Hiribilduak Moduan Hiribilduen Garapena Erdi Aroan Hiri Foruak Hiribilduak Botere Gune Hiribilduak Mitologian Bibliografia
 

Hiribilduak: Gipuzkoaren
ezinbesteko osagai

Erdi Aroko Hiribilduen ezaugarri orokorrak

Ereduaren arrakasta
 
 

Erdi Aroko Hiribilduen ezarugarri orokorra

Hiri baten antzera biltzeak abantaila franko ekartzen zuen egitasmo horretan parte hartzen zutenentzat: babes militarra, lege bereziak eta propioak, partaideen arteko berdintasun politikoa, Erregeekin elkarlana,... Bizimodu hau gauzatzeko, noski, hiriei eremu zehatz bat egokitzen zitzaien. Eremu eta eskumen horretatik kanpo gelditzen zirenak, berriz, gehienetan Jaun baten menpe bizi ziren.

Bizitoki bat hiribildu bilakatzea Errege baten eta auzo baten arteko ituna zela esan dezakegu. Itun honek orduko filosofia politikoaren baitan ematen zen: Erregeak aitarena egiten zuen; hortaz, bere alabari izen berria ezarri eta babestu egiten zuen. Alabak, berriz, aitarekiko errespetuan bizitzeko autonomia hartzen zuen.

Itxura, barne-antolakuntza eta jarduera ekonomikoa hiribilduen berezitasunik nagusienak ziren. Itxura aldetik, herritarrek harresi baten barruan babesteko aukera zutelako; antolakuntzaren aldetik, bizileku bakoitzak bere lege eta arauak finkatzen zituelako; hau da, aginte propioa zuen. Ekonomiaren arloan, berriz, artisautza eta merkataritza nabarmentzen zirelako, jarduerak anitzak izaten zirelarik.

Barne-antolaketa

Bizimodu hiritarrean parte hartu ahal izateko, hiribilduarekiko berarekiko leialtasuna aldarrikatzea ezinbestekoa zen, Ahaide Nagusien menpeko taldeekiko loturak alboratuz. Izan ere, beste giza-talde hauetako oinarri sozialean senidetasun-harremanak ziren nagusi. Hiribilduetako ardatza, berriz, auzokotasuna zen.

Hirian bertan lortzen ziren eskubideak eta betebeharrak izateko aukera, hiri-batzarrean biltzen zirenek elkarri hala aitortuta. Horregatik, hiribilduetako batzarretan hiriaren izenean hartzen zen parte, ez eta leinu edo abizen baten ordezkari bezala.

Batzar hauek zabalak ziren, auzotar guztiontzat irekia, beti ere baldintza batzuk betez gero. Auzotar maila bereganatzeko norberaren ahalmena erakutsi behar zen. Esate baterako: Etxeko jabea izan, hirian errotua egon eta oinarri ekonomiko sendoa kudeatu.

Batzar zabal hauek, baina, bigarren mailan geratu ziren. Batetik, auzotasuna nortasun ikur nagusi bezala garaitu arte, Ahaide Nagusien aldekoek iskanbila franko sortzeko aukera izan zutelako. Bestetik, hiribilduen eredua eta jarduera sendotu ahala, hiri barneko poterea talde itxi baten esku gelditzen zelako.

Honen ondorioz, batzar zabalak gero eta ez ohikoak bilakatu ziren, hiriaren zuzendaritza udalbatza murriztu batek bereganatzen zuelarik. Udalbatza hauek urtean behin antolatzen ziren hauteskundeen bitartez aukeratzen ziren. Hauteslegoaren parte izateko, goian aipatu baldintzak bete behar ziren.

Udal hautetsien artean, alkatea dugu esanguratsuena. Udal komunitatearen ordezkaritza nagusia eta hiribilduko biztanle oro epaitzeko ahalmena biltzen zituen beregan.
Orokorrean, batzar zabalaren ordez zinpekoak agertu zirela esan dezakegu. Baina udalaren beharrak gorapilatu eta ardura berriak sortzen ziren heinean, udal ofizio berriak azaldu ziren. Hauen artean, erregidoreak, diputatua eta sindikoa ditugu.

Hirigintza

Hiribildu baten kokapena hautatzeak garrantzi handiko erabakia zen. Orduko biztanleek oso aukeraketa zehatzak egiten zituzten, ingurunearen gainean zeukaten ezagutza sakonean oinarrituta. Toki gehienetan babes-leku naturalak aprobetxatzen zituzten: ibaiaren bihurguneak, mendi lepoaren gerizpea... Gipuzkoako hiriek denboran zehar toki berean iraun izanak aukeraketaren arrakasta erakusten digu.

Hiriko gunea ere ez zen nolanahi antolatzen, erosotasunak eta erabilgarritasunak esanahi sinbolikoarekin bat egiten baitzuten. Adibidez, hirietako ateak ekialdearekin lerrokatzen ziren, eguzkiaren sorrerarekin, alegia. Ateek ere segurtasuna bermatzen zuten, egunez joan-etorriak zaindu ondoren, gauez giltzatzen baitziren.

Gatzaga: atea / Segura: mendebaldeko atea / Olarpe kantoia (Arrasate)

Ate hauetatik kale nagusiak sortzen ziren, eta hauek zeharkatzen, kantoiak. Arrasate olarpe
Kaleetan zehar orubeak banatzen ziren. Bertan, etxea ez ezik, baratza ere antolatzen zelarik.

Tolosako harresia, egungo Gorosabel kalearen azpian. Tolosako hilerri zaharra, Santa Maria elizaren inguruan. Hezurdurak XIII. mendearen bukaerakoak dira. (Aranzadi Zientzi Elkarteak 2000 eta 2001. urteetan burutu indusketa, Sonia San Joseren zuzendaritzapean)

Hondarribiko Laborda kaleko 12-14 orubetan agertu Erdi Aroko aztarnak: Zeramikazko ontziak, oinetako zolak eta
ur-putzua. (Aranzadi Zientzi Elkarteak 2000. urtean burutu indusketa, Larraitz Arretxearen zuzendaritzapean)


Adituek gure hiribilduek hartu zuten itxura geometrikoa hiru motatan banatu dute:
- Laukizuzenak: kanpamentu militarreko antzeko egitura: Donostia, Hondarribia, Getaria, Elgeta, Usurbil, Urretxu.
- Obal edo eliptikoak: kale nagusi zuzena eta aldamenetako biak okerrak: Arrasate, Ordizia, Hernani, Elgoibar, Zestoa, Soraluze, Leintz-Gatzaga, Deba.
- Hirukiak: kaleak mutur batean batzen dira: Segura, Azpeitia, Orereta, Zumaia, Orio, Zarautz eta Mutriku.

Arrasate / Soraluze / Getaria

Elgeta /Azpeitia

Ez forma hauek ezta tamainak ere ez digute ezer esango bertan bizi zirenen gizarte-mailari buruz. Gainera, ezin dugu esan Gipuzkoako eta Euskal Herriko hiribilduak oso handiak zirenik, baina horrek ez zuen bere balioa gutxiesten. Alde horretatik, askoz esanguratsuagoa da hiri barrualde horretako orubeak nola banatzen ziren jakiteak. Izan ere, hasiera batean etxebizitzak altxatzeko sailak oso antzekoak izango ziren, hiriguneko bateratasuna eta biztanleen arteko berdintasuna azpimarratuz.

Barne banaketa honetan, senidetasunak eta ogibideak guztiz erabakigarriak izan ziren. Bertan jorratzen ziren lanek izena eman diote kale askori. Eta sendi multzoak ere kale gune zehatz batzuetan kokatzea eta hedatzea oso ohikoa zen.

Hiribilduetako etxeak harresi batekin inguratzea eta babestea dugu bizileku hauen ezaugarri nabarmenetakoa. Harresiak, hein handi batean, hiribilduetako ikurra ziren. Hiri-Gutunetan murru hauen derrigortasuna aipatzea ere ez da oso arraroa. Hala gertatzen da, adibidez, Elgoibar, Zumaia, Orereta, Usurbil, Orio, edo Zestoan. Ezin ahaztu, noski, garaiko giro gatazkatsua.

Babes fisikoari ez ezik, harresiari bizimoduari lotutako esanahia handia zerion. Hiriaren eta landaren arteko munduak irudimenaren mailan ere ongi baino hobeto banatzen baitzituen. Murru hauen bitartez, kanpoko aldeko biztanleekiko nagusitasuna aldarrikatzen zen. Ez bakarrik baserri eta mendiko herrixketako bizilagunekiko, baita ere zerkaren ondoan altxatzen ziren arrabaletako auzokoen aurrean.

Ferrerias kalea (Arrasate)/ Hondarribiko kale nagusia / Segurako errebala

amasa Web gune hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzaz eratu da.
Eragin.com-ek diseinatu eta ekoiztu du Aranzadi Zientzi Elkartearentzat.
info@ereiten.com