GIPUZKOAKO MENDIKUTE (ALBIZTUR) ETA AUSA (ZALDIBIA) GAZTELUETAN JARDUERA ARKEOLOGIKOAK.
Iñaki Padilla Lapuente. Bartzelonako Unibertsitatea/Aranzadi Z.E.


Gipuzkoan eta bere osotasunean euskal esparruan, Erdi Aroko arkeologiari orainarte izan duena baino garrantzi handiagoa eman beharko litzaioke, aipatutako lurraldeek garaiko dokumentu idatzietan duten eskasia, ikerketa arkeologiko sakon eta zientifikoekin osatzeko.

Eginahal honetan, 1992 tik gaurdaino diardugu, jatorriz Goi Erdi Arokoak diren gipuzkoar fortifikazioen azterketa helburu nagusitzat duen ikerketa proiektu batean lanean. Zaldibiako Ausa eta Albizturgo Mendikute, ikerketan aztergai diren gazteluen adibide dira.

Goiz Erdi Aroan gipuzkoar lurraldean sortutako gotorleku hauen okupazioa XIV. mende hasiera ingururarte luzatu zen. Harkaitzetan eraiki ohi ziren, beti ere haitz eta ingurunearen baldintzetara egokituz. Estrukturari dagokionez, guztietan eskema berdina errepikatzen da: goi-esparru bat eta behe-esparru bat. Formak berriz, kasuaren arabera aldakorrak dira.

1.-AUSA (Zaldibia)

Zaldibian, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan kokaturik dagoen Ausa gaztelu edo gotorlekua, 1200. urtean, Alfontso VIII.ak bereganatu zuenean, nafar izateari utzi eta gaztelarren eskuetara pasa zen. XIII. mende bukaerarako ordea, nafarrena zen berriro ere. Eta 1335ean, zenbait liskarren ostean, muga-guduetan ziarduten gipuzkoar jauntxoek (Berastegitarrek, Oiñaztarrek, etab.) bereganatu zuten.

Gaztelu honen estrukturak, eraikin hauetan ohizkoa den esparru bikoitzdun planteamendua aurkezten du: goi esparru bat, behe esparru batez inguraturik. Aztarnei erreparatuz, eraikinak urteen joan etorrian berriztapen sarriak jasan dituela atzeman daiteke. 1335ean esate baterako, berriztatua izan zen. Garai hartan, ohizkoak ziren gaita, garita edo dorreak gauzaeztandu egin ziren, XIV. mende hasierarako jada erabiltzen ez zirelarik. Ausa Gaztelun, oso esanguratsua da goi-esparrua gaientzen duen “torre del homenaje” delakoa, Goi Erdi Aroko gotorlekuetan elementu klasikoa dena.

Fortifikazio hau, bere garaian, on Joxe Miel Barandiaranek industu zuen. Garai hartan, gotorlekuaren dorrearen barnekaldea hustu zen, barne edukinak haren inguruan sakabanatu zirelarik. Beraz, azken eremu horren gain azalera, jarduera garaikide horri dagokio.

Egungo indusketei dagokionez, lanak hasi berriak direnez, horren inguruan jaso ditugun datuak oso murritzak dira oraindik. Industu den eremua, gain-esparruaren ipar saila, oso murritza da. Mendikuten ez bezala, zorupe-estratigrafia egoera onean mantetzen dela dirudi, aztarnategian ez baita elementu ezohizkorik ezta lurrazal eraldaketa edo mugimendurik ere ageri. Orain arteko jardunean egindako lanen emaitzek, datu esanguratsu bat aditzera eman dute: 10, 11 eta 12 sektoreen zoladurak, Mendikuteko multzoaren kronologiaren antzera, XIII. mende bukaera edo XIV. mende hasierakoak direla.

2.-MENDIKUTE (Albiztur)


Mendikute, 1025ean “Ipuscua”ko senior zen Gartzia Azenarizek eta bere emazte Galgak, San Juan de la Peñari, beste zenbait ondasunen artean “San Salvador de Olazabal” delako “monasterioa” eman zioteneko dokumentuan aipatzen den Alvizt urre dela dirudi. Albiztur toponimoaren jatorria hortaz, “dorre zuria” (Albis-turre) esan nahiko lukeen lekutze honetan koka genezake.
Gotorlekuaren kronologiari dagokionez, XI. mendetik XIV. mende hasierararte okupatua izan zen, jauntxoak euren antziñako eskubideak berreskuratzeko borrokatu ziren muga-guden garai gatazkatsurarte.

Albizturgo Mendikute gazteluaren estruktura, oso egoera txarrean aurkitzen da. Gotorleku honetan ere, ohizkoa den esparru bikoitzdun eskema jarraitzen da. Behe-esparruan, dorre, erdidorre, edo “gaitak” ageri direla dirudi. Harkaitzean landutako ate ziklopeodun sarrera-korridore bat ere atzematen da.

Gain-esparruan, sarrera eta irteera dituen goi-eraikin pentagonal noble bat bereiz daiteke. Portale txiki baten antzekoa da, eta agian zisterna edo zisternaren isurbidearekin zerikusia izan dezake.

“Aljibe” edo ur-deposito delakoa ere atzematen da. Elementu hau, harkaitz-zuloa aprobetxatuz harkaitzean bertan landutako estruktura angeluzuzena (pentagonala ere izan daiteke), gotorlekuetan oso ohizkoa zen.

Mendikuteko indusketak hasi genituenean, bertako lurrek urteen joan etorrian eraldaketa eta mugimendi ugari jasan zituztela jabetu ginen, honek indusketa antolatzeko garaian arazo larria suposatzen zuelarik.

1916an esate baterako, Retondo eta Mendizabalek, zisternari dagokion eremua industu zuten, gotorlekua Erdi Arokoa zen hala ez ziurtatzeko asmoz. Jardun hartan, zisterna hustu zen, orduan ez bezala egungo ikuspuntutik arraro xamartzat jo daitezken metodoekin. Honela, Erdi Aroko materialak gordetzen dituzten sedimentu multzo garaikidedun mailak sortu ziren.

Gerrate Zibilean, altueran kokaturik dagoen eta ikuspen ona duen lekutze estrategiko honetan, Tolosako aire-zaintza destakamendu bat ezarri zen. Honek, lurren mugimendu berri bat suposatu zuen: lubakiak eta tiratzaile-zuloak egin ziren; 1916tik hutsik zirauen zisterna, kasamata moduan erabili zen; etab.

Azkenik, 60. hamarkada bukaeran eta 70.aren hasieran, zundaketa batzuk egin ziren, haietan ere zenbait material berreskuratu zelarik.

Lurrazalak izandako aldakuntza guztiek, indusketa prozesua zaildu dute, industen daramazkigun sei urteetatik hiru, XX. mendean eman ditugularik. (Salbuespen batekin: sukaldeari dagokion eremua, 10. sektoreko gune txiki bat, zeinetan Erdi Aroko maila arkeologikoak mantetzen diren).

Berreskuratutako materialen multzoa, (50.000 baina gehiago diren fauna-aztarnak alde batera utziz), Erdi Aroko eta Aro Garaikideko objektuz eta bestelako langinez osatzen da. Metalezko gaiek dute presentzia nabarmenena. Zeramika berriz, gipuzkoar aztarnategi gehienen modura, oso murritza da.

Metalezko objektuen multzoa, hiru azpimultzotan bana daiteke: burdinezko gaiak (gehiengoa), txanponen saila eta kobre edo brontzezko aleazioen bildumatxoa.

Mendikuteko indusketak eman duen ekarpen garrantzitsuenetako bat, gotorleku baten aztarnategietan ohizkoak behar luketen armamentu piezak dira: lantza; daga edo ezpata motzak; daga luze edo lantza motzak; baleztak armatzeko kakoak; lantza puntak, etab. Armen sail honetan, azpimarragarriak dira berreskuratu diren 196 saietak. Gezi kopuru altu honek, gazteluko goarnizioa borrokarako prestatzen ari zela adieraz lezake, muga-guden garaikoak direla ez baita ahaztu behar. Bestalde, iltze ugari ere atera dira. Objektu hauen presentziak, egurrak eraikin moeta hauetan zuen garrantzia erakusten du, eraikinaren perimetroa osatzen zuten hormak harri eta kare-mortairuzkoak ziren bitartean, gainontzeko estrukturak egurrezkoak baitziren. Esku-diruari dagokionez, nafar, gaztelar eta frantziar jatorriko zenbait txanpon aurkitu dira. Adibidez: XI. mendeko txanpon nafarra; XII eta XIV. mende hasiera bitarteko gaztelarrak ( Alfontso I.aren txanpon bat, Santxo IV.aren kornadu bat edo Fernando IV.aren beste bat); eta frantziar multzoaren barruan, nafar erreinutik etorritako Luis XI.aren bat edo Felipe IV.aren bat.

Hezurrezko materialen taldean berreskuratu diren objektu interesgarrienetakoen artean, XIII bukaera eta XIV. mende hasierako (XV. mendeko baten salbuespenarekin) dado batzuk daude. Dado hauek, gotorlekuko zaindariak jokoan jarduten zirenaren erakusgarri dira. Baina aurkikuntzaren interesa zeran datza: indusketan topatutako aztarneri esker, Mendikute bertako goarnizioak (gehienez sei pertsonaz osatua) dado haiek egin eta lantzeko jarraitzen zuen prozesua argitu ahal izatea.

Fauna aztarnei dagokionez (arrai eta hegaztien azterketa egin gabe dago), ugaztunen taldean bobidoak, ardi eta ahuntz azienda, eta txerri-azienda nabarmentzen dira. Maila zaharrenetan, bobidoak dira nagusi eta berrienetan ardi eta ahuntz azienda. Sekuentzia honetan, kantaurialdean ohizkoa den azienda larritik azienda xeherarako bilakaera errepikatzen da. Fauna elementuen presentziak, gotorleku hauek, abeltzaintza eta zirkuitu trashumanteekin izan zezaketen zerikusia ekartzen digu gogora, ideia hau, fortifikazio hauen kokapenaren justifikazioa izan zitekeelarik.