GIZAKIAK, LURRAK, ERREINUAK: XIII eta XIV. MENDEETAKO GIPUZKOAR GIZARTEAREN MUGAKETA.
José Antonio Marín Paredes. Deustoko Unibertsitatea (Donostia).


Nire mintzaldiaren helburua, Erdi Aroan gaztelar eta nafar erreinuek, egun Gipuzkoa bezala ezagutzen den lurraldeko biztanleriaren domeinua zela eta, mantendu zituzten harremanen testuinguruan, Goiz Erdi Aroan sortu zen aparteko entitate territorial eta sozial baten sorrera eta eraketaren nondik norakoak azaltzea da. Sortutako entitatea, Gipuzkoako Lurra (gaztelerazko “Tierra de Gipuzkoa” delakoa) litzateke.

Gipuzkoako Lurraren sorrera, ez zaio aipatutako bi erreinuen presio jazarpenari zor. Prozesuaren eragile eta protagonista nagusiak, ondaretzat gazteluak eta hilerriak utzi dizkiguten bertako gizon-emakumeak izan ziren.

Baieztapen hau bermatzen duten bi gertakizun daude. 1200ean, nafar eta gaztelarrek lur hauek bereganatzeagatik izandako borroketan, lurralde honen identifikapena, bertako zenbait gazteluren bidez besterik ez zen egiten. 1366an, Liburreko akordio famatuan berriz, zenbait populazio-entitatek mugatzen, mugarritzen eta seinalatzen zuten “Tierra de Gipuzkoa” delako lurraldea aipatzen da. Hortaz, XIV. mendean, mugaketa geografiko batetaz gain, giza-mugaketa bat ere atzematen da. Populaturik zegoen eta “villa” edo hiribilduetan eratzen zen biztanleria bategatik antolaturik zegoen unitate bat zen jada.

Hain zuzen ere, bi data horien artean, 1200 eta 1366 urteen bitartean, eman ziren garaiko gipuzkoar biztanleriak gauzatu zituen sozial eta lurralde antolamenduaren aldaketak, 1400 alderako, euren lurraldearen profila erakusterarte.

Egoera hau, XIV. mende bukaeran agerikoa da. 1397an Getarian, Gipuzkoako Lurreko hiribildu, leku eta alkatetza nagusietako ordezkariek egindako bileran, Kantaurialdeko espazio honetan entitate sozio-territorial baten konfigurazioa agerian uzten dute. Bilera hartako akta, Ermandadearen Kuadernoa, lurralde hura osatzen zuten entitate territorialen lehen mugaketetako bat da, bertan, gutxi-gora behera egun Gipuzkoa bezala ezagutzen den eremua mugatzen delarik.

Prozesu hau, 1200ean argitasun gehiagorekin profilatzen hasi zen, eta bukatu arte, erreinu mugakideek bertako giza-emakumeak euren agindu eta menpean ezartzeko zituzten interesengatik mugatua egon zen. “Gipuzkoako Lurra”ren konfigurazio prozesu honen protagonista, oinarri eta esentzia, ordea, bertako gizasemeek, XIII.mendetik aurrera bultzatu, garatu eta praktikan jarri zuten gizarte eta lurralde antokuntza forma izan zen. Hortaz, ez da beste zenbait lekutan bezala, jatorriz jaun-ekintzen eragin esklusiboagatik hasitako prozesua.

Zeintzuk ziren eta nola zeuden antolaturik XIII eta XIV. mendeetako “gipuzkoarrak”? XIII. mende erdiaz geroztik, Kantaurialdeko lur hau, (oraindik ere mugatu gabea, baina jada zehazten hasia) izaera komunitariodun giza-harreman prozesuetan egituratuak eta oinetxe moetako partzelatan eta monasterium edo elizatan antolatuak zeuden populatze gune zenbaitetaz biztanletua zegoen.

Lekutze hauek, familia-unitate desberdinez osatuak zeuden. Familia-unitate bakoitzak, gune horietan, oinetxe baten jabetza zuen eta baita beronen oinordetzarako transmisio ahalmena ere. Oinetxean bizi ziren familiak, aipatutakoez gain, oinetxeari atxikituak zeuden eta eurek ustiatzen zituzten zenbait ondasun ere bazituzten. Bizigunea osatzen zuten oinetxe multzoek, bertako giza-emakumeen bizia eta heriotza, lurreko eta espiritual gaiak ordenatzen zituen monasterium edo eliza zuten, eta baita gune jakin hori osatzen zuten familiek kolektiboki ustiatzen zituzten lur mugakide batzuk ere.

Gune bakoitzean, oinetxe baten edukitzaile ziren guztien arteko eguneroko harremanak, ahaidetasun loturetan oinarritzen ziren. Ondorioz, oinetxe, famili, monasterium eta ahaidetasun loturek, nabarmenki komunitarioa zen gizarte egituraketa bat osatzen zuten. Gipuzkoako Lur hartako leku edo bizigune batean kokaturiko ahaide komunitate bat.

Garaiko dokumentuetan, lurralde honetako biztanleak, gehienetan, kapare (“hidalgo”) edo laborari (“labrador”) bezala identifikatzen dira. Gizaseme hauen ekoizpen-jarduerak, nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenean, burdin ekoizpenean, eta lur eta itsaso bidezko merkataritzan oinarritzen ziren. XIII. mendean hain zuzen ere, “hidalgo” hitzaren bidez, oinetxe batean (ondasunak barne) bizi direnak izendatzen dira, “labrador” hitzaren bidez aldiz, oinetxe propiorik ez zuen biztanleriari egiten zaio erreferentzia. Hortaz, bizigune haietako populazioaren antolaketa komunitarioan, zenbait bereizketa sozial atzematen dira, diferentziatze horren elementu bereizgarria oinetxe baten jabetza edo jabetza eza izango zelarik.

XIII. mendetik aurrera ordea, gizarte egituraketa honek, ezaugarri nagusitzat bi prozesuren bat egitea duen transformakuntza garrantzitsua bizi izan zuen. Alde batetik, burdingintza lanek eta merkataritzaren eratorriek, lurralde honetako biztanleriaren populatze egituran eta antolamendu komunitarioan, aldaketa esanguratsuak eragin zituzten. Hauetako bat, Erdi Aroko “villa” edo hiribilduen fundazioa izan zen. Komunitate haietako zenbaitzuk, oinetxeak auzotasun erregimenean antolaturik zituzten populatze formetan bilakatzeko joera izan zuten. Antolakuntza era honek, lurralde edo territorial izaera gehiago zuen. Zenbait bizigune, lurralde mugatuak populatzen eta ustiatzen, eta kontzeju bidez antolatzen ziren oinetxe komunitatetan artikulatzen hasi ziren. Urteen joan etorrian, hiribilduetako lur eta biztanleriaren eskumena berea egin zuen kontzejua, jaurgo kolektibo antzeko batean bihurtu zen. Aldi berean, oinetxe desberdinen artean ematen ziren ondare diferentzien ondorioz, kontzeju ahalmenak bere mesedetan menderatzen eta maneiatzen zituen oligarkia sortu zen.

Bestetik, eta aldi berean, oinetxe komunitate desberdinetan, feudal izaerako hierarkizazio pitinkako bat garatzen hasi zen, oinetxe jakin batzuetako kideak euren komunitateko gainontzeko oinetxe eta oinetxekideekiko nabarmentzen hasi zirenean. Bigarren prozesua, ahaide komunitateen barne bilakaeraren ondorio izan zen. Ahaide komunitate antolamendu honetako kide ziren zenbait oinetxek, gipuzkoar komunitateak menperatzeko modua praktikan jarri zuten. Zertan zetzan? Komunitateko ahaide loturen eskuestearen bidez, oinetxe jakin bat besteen gainetik nabarmenarazten zen, gainontzeko oinetxeak menpeko bihurtuz. Oinetxe Nagusia, eta bertako Ahaide Nagusiak, komunitatearen buru ziren. Oinetxe Nagusi horretan bizi zirenek, oinetxe-buruzagi (“caudillos de solares” delakoak) izena hartu zuten. Ahaide Nagusien buruzagitza honek, komunitatearen eta gainontzeko ahaideen babesa eta hautamenaren ardura zekarkien berarekin, egiteko hauek, gehienetan, indarraren erabileran oinarritutako prozeduren bidez praktikan jartzen zirelarik.

Komunitate hauen bilakaeran, bi joera eman ziren: batzuk, euren Ahaide Nagusien agindupean aurrera egiteko bidea hartu zuten; beste batzuk kontzeju bat osatu zuten bitartean. Gipuzkoako Lurreko komunitateetako lur eta biztanleriaren antolakuntza era kontrajarriak suposatzen zituenez, bi prozesuen artean liskar eta borrokak hasi ziren, oinetxe komunitateen eta ahaide komunitateen arteko norgehiagokoak. Horregatik agian, babes jarduera konstanteak.

Bi prozesuen interpreteen jardueren laburpena, honako hau litzateke: kontzejuen osaketa emaitzat izan zuen prozesuaren interpreteen jardunari dagokionean, hauen helburua, kontzejuen bidez lurraldearen jaun eta jabe egitea zen. Horretarako, oinetxe komunitateak erakunde batean biltzeko prozesu bat bultzatu zuten. Erakunde hark, hibilduetatik antolatzen ziren harreman eta jarduerak babestuko zituen, biztanleria osoaren lurralde loturetan oinarriturik. Emaitza? Ermandade bidez bildutako Gipuzkoako Lurreko ordezkarien batzarra. Auzoak, jada entitate territorial bat zen Gipuzkoako Lurra babesteko senidetu ziren. Gipuzkoarrek, Ermandadea, euren lur eta ustiapenak kontrolatzeko medio bezala zuten. Auzo guztiak senidetzean, lurralde guztia batzen zen, biztanleriak, Gipuzkoako Lurraren lurretako bakoitzaren jabetza komunitarioki identifikatzen zuelarik.

Bigarren prozesuaren protagonistak, Ahaide Nagusiak izan ziren. Hauek, euren Nagusitasunez baliatu ziren gainontzeko biztanleriaren gaineko gizarte maila bat finkatzeko, eta honela, euren gailentasuna bermatzen zuten errenta eta ondasunak lortu, eta ahaideen arteko buruzagi eta oinetxeen arteko jauntxo bilakatu. Jardun honetan eman ziren Ahaide Nagusien arteko borrokak, nor zen indartsuago erakutsi nahian.

Azkenean ordea, Gipuzkoako Lurraren konfigurazio prozesuan, “hidalgos villanos” delako estamentu bakarraren inguruan oinarritutako auzo-komunitateen gizarte antolakuntza indartu zen, bertako errealitate bihurtzeraino.

Baina, zein paper jokatu zuten erreinu mugakideek prozesu honetan?

Lurralde honetan, erreinu mugakideetako erregeek baina paper garrantzitsuagoa jokatu zuten Gipuzkoako Lurreko biztanleriarekin harremanetan zeuden lurralde mugakideetako beste zenbait pertsonek.

Garai hartan, erret-boterearen ezarpena, errege-etxe bakoitzaren inguruan josten ziren pertsonal-sareen bitartez gauzatzen zen, eta ez modu zentralizatu edo razionalizatu baten bidez. Sare hauek, erret-autoritatearen onarpenean oinarritutako loturen bidez bilbatzen ziren. Erret-autoritatea onartu eta bere zerbitzura egon behar ziren. Erregeak trukean, estatusa eta ondasunak babestu eta aintzatetsi beharko zizkien, liskar eta borrokak arbitratzeko ahalmena jasoz. Hots, erregeak lurreko bizia ordenatzen zuen. Giza-harremanak modu patriarkal, korporatibo, hierarkiko eta estamentalean praktikatzea oinarritzat duen feudal kulturak dinamizatutako sistema azken finean. Baina, George Dubyk zioen bezala, sistema hau ez zen perfektua.

Seguruenik, Gipuzkoako Lurreko biztanleria harreman bilbadura honetan bere bizimodua babesteko helburuarekin sartu zen. Mugakide ziren bi erreinuek ere, lurralde honetan muturra sartzeko zenbait medioz baliatu ziren. Hala ere, XIII eta XIV. mendeetan, nafar eta gaztelar erreinuek, aipatutako harreman sareen antolamendu desberdina erakusten zuten.

Nafarroan, bertako noblezia eta gizarte korporazio nagusiarekiko, feudal kutsuko solidaritate pertsonaletan oinarritutako sistema ezarri zen. Honen adibide onena litzateke 1368an, Karlos II.ak, Amezketako oinetxearen jabearen bitartez, lur horiek bereganatzeko egindako ahalegina.

Gaztelar Erreinuak aldiz, lurraldeak antolatu eta gizataldeak kontrolatzeko medio bezala, hiribilduetako kontzejuen domeinuan oinarritutako sistema praktikatzen zuen. Sistema honetan, nobleziak, erret-kontsesiorik edo haren delegazio ahalmenik eduki ezean, ez zuen lurrak eta bertako giza-emakumeak zuzenki kontrolatzerik.

Gaztelak, hiribilduak sortuko zituzten komunitateak babesten zituen, eta baita hiribildu horiek, lurraldea eta bertako biztanleria gobernatzeko elkartzean eratutako “Ermandadearen Kuadernoa” delako araudia ere. Babes eta laguntza prozesu honetan, nobleziak parte hartu zuen, beti ere, erregearen delegazioz eta lurralde prenbendak jasotzeko inolako aukerarik gabe. Urteen joan etorriarekin soilik “oinetxe-jauntxoek” euren zerbitzuen truke, prebenda errentak jasotzea lortu zuten (orduan ere, Lurraldeko gainontzeko biztanleriarekin bizikidetasun komunitarioan mantentzeko baldintzapean). Kontzejuek, 1457rarte, Oinetxe Nagusiak tentuz gainbegiratu izan zituzten, Gipuzkoar Lurraldearen orden komunitarioa asaldatu ez zezaten. Aipatutako urtetik aurrera ordea, ez zuten jardun horretan zergatik aritu beharrik. Arrazoia? Kontzeju-ordezkariak probintzi-ordezkari bihurtu ziren; Gipuzkoako Lurra, Probintzi intulatu zen; eta Ahaide Nagusiak desterratuak izan ziren. Gipuzkoako Lurreko biztanleek zuten kapare (hots, lurraldea populatu zuen jatorrizko biztanleriaren ondorengo) izaera zela eta, euren bizikidetasuna antolatu eta euren lur, ustiapen eta ekoizpen jardueren kontrola mantendu zuten. Egoera hau dela eta, XIV. mende bukaeran Gipuzkoako Lurrean ez zegoen bertako lurren gainean ezarritako feudal kutsuko zentso eta errentak bereganatzen zituen nobleziarik.

Laburbilduz, Gipuzkoako Lurreko biztanleek, euren lurra garaiko gizartearen logikari jarraiki defendatu zuten. Haiek izan ziren, kontzeju-oligarkiek zuzenduta, lurraldea modelatu zutenak eta euren komunitatearen harremanak nola eta norekin izan behar ziren erabaki zutenak: zerbitzu zenbaiten truke, euren jite edo izaera aintzatetsitzen zuen erret-boterearen babesean jarri eta hiribilduek bultzatzen zituzten burdingintza eta merkataritza jardueretan segi ahal izan zuten. Erregearekin mantendutako erlazioa, (nire ikuspuntutik), ez dirudi aurrera egin zuenik. 1205 eta 1400 arteko dokumentuetan, gaztelar erregeen titulu guztiei erreparatzen badiegu, zenbat aldiz izendatzen da “la Tierra de Gipuzkoa” delakoa?