Luberri

Oiartzun haranean dagoen ondare geologiko interesgarriaren dibulgazioak aurrerapausoa eman du LUBERRI (Oiartzungo Ikasgune Geologikoa) irekiz. LUBERRI azken urteotan herriko Udalaren eta Geologia Sail honetako Jose Anjel Torresen eta Klara Isabel Gutierrezen lankidetzaz ondu den kultura-ekimena da.

Interpretazio Zentroak modu didaktikoan Oiartzungo haranaren, Oarsoaldea eskualdearen eta Aiako Harria Natur Parkearen aberastasun geologikoa eta paleontologikoa ematen du ezagutzera. Gainera, Euskal Herriaren Historia Geologikoa ere kontatzen du, azken mila milioi urteetan bidaia zoragarri bat eginez.

Gai-aretoak

Euskal Herriaren historia geologikoa

Euskal geografiaren fosil adierazgarrienak eta azken 600 milioi urteetan bizi izandako animalia eta landareei buruzko informazio osatua erakusten da. Bere geruzek gordetzen dituzten arrokak, mineralak eta fosilak ezagutu daitezke, sorburuetan, bizitzaren eboluzioan eta bizi garen ingurune fisikoaren formazio-prozesuetan sakonduz.

Oiartzungo haranaren, Aiako Harria Natur Parkearen eta Oarsoaldea eskualdearen geologia

Informazio-panelen bidez, hainbat gertakariri erreparatzen zaie, adibidez, Aiako Harrien batolitoaren eraketari (batolito hori Euskal Herrian den granito-egitura bakarra da), eta Gipuzkoako populazio zaharrenak eta eskualde honetako aro geologiko bakoitzeko fosil adierazgarrienak ezagutzeko parada izango dugu.
Gainera, ibilbidean zehar, Aiako Harrien ingurumarian dauden eta azken bi mila urteetan ustiatu diren zain metaliferoen eraketa beha dezakegu, baita askotariko arrokak zein mineralak deskubritu eta inguratzen gaituzten mendiak itsasoen sakonetatik harrotu zituzten lur-geruzaren mugimenduak ulertu ere.
Museoak 33 beira-arasa ditu eta, bertan, Euskal Herriko hainbat tokitako, haraneko eta beste jatorri batzuetako arrokak, mineralak eta fosilak erakusten dira. Gainera, eskualdean eta euskal geografia multzoan berreskuratutako bilduma eta material geologikoak biltzen ditu.
Zentroak material geologikoen garbiketa- eta berreskuratze-lana egiten jarraitzeko eta esperimentu eta tailer txikiak egiteko modua ematen duen laborategi bat dauka. Baditu ere liburutegi bat eta terminal informatikoak. Horietan, zentroaren gaiari buruzko kontsultak eta praktika elkarreragileak egin daitezke.
Museoak liburutegi zabala du eta Lurraren zientzietan interesatutako talde eta pertsona guztiei askotariko euskarri pedagogikoak eskaintzen dizkie (fitxa didaktikoak, azterlanak, argitalpenak, ikus-entzunezkoak etab.).

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net