehituko zaizkio. Baina dagoeneko, Nafarroako errege eta aristokraziaren arteko harremana feudala da. Beraz, tipologi desberdineko feudoak sortuko dira lurralde berri hauetan. Era berean, Hegoaldeko lurralde hauen populazio sistemak paisai desberdin bat emango digu, non populazioa gotorlekuen inguruan antolatuko den. Herrixka eta hiribildu berri hauen errentak, aristokrazia eta koroaren artean banatuko dira. Gehienetan, hiribildu edo herrixka hauek, jatorrizko Nafarroako lurraldeko herri eta hiriak baino handiago eta aberatsagoak izango dira. Honenbestez, Nafarroako Hegoaldean, monarkiak konkistatutako lurraldea izanik, gaztelu edo gotorlekuek populakuntza antolatuko dute “encastelamento”-aren eredua jarraituz, boterearen hierarkia feudala izango delarik.

Garai berean, Nafarroako Iparraldean, beraien artean antzeko morfologia duten herrixka txikiak aurkitzen ditugu. 1.000. urtean aurkitzen genituen herrixken tamaina berbera izanik, 15 edo 20 familiako guneak izaten dira eta kokapen eszentriko eta dominatzailea duten eliza bat dute.