GIPUZKOAREKIKO MUGAN KOKATURIKO NAFARROAKO GAZTELUAK.
Juan Jose Martinena Ruiz. Nafarroako Agiritegi Orokorra


Behe Erdi Aroan, Nafarroako Erresumaren defentsa sistema osatzen zuten ehun bat gazteluetatik, kopuru handi bat ondoko Erresumenekiko mugetan kokatzen ziren. Hau dela eta, eraso arriskua etengabea zen, beraz, bertako goarnizioak alerta egoeran egonen ziren beti.

Gaztelu hauetako alkaideek, barrualdean kokatzen ziren gazteluen zaindariek baino errenta handiagoak jasotzen zituzten, arma-gizon kopurua ere handiagoa izaten baitzen mugetako gaztelu hauetan. Honez gain, gerra edo arrisku garaian, gazteluak indartu egiten ziren.

Gazteluen fabrikak konpondu behar zirenean, obra hauek lehentasuna izaten zuten beste lan batzuen aurrean. Dokumentazioan ere, mugetako gaztelu hauen egoera isladatzen da, beraz, argi ikusten da mugen defentsa helburu izango zuten gaztelu hauei ematen zitzaien garrantzia.

Gazteluek jasandako okupazio saiakera latzenak bat-bateko edo ezusteko erasoak izaten ziren, “furto” izenez ezagutzen zirenak. Maiz, saiakera hauek ez zuten arrakastarik izaten eta berehala berreskuratzen ziren, honen adibide Gorritako kasua izan zen, gipuzkoarrek hartu ondoren, nafarrek, 1321. urtean berreskuratu zuten. Beste batzutan aldiz, gazteluen berreskurapena ezinezkoa suertatzen zen, gazteluak suntsitzen baitzituzten.

Edozein erasoren aurrean, mugetako gaztelu hauek, defentsarako antolaketen gune izaten ziren. 1335. urtean, gipuzkoarren erasoari aurre egiteko, Juan Gartzia Reta merinoa, Leitzako gotorlekuan aurkitzen dugu “frontaleros” izena jasotzen duten arma-gizonekin batera. Hauen lana, lurra defendatzea eta bertan aritzen ziren gaizkileei aurre egitean zetzan. Koroak, arreta berezia jartzen zuen mugetako gaztelu hauetan, gotorlekuak eta hornidurak zainduz eta bertako alkaideeri soldatak jasotzerakoan lehentasuna emanez.

Nafarroako Agiritegi Orokorreko Kontu Erregistroetan, gazteluek pairatutako konpontze lanak eta obrak jasotzen dituzte, gotorleku haiek nolakoak izan ziren ulertzea laguntzen digutelarik.

Ataungo Gaztelua


Ataungo gazteluan ezagutzen ditugun lehen obrak 1294. urtekoak dira, zurgintza lanak egin zirenekoak. 400 gizonek egin zuten lan, 300 zamabere erabili zirelarik.

1309 eta 1321. urteetan, lan berriak egin ziren baina kontu erregistroek ez dute informazio handirik ematen.

1328. urtean berriz, 25 libra xahutu ziren horma berri bat egiten.

1334. urtean, Lazkao aldera begiratzen zuen horma zati bat harri eta kareaz eraberritu zuten, Etxarri aldera begiratzen zuen zati bat eta almenaduna gehituz. Uharka betunez konpondu zen, ez baitzuen ura gordetzen. Egurrezko garita bat egin eta beste bi konpondu ziren. Dorreko ate ondoko horma eta uharkara ibaiko ura garraiatzen zuten 8 ubide berregin ziren.

1343. urtean, dorrea, garitak, alkaidearen jauregia eta ganbaren lurra harriz eta lurrez indartu ziren, haizeari aurre egiteko.

1346. urtean, uharkara ura garraiatzen zuten ubideak eraberritu ziren. Dorrea berriro ere estali zuten, bertako haize bortitzek aurrekoa eraman baitzuten.

1350. urtean, Jauregi-nagusia, ubideak, Nafarroaldeko horma eta 3 garita konpondu zituzten.

1352. urtean, haritzez eginiko kutxa bat erosi zuten garia gordetzeko. Kontutan izan behar dugu gerra garaian, gazteluek janari eta aleak biltegiratzen zituztela, arma-gizonak hornitzeko.

1355. urtean, gazteluaren dorreak haritz-oholez estali ziren eta uharka betunarekin konpondu zen.

1372. urtean, azkeneko konpontze lanak egin ziren, arma-gizonen etxea eta dorre nagusiaren estalkia konponduz.

1378. urtean, gaztelar eta nafarren arteko gerra izanik, Karlos II.aren aginduz gaztelua suntsitua suertatu zen.

Ausako Gaztelua.


Ezagutzen diren lehenengo konponketak 1290. urtekoak dira, gazteluko ate inguruko horma berritu zelarik. Ataun eta Ausako gazteluetan, egurrez eginiko egiturak garrantzi handia zuten, harrizko hormen gainean gainjartzen zirelarik.

1315. urtean berriz, 2 garita berregin zituzten, dorreko estalkia oholez konpondu zutelarik.

1321. urtean, iturrien arabera, Ausako gaztelua berregiten ari ziren, baina konponketak egiteko kontratatutako jendea beldur zen gipuzkoarren erasoei.

1333. urteari dagokionez, dorrea, eskailerak, gaztelu eta dorreko ateak, garitak eta arma-gizonen etxea konpondu ziren.

1334. urtean aldiz, gazteluaren horma zati bat berregin zuten eta gazteluaren barnean ere zenbait konponketa egin ziren.

1335. urtean, iturri dokumentaletan jasotzen diren azkeneko obrak egiten dira, gazteluaren horma bat berregiten delarik. Honez gain, almenak eta dorre nagusiko atea konpontzen dira eta garita berri bat egiten da.

Urte berean, gipuzkoarrek gaztelua setiatu zuten eta nahiz eta nafarrek foruei jarraitu eta Tuterako merindadeko kontzejuak mobilizatu, ahalegin guztiak ezer-ezean gelditu ziren, zeren eta gipuzkoarrek gaztelua hartu eta eraitsi egin baitzuten.