Hiribilduak Moduan Hiribilduen Garapena Erdi Aroan Hiri Foruak Hiribilduak Botere Gune Hiribilduak Mitologian Bibliografia
 

200 urtetan zehar

Donostia:
nafar erregeen ekimena

Gaztelaren ordua
 
 

Gaztelaren ordua

Hamahirugarren mendean, Gaztelako Erregeek Nafarroakoek abiatutako hiribiltze-politikari segida eman zioten. Bide honetan, bi une antzeman daitezke, biak oso bestelakoak, bai tokiaren ikuspuntutik, bai eta denboraren aldetik begiratuta ere.

Errege-ekimenak

Lehendabiziko hiribildu-sorta mendearen hasierakoa dugu, eta Gipuzkoako kostaldeari dagokio. 1203. eta 1237. urteen bitarteko epealdi honetan, bi errege nabarmendu ziren: Gaztelako Alfontso VIII.a eta Fernando III.a.
Alfontso VIII.ak Hondarribiari (1203.ean), Getariari eta Mutrikuri (biei 1209.ean) eman zien hiribildutasuna. Fernando III.ak, berriz, Zarautzi 1237. urtean.
Modu horretan, Gaztelako botereak Gipuzkoako kostaldea bere alde lerrokatzea lortu zuen. Eragina bikoitza zen, Nafarroako Erresumaren komertzioari ere muga ezartzen zion eta.
Litekeena da lehenengo bultzada hau Jaun Handien presioaz gelditu behar izatea. Izan ere, Jaun hauen leialtasuna ezinbestekoa zitzaion Gaztelako Erregeari euskal mendebaldearen kontrola Nafarroak berreskuratuko ez bazuen. Beraz, Gaztelak hiribiltze prozesuari etenaldi bat eman zion, Nafarroako Erregeek izandako arazoak ez pairatzeko.

Bigarren bultzada, aldiz, Alfontso X.aren eskutik etorri zen. Honek, Segura eta Tolosa (1256. urtean), Arrasate (1260an) eta Ordizia zein Bergara (1268an) eraman baitzuen hiribildu izatera. Beraz, hamalau urtetan bost hiribildu sortu zituen gure lurraldean.
Hiribildu berriei esker Gaztelak Nafarroako Erresumaren harremanak oztopatu edo kontrolatu egiten zituen. (Segurarekin batera, adibidez, Aizkorriren beste aldean Agurain Salvatierra bilakatu zen). Izan ere, hiribildu hauek bide-gurutzeetan zeuden, ibaiek eta bide zaharrek bat egiten zuten tokietan, alegia. Tradiziozko bide hauetan zehar, Nafarroako komertzioak kostaldera iristea bazuen eta.
Hau da, mende hasieran Gaztelak bideen helmugak jarri zituen bere menpean. Mende erdialdean, berriz, bideak batzen zituzten loturak.
Kontrol hau mende bukaeran berretsi zen, 1294. urtean Antso IV.ak Itziar hiribildu bihurtu, era horretan Gipuzkoako kostaldeko azken muturra bere sarean guztiz txertatuz.

handitzeko irudia sakatu

Herritarren ekimena

Hamalaugarren mendean zehar hiribildu-sortzearen ezaugarriak aldatu ziren. Orain, Erregeen ekimena baino, herrietako eskaera topatuko dugu. Jendeak hiribilduan bizitzeko aldarrikapena egiteak bizimodu horren balioa berretsiko luke. Hau da, hala Ahaide Nagusien aurrean nola ekomomia suspertzeko unean, hiribilduaren eredua arrakastatsutzat joko zen garai hartan.

Hiribildu berri hauek paratzeko aukeratu ziren kokapenak aipatutako arrakasta horren lekuko ditugu ere, asko eta asko hiribildu zaharrek sortutako komunikazio sare berrian, ibaien ibarren ondoan, finkatu baitziren. Kasu batzuetan, gainera, hiribilduen jatorrizko lekua desegokitzat jo eta lekuz aldatuko dira.

Koroaren interesak ere biztanleen nahiekin bat egin zuen. Ez soilik ekonomia hobetze aldera, Jaun Handien boterea murrizteko ere bai. Hortaz, garai honetako hiribildu ugari Deba arroan topatzeak ez gaitu harritu behar, Bizkaiko Jaurerriarekiko muga marrazteko mudu egokia zelako eta orobat, hein handi batean, baita Gebarako leinu eta Jaunaren botere-gunean eragiteko modu bat.

Denborari dagokionez, berriz ere bi epe zehaztu ahal ditugu. Lehenengoan, Azpeitiko hiribilduarekin batera (Fernando IV.aren eskutik 1310. urtean), Alfontsok XI.aren menpean sorturiko multzo zabala dugu: Orereta (1320an), Azkoitia (1324an), Gatzaga (1331n), Elgeta (1335ean), Soraluze eta Deba (1343an), Eibar eta Elgoibar (1346an) eta Zumaia (1347an).

Mende honen bigarren aldian, berriz, Usurbil (1371n) Enrike II.ak emana agertzen zaigu; gero, Juan I.arekin, Orio (1379an), Hernani (1380an), Zestoa (1383an) eta Urretxu (1383an) datoz.

Urretxurekin Erdi Aroko hiribildu-sortze prozesua bukatutzat ematen da. Honek ez du esan nahi herri gehiagok hiribildu maila lortu ez zuenik. Hurrengo mendeetan ere auzo eta herrixka ugarik egin zuen aldarrikapen bera. Batzuek berehala eskuratu zuten eskatzen zuten maila juridikoa; beste batzuek, auzi luze baten ondorioz lortu zuten; eta, oraindik ere, badira Gipuzkoan burujabetasunaren zain dauden herriak.

handitzeko irudia sakatu

amasa Web gune hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzaz eratu da.
Eragin.com-ek diseinatu eta ekoiztu du Aranzadi Zientzi Elkartearentzat.
info@ereiten.com